KRITIKA. Zinema

Erresistentziako animazioa

Black is Beltza: Ainhoa filmeko irudi bat. BERRIA.
Andoni Imaz.
2022ko urriaren 22a
00:00
Entzun

'Black Is Beltza II: Ainhoa'



Zuzendaria: Fermin Muguruza. Herrialdeak: Euskal Herria, Argentina. Iraupena: 86 minutu.

Fermin Muguruzak ihesaldi batekin abiatu zuen Black Is Beltza filma (2018), eta halaxe heldu dio Black Is Beltza II: Ainhoa sekuelari ere. Oraingoan ez dira autoak elkarri segika, ihesaldia sinbolikoagoa da, omenaldien eta keinuen bilduma luzeko lehenengo kolpea, Martuteneko kartzelan girotua. Eta, moduren batean, ihesaldi horretan bezalaxe, musika ihesbide bat izango da filmarentzat berarentzat, hark lagunduko baitio denbora guztian alde batetik bestera mugitzen, lehenengo pelikulan zabaldutako mapan marra gehiago irudikatzen, eta, beste ezeren gainetik, mundua biltzen duten lotura guztiak erakusten, amodioarenak zein gorrotoarenak.

«Munduko xake taula perbertsoan», Euskal Herriak lehen ez bezalako garrantzia du orain, Kubaren, Afganistanen, Libanoren eta Kurdistanen pare dagoelako Iruñea, injustizien sare erraldoi horretan katigatuta, eta Donostia ere bai, heroinaren helmuga politiko gisa.

Muguruzak memoria ariketa pertsonal bat egin du, baina ez gozo bueltatzeko lehengo garaietara —nahiz eta polita den Iñigo Muguruza anaiari egindako omenaldia—, baizik eta salatzeko gaurko munduaren alde ustelak lotzen dituzten sokak ordukoak bezain beltzak direla. Horren ordaina izango da, seguruenik, kontakizunaren gerra horretan pertsonaien hitzezko azalpenek hainbesteko garrantzia hartu izana istorioan, harreman batzuk tresna sinple bihurtzeraino, zerbait aditzera emateko bide azalekoak.

Hala ere, tarteka asmatzen du trazu gutxirekin pertsonaia indartsuak marrazten —Beiruteko amaordea, adibidez—, baita irudiak ere —odola opio belarraren gainean—. Gainera, animazioak mugimendu errealisten mugetatik askatzen denean lortzen ditu unerik ederrenak, ametsen mundu lisergikoan.

Black Is Beltza II: Ainhoa ludikoa eta basatia da, eta gertuko istorioa bezain inportantea da mendekuzko thrillerra, borroka eszena gogoangarriren bat ere baduena. Alferrik da esatea egitura aurreko pelikularena baino linealagoa dela, kurbak ordukoak bezain bihurriak direlako. Eta, bidaiak zorabiatuz gero, filmak bolumena igotzen du eta lepotik heltzen dizu, beste proiektu ezinezko bat egitea lortu duenaren espiritu nekaezinaz, eta porrotak erregai bihurtzeko gai denaren garaile keinu lagunkoiaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.