KRITIKA. Gasteizko 42. Jazzaldia

Jazz gutxiegi

2018ko uztailaren 21a
00:00
Entzun

Carla Brunieta Mingus Big Band

Lekua: Mendizorrotza kiroldegia. Eguna: Uztailak 19.

Charlie Mingus baxu jotzaile eta sortzaileospetsu eta miretsiaren alargunak, Sue Grahamek, duela hogei urte hiru talde sortu zituen bere senar zenaren oroitzapena gordetzeko: Mingus Dinasty, Mingus Orchestra eta Mingus Big Band. Azken horrek bisita egin zigun Gasteizko Jazzaldiaren hirugarren saioan, pseudo-jazza abestu eta italiar-frantziar erroak dituen (baina ingelesez berba egiten duen) abeslari baten emanaldiaren ondoren. Ezin dut irudikatu zer pentsatuko zukeen Mingus maisuak bere jarraitzaileei suertatu zitzaien aukera horren inguruan.

Carla Brunik Le chemin abestiarekin hasi zuen Gasteizko emanaldia, eta Crazy-rekin jarraitu; maitasunez burua galtzen dutenentzat da abesti hau, Willy Nelsonek idatzia. Ezin hobea Bruniren ahots eskasarentzat. Hori eta hurrengo abestia azken albumekoak dira. Gasteizera oso ondo moldatzen da azken abesti hau, Jimmy Jazz baita titulua, eta The Clash taldearena da. Bruniren errepertorioa oso konposizio motz baina iradokitzailez osatua dago. Abeslari xarmagarriak Henry Manciniren Moon River ospetsuarekin jarraitu zuen, Audrey Hepburnen omenez, orain gitarra akustikoaz, baxuaz eta akordeoiaz lagunduta, bateriarik gabe. Emanaldian, berak idatzitako lehenengo konposizioa J'arrive a toi izan zen, noizbait maite izan zuen gizon batentzat sortu zuena. Agertokiaren ertzean eserita eta kandelen artean, giro erromatikoa sortu zen Mendizorrotzako kiroldegian.

Xuxurlatzen, Brunik hurrengo abestia deskribatu zuen. Izenburua, Enjoy The Silence. Isiltasuna da abestiaren gai nagusia. Zazpi urte zituen Brunik Frantziara ailegatu zenean. Han, doinu herrikoi askok bere arreta deitu zuten, eta horietako baten bertsioa italieraz egitea erabaki zuen. Flamenko ñabardurak dituen abesti batekin jarraitu zuen; Ta tienne emanaldiaren pieza bizienetarikoa izan zen. Musikariak bakarrik utzi zituen abeslariak, eta backstage-ra bueltatu zen, baina hurrengo abestiaren lehenengo akordeekin bueltatu zen beste itxura batekin. Baliatu zuen musikariak aurkezteko, abestiaren doinua txistuekin jarraitzen zuen bitartean. Hurrengo abestia, Love Letter, 40ko hamarkadatik dator, gutunak paperean idazten zirenetik. Azkenean azaldu zuen itxura berriaren arrazoia; Abbaren The Winner Takes It All abestu baitzuen bertsio akustikoan. Jarraitzeko, Quelque'un m'a dit jo zuen gitarrarekin, ikusleen txalo artean.

Abba ez bazen arraroegi, AC/DCren Highway To Hell -en jazz bertsioarekin osatu zuen pop-rock emanaldia. Ez da hor bukatzen koktela, Rolling Stones taldearen abesti batekin jarraitu baitzuen, baina aldi horretan, runba-flamenko estiloan! Agertokia utzi, baina jendetzak beste bat eskatu eta taldea bueltatu zen Un Garçon Triste pianoak lagunduta abesteko, maite duen gizonarentzat idatzia.

Arratsaldean, zorionez, jazz ederra dastatzeko aukera izan genuen jazzaldiaren antolaketatik kanpo Dazz tabernak antolatutako III. Jazz Dazz emanaldiaren barruan Jon Robles saxo-tenorrak eta Iñigo Ruiz de Gordejuela piano jotzaileak emandako kontzertuan. Gasteizko Jazzaldian hainbat talde aritu dira horretan: Albert Marquesen hirukotea, Raul Romoren taldea, RS Faktor... Eta gaur bertan azken aukera izango duzue Juan Sebastian piano jotzaile gasteiztarra ikusteko. Ez galdu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.