57. Durangoko Azoka. Saltzaileak

Nerea Mujika: «Bi urte beldurgarriren ondoren, ospakizun garaia iritsi da»

Gerediaga elkarteko kideek eta ordezkari politikoek «poza» adierazi dute irekiera ekitaldian, Durangoko Azokak ohiko itxura berreskuratzeagatik

Atzoko irekiera ekitaldiko irudietako bat. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Inigo Astiz
Durango
2022ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Poza, Nerea Mujika Gerediaga elkarteko lehendakariaren ahotan. Poza, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren ahotan. Poza, Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura diputatuaren ahotan. Eta poza, Inma Garrastatxu Durangoko alkatearen ahotan. Hitz horixe errepikatu zuten atzo Durangoko 57. Azokari irekiera emateko San Agustin kulturgunean egindako ekitaldi ofizialean parte hartu zuten hizlari guztiek, eta hitz horrek bil dezake, bi urteko gorabeheren ostean, antolatzaileek atzo izandako sentsazioa.

«Aurten, zorionez, ospatzeko garaia iritsi da», onartu zuen Mujikak: «Bi urte beldurgarriren ondoren, aurtengoan Durangoko Azokaren eztanda biziko dugulako». Durangoko Azoka sortzen lagundu zuten Leopoldo Zugaza eta Jesus Astigarraga ere izan zituen akorduan. Biak izan baitziren lehen azokaren sortzaile taldeko kide, eta biak zendu baitira azken asteetan. «Zuei esker gaude hemen».

«Euskal Herriko azoka da hau, euskara bizi dugun lurralde guztietakoa». Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak euskalduntasunarekin lotu zuen Durangoko Azoka, bai eta Euskararen Eguna, Euskaraldia eta Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa ere. Zupiria: «Gure euskalduntasunaren ikurrak dira, eta herritarron atxikimendua behar dute, eta beharko dute».

Hauspogune bat

Bizkaiko Aldundiko Kultura diputatuak «hauspogune» izendatu zuen Durangoko Azoka, eta «berreskuratze bidean» deskribatu zuen kulturgintza. Bilbao: «Euskarak eta euskal kulturak ere nozitu dituzte izan dugun osasun krisiaren ondorioak. Denak txarrak, gainera». 57 urtean azokak egindako ibilbidea ere hartu zuen gogoan. «Kokagunea ez ezik, sakon-sakoneko aldaketa ere gertatu da. Hazi egin da euskarazko sorkuntza, eta hazi egin da azoka. Oxala kontsumoaren hazkundean ere etengabe egingo bagenu gora».

Kulturzale guztiei Durangora joateko deia egin zien Durangoko alkateak. Garrastatxu: «Urte zail batzuen ostean, zorionekoak gara Durangoko Azokak bere gaitasun guztiekin garatzeko aukera izango duelako berriz».

Barrexerka taldeak hainbat esketx tartekatu zituen hitzaldien artean. Familia ezin aberatsago bati Irulegiko Eskua ebasten zion lapur talde batenak tartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.