Pastor
DARWIN ETA GU

Grace Kelly-ren txorakeriak

2021eko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Bilboko Areatzako zubiaren ondoko erlojuak 12:15ak agertzen ditu. Ume txikiak bata bestearen atzean doaz, aurrean eta atzean irakasle bana lagun. Horietako batek euskaraz egin diela iruditu zaizu. Haurren azal eta aurpegiak kolore eta ñabardura askotarikoak dira. Haien janzkerak, berriz, ezaugarri bakarra du: xumetasun soila. Xumetasun soil eta duina. Ez duzu markako arroparik ikusiko. Ohartu barik sailkatu dituzu, aurreiritziak bultzatuta: eskola publikoko umeak. Horietako asko Espainiaz kanpoko etorkinen seme-alabak. Pobreak.

Eskola publikoa. Larunbatean haren aldeko manifestazioa egin zuten Bilbon. Egungo sistema «dual, klasista, arrazista eta segregatzailea» dela salatu zuen Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak. Ez dabil oker. Eskola publikoa ghetto bihurtzen ari da. Hezkuntza sistemako ahate itsusia da. Eta hori izaten segituko du, itxura batean, benetako aldaketarik ez badago.

Zerbitzu publikoen aldeko borrokan eskola publikoaren aldarrikapen zuzenik ez dagoela idatzi zuen iazko udan Iban Zalduak hedabide honetan. Zaldua eskertua agertu zen ikastolan egindako bideaz, baina bere esperientziaren alde ez hain argia ere azaldu zuen: «Batxilergoa publikoan egin nuen, eta badakit, orobat, zein den horren balioa, batez ere berdintasunean aurrera egiteko bidean: institutura joan nintzenean izan nituen, aurrenekoz, harremanak nire klase sozial berekoak ez ziren ikaskideekin, adibidez».

Berdintasuna. Demodé, pentsatuko dute herritar askok. Ez etorri orain arazo sozialen koplarekin, nahikoa dugu-eta auzi nazionalarekin eta klima krisiarekin, besteak beste. Berdintasuna, justizia soziala... antigoaleko balioak dira horiek. Hobe justizia klimatiko hutsari heltzea. Guztiz ados, ezinbestekoa dugu borroka hori, etorkizuna arriskuan dugu, baina... Bapore berean goaz denok; alta, batzuk luxuzko suiteetan eta beste batzuk beheko aldean, basapiztia moduan pilatuta, argia ikusi gabe. Eta iraganeko pentsaera gure klasismoa izango balitz? Hobe genuke Ipar Europako sistemari gehiago begiratuko bagenio, hezkuntza sistema publiko sendoa izan eta gure ume gehienak sare horretara joateko, han gertatzen den moduan.

Oso progreak gara denok, baina zenbat gurasok bidaltzen dituzte umeak eskola publikora? Hori ez egiteko, hamaika motibo —aitzakia?— dituzte. Adibidez: eskola publikoan umeek ez omen dute euskaraz egiten. Eskola non den. Izan ere, Bilbon zenbat itunpeko ikastetxe eta ikastolatako patioetan egiten dute umeek euskaraz? Ez da izango gure kezken iturria eskola publikoko patioan itsasoz beste aldeko espainiera edo arabiera entzutea eta ez Bilboko erdara? Euskal Herri independente eta erabat euskaldun hipotetiko batean bikaintasuna zeharo bermaturik izango lukeen hezkuntza sistema publikoa izango bagenu, publikoak ez diren ikastetxeetara bidaltzen segituko genuke geure umeen erdiak, orain bezalaxe? Ondo ezkonduko lirateke Lidl txandala eta Gucci prakak? Zertarako nahi dugu Euskal Herri independentea kebab saltzailearen umeak eta ingeniariaren seme-alabak ezin badira eskolako patioan elkarrekin jolastu? Non geratzen da beste arlo batzuetan hain ozenki aldarrikatzen dugun inklusioa?

To Catch a Thief filmeko eszena batean (Alfred Hitchcock, 1955) hizketan ari dira ama-alabak ezagutu berri duten gizonari buruz (Cary Grant). Ama zorrotz mintzatu zaio alabari (Grace Kelly) haren portaera kritikatzeko: «Ipurdiko batzuk ematea merezi duzu eta berriro eskolara bidaltzea, baina doako eskola batera, non benetako zentzua zer den ikasten den». Eskola doakoa eskola publikoaren modukoa izango litzateke hor. Grace Kellyren txorakeriak gaitzetsi ditu amak. Ez da eskola publiko batera joan; ez daki sen ona zer den.

Azaroko asteazken eguzkitsuan Bilbon zebiltzan eskola publikoko umeek aukera izango dute zentzua ikasteko? Modua izango dute auzo aberatsenetako umeek bezala ikasteko, aurrera egiteko bizitzan, oztopoak oztopo eta aurreiritziak aurreiritzi?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.