Joanikoten garaipena

Altzai-Lakarriko herritarrek emandako pastoralera 3.500 ikusle etorri dira; agorrilaren 6an egingo dute Joana Etxartek idatzitako tragediaren bigarren agerraldia.

XVI. mendekoen aireko jantziak darabiltzate Joanikot pastoralean. BOB EDME.
Altzai
2017ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Pastoral baten hasierako zatia den entradaren martxa soro baten behera egin zuten Joanikot tragediako aktoreek. Sarrera nahiko berezia izan zen, pastoral garaikideetan behintzat ez baitzen orain arte behin ere horrelakorik gertatu. Oholtzaren inguruan bilduta zeuden 3.500 ikusle zain zituzten, entradako martxaren doinua esku zartaka markatzen zutela. Musika hori txaloekin neurtzea ere azken garaiotako joera bat da... ontsalaz tragedia baten antzezteari egokitua ez dena.

Hiru ordu irauten duen ikuskizuna normaltasun osoz igaro zen, ezbehar aipagarririk gabe. Une bakar batean arizaleek soinean dauzkaten mikroen matxuratze labur bat egon bazen ere, Joanikot kapitainaren pertsonaia antzezten duen Erik Alzazebe zen orduan oholtza gainean, eta mikrorik gabe ere ez zen izan arazorik haren ahotsa entzuteko. Egia da ikusleen erabateko isiltasuna lagungarri izan zela horretan. Hain zuzen, milaka ikus-entzuleren isiltasun osorik ez da gertatzen opera ikuskizunetan... edo pastoralen kasuan baizik!

Ahoskera egokia

Altzai eta Lakarriko haranean —ibar esküina deitzen zaio Zuberoan—oraindik ere euskara egunero mintzatzen dela etxeetan nahikoa nabari geratu da, bertsetak ematen zituzten aktoreen ahoskatze egokiagatik. Bertset emaileek ozen deklamatzen zituztela azpimarratzekoa da, baita kiristien aldekoetan ere. Hori ere euskaraz dakitenen eta egunero praktikatzen dutenen seinaletzat hartu daiteke. Tragedia baten arauek hala behartzen dutenez, ozen deklamatu behar duten turko lerroetan horrela aritu zirela baieztatzerik ere ez da beharra, eta entzungarrien zein ikusgarrienetik bata Nikolas Urruti izan zen, Naxerako dukearena egiten zuena.

Ikusliar askok bereziki preziatzen duten artzainen agerraldiari dagokionez, berriz, nabaritzekoa da orduan ematen den kantua —errepika behintzat— tonu altuetan eman zutela eta hori ikusliarren gustukoa izan zela. Artzainen kantuan, «botzen libratzea» guztiz arauzkoa da, baina azken urteotako pastoralen kasuan lege horretatik saihesteak ziren nagusitu. Altzaik eta Lakarrik behintzat araua berriro indarrean jarri dute, eta poztekoa da. Poztekoa, halaber, pastorala eman duen herriari zuzendutakoa den azken abestia idazle gazte batek ondutakoa izana —Johañe Sarraillet lakarrarrak—, hitz oso polit eta itxaropenez betetakoekin, Jean-Louis Aranburu Bidabe-k asmatu doinu gozagarriaz beztituta zegoela.

Joanikot tragediaren lehen agerraldi horretan zerbait damugarri egotekoa balitz, ikusleriaren mantsotasuna litzateke. Izan ere, turkoen agerraldi eta ahoberokeria basatiei oso ihardukitze gutxi egin zitzaizkien. Antzinako pastoral batzuetan, aitzitik, sekulako zalapartak egon izana gogoratzen dute jende batzuek... Publikoaren nagikeria hori ez zen behintzat eguraldiaren erruarena izango, zeren eta aro hodeitsuak ez baitzuen sargoririk eragin.

Enkanteetan, ustekabea

Jendea, haatik, apur bat piztu zen antxera edo enkanteen unean. Pastoral baten agerraldi amaieran egiten den lehiaketa honetan parte hartzen dute Zuberoako hainbat herrik, oholtza gainean moñeiñak eta aitzina pika dantzak emateko ohorea erostearren. Azken garaiotako sasilege batek nahi zuen enkante horien irabaztera uztea hurrengo urtean pastorala antolatuko duen herria... erosketaren norgehiagokan aski gora eramanda, haatik! Alabaina, aldi honetan ez da horrelakorik gertatu, Gamere-Zihiga herriak baititu enkanteak irabazi, 2.000 euro eskainita. Hala, datorren urtean pastoralaren egile izango den Maule-Lextarreri kendu dio enkanteetan garaile irteteko aukera.

Igandean egingo dute Joana Etxart gazteak Arberoako Joan edo Joanikot kapitaina ardatz hartuta idatzi duen pastoralaren bigarren emanaldia, Lakarrin. Nafarroaren konkistan aritu zen Joanikot 1512an, Gaztelaren mesederako, eta 1521ean Nafarroaren independentzia berreskuratzeko ahaleginean aritu zen. Ez zuen helburua lortu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.