SOSLAIA. Josep Borrell

Su piztailea suak itzaltzeko

Kataluniako independentzia prozesuari aurre egitea izan du helburu nagusia, bai Espainiako atzerri ministro izendatu aurretik, bai ondoren

jakes goikoetxea
2019ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Europako Batasunak (EB) diplomazia gutxiko politikari bat aukeratu diplomazia buru izateko: Josep Borrell (Puebla de Segur, Herrialde Katalanak, 1947) sozialista katalana. Azken urteetako ibilbidea aztertuz gero, diplomazia gutxi ageri baita haren hitzetan eta ekintzetan, eta bai, ordea, Kataluniaren independentziaren aldekoen kontrako beligerantzia eta arbuioa, gutxieneko begirunerik eta enpatiarik gabea. Oso gutxi zaindu izan ditu, bai adierazpenak, bai adierazpenak egiteko modua. Nabarmen geratzen den politikarietakoa da. EBko Kanpo Politikarako eta Segurtasun Komunerako goi ordezkaria izango du kargu zehatza. Ondo ezagutzen ditu Europako erakundeak, Europako Parlamentuko presidente izan baitzen, 2004tik 2007ra.

Goi karguak izan zituen Felipe Gonzalezen gobernuetan, ministro izan zen eta PSOEko primarioak ere irabazi zituen, urtebetera kargua utzi bazuen ere, konfiantzako kargu baten ustelkeria kasuagatik. Ez zegoen Espainiako politikako lehen lerroan, iaz Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak berreskuratu zuen arte, Atzerri ministro izateko. Hain justu, Borrell Kataluniako independentziaren kontrako prozesuan nabarmentzen ari zenean. Ultraeskuindarrekin bat egin zuen Societat Civil Catalanan, eta haien ekitaldietako ahots nagusietakoa izan zen. Las cuentas y los cuentos de la independencia (Independentziaren kontuak eta ipuinak) liburua ere argitaratu zuen.

Katalunia «desinfektatu» egin behar zela esan zuen PSCren 2017ko mitin batean. Oriol Junquerasez trufatu zen mitin berean, Junqueras espetxean zela, «mossen» (apaiz) deituz eta bere herriko apaizarekin parekatuz, «arkitektura fisiko eta mental berdina baitute».

Sanchezek mezu zuzena helarazi zien Kataluniaren independentziaren aldekoei Borrellen izendapenarekin, eta Borrellek gidoia bete du. Paradoxa bada ere, Atzerri ministro gisa arduratu da Kataluniaz. Independentziaren aldeko nazioarteko mezuak indargabetzea izan du lan nagusia.

Ministro izan aurreko mezuei eta tonuari eutsi die ministro lanetan. Suak pizten jarraitu du: kargu hartu die Kataluniaren alde agertu diren gobernuei, AEBetako historia gutxietsi zuen, «lau indiar baino ez zituzten hil» esanez; «etsai zaharra» deitu zion Errusiari; elkarrizketa bat eten zuen modu zabarrean...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.