Koronabirusa

Bikoteak aukeratzen baitu nola dantzatu

Erakunde publikoek hartutako neurriak direla eta, hainbat ezkontza atzeratu dituzte Euskal Herrian. Antzuolako bikote batek, ordea, zeremoniari eutsi dio. Haiek izan dira elkar besarkatu duten bakarrak.

Ezkonberriak, atzo, Antzuolan, ezkondu ondoren. JON URBE / FOKU.
Igor Susaeta.
Antzuola
2020ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Koronabirusaren krisia dela eta, Euskal Herrian hainbat ezkontza atzeratu dituzte, zibil nahiz erlijioso. Iraia eta Asier, ordea, ezkondu egin dira —ez dituzte abizenak ezagutarazi nahi—. Hori bai, Espainiako Gobernuak hartutako neurriek haien ezkontza zibila baldintzatu dute, neurri batean behintzat. Ezkontideetako baten gertu-gertuko senideak, adibidez, ezin izan ziren joan Antzuolako udaletxean atzo egindako zeremonia espero baino are intimoagora. Absentzia konpentsatzeko, lore sorta bat bidali zieten, eskaintza bat erantsita: «Bizitzaren musika ezin dugu beti aukeratu, baina nola dantzatu gure esku dago».

Asier eta Iraia ez ziren joan, duela aste batzuk espero bezala, jatetxe batera bazkaltzera, eta aurrenekoak etxean «disfrutatuko» ditu ezkontzeagatik dagozkion hamabost opor egunak, Grezian igaro beharrean. Baina, Iraiaren arabera, «uste baino bereziagoa» izan zen eguna. «Hunkituta nabil goizetik. Jende asko gogoratu da. Sakelakora deitu digute, loreak bidali dizkigute...». Alaia 3 urteko alabaren konpainian, legatza ziren bazkaltzekoak, eta azpizuna afaltzekoak. Etxean, zerbitzaririk gabe. «Xanpaina ere edango dugu». Senideek bidalitako mezuak zioenez,haien esku zegoen nola dantzatu, eta, beste askotan elkarrekin egin bezala, Behin batean Loiolan-en doinuekin ziren dantzatzekoak.

Ia ezinbestean lotuan dantzatzen den balsa da. Atzo, ordea, Antzuolako kaleetan Iraia eta Asier izan ziren elkarri helduta ibili ziren bakarrak, eta haiengandik metro erdi pasatxora, baina goitik behera begiratuta, Alaia txikia. Zeremoniara bildutako bakanek ez zuten elkar ukitu ere egin. Ez besarkadarik, ez musurik. Gehienez, metro eta erdira, edo gehiagora, egindako keinuak, irribarreak.

12:30ean zen ezkontza, eta udaletxeko arkupeetan inor ez zegoen 12:15ean. Horrek erakusten du, bai, ezohikoa izan zela ezkontza. Udalbatzen aretoan, zeremoniarako aukeratutako lekuan, zegoen ezkondu zituen zinegotzia, eskularruak jantzita. «Gitarra ekarri eta kantu bat eskaini nahi nien, baina, azkenean, koronabirusaren gauza hau dela eta, ez dut joko». Ez da alferrik Klak!son taldeko abeslaria. Orain gutxi arte herritarrentzat arrotzak ziren desinfektatzaile poto bat zuen mahaian. «Badakizu, boligrafo bakarrarekin sinatuko ditugu paperak, eta eskutik eskura pasatzerakoan desinfektatzeko erabiliko dugu», azaldu zuen, umorez.

Zerbait sumatu zen kalean. Jaitsi, eta han zetozen ezkontideak, arrosa zuri bana eskuetan, herriko plaza osoa, parez pare, haientzako zutela. Lauzpabost pertsona botikako zein okindegiko ilaran. «Gora ezkonberriak!», oihu egin zuen haietako batek. Txaloren bat balkoietatik, eta Iraia eta Asierren irribarreak. Halako poz bat nabari zen giroan. Nerea senarraren lehengusinak maskara batzuk ekarri zituen botikatik. Alaiak eman zizkien gurasoei. Bete-betean jo zuten, bai, outfit-arekin.

Ondorio batera heldu ziren

Iritsi zen emaztearen ama, aparkatu zuen autoa anaiak —«hori da gure karroza!», Iraiaren zirtoa—. Barrura, hortaz, ezkontzera. Eta behin edukiera mugatuarekin egindako ezkontza bukatuta, hausnarketak. Asierren esanetan, pentsatu zuten koronabirusagatik ezkontza atzeratzea. «Mila buelta eman genizkion, baina azkenean puntu berera iristen ginen». Iraiaren iritziz, ondorio batera heldu ziren: «Ez genuela beste ezer behar: gu, haurra eta lekukoak egonda posible zela sinatzea». Pentsatzen du, gainera, itxialdian egonda «berezia» dela. Ez da hain ohikoa, ordea, ezkontzen zaren egunean lan egitea, eta Iraiak 14:30ean heldu behar zien, etxetik, sortu eta zuzentzen duen hezkuntza akademiako zereginei. «Nik oporrak disfrutatuko ditut», Asierrek albotik.

Etxera bidean, hain zuzen, auzokoek ongietorria egin zieten musikarekin. Dantzan hastea besterik ez zen falta, orduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.