Diego Pallés Lapuente.
EGUZKI EPELEAN

Herriak nahi du (diotenez)

2021eko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Pasquino gaixoak lurpean milurteko eta erdi eman zuen Erromako zerua berriz ikusi zuen arte. 1501. urtean, obra publiko batzuen erdian, plaza batean topatu zuten estatua zahar hura. Aro helenistikoko hainbat eskulturatan bezala, Pasquinoren gorputz-adar guztiak desagertuak ziren, eta begitartea urratua zuen. Jendeak balio artistiko eskasa ikusi omen zuen artelan mailatu horretan, baina garai hartako kardinal batek hain gustuko zuenez, bere jauregi parean ezartzeko agindu zuen, gaur egun duen kokaleku berberean.

Oinezkoek kardinalaren burutazioa xelebrekeria eder gisa jo zuten, eta Pasquino izena jarri zioten plazako gehigarri berriari. Handik gutxira, egunerokotasunari buruzko idazkiak agertzen hasi ziren estatuaren inguruan esekita edo itsatsita. Guztiek Pasquinoren sinadura zeramaten. Hasieran, kardinalaren oniritzia zeukaten, baina laster goi-klaseen bizioen isekak eta salaketak nagusitu ziren. Pasquino kontrolpetik kanpo zegoen.

Banan-banan, aita santuak, sutan, beren nagusitasuna iraintzen zuen asmakeria hori txikitzen eta paskinen idazle ezagunak garbitzen ahalegindu ziren. Perimetroa gau eta egun zaintzeko agindu zutenean, berehala beste estatua batzuek lortu zuten hitz egiteko gaitasuna. Baina alferrik. Gaur egun arte, inork ezin izan du Erromako estatuarik lotsagabeena isilarazi eta erromatarrak bereziki harro daude herri xumearen ahotsak irabazi zuen plataformak.

Baina, hala izan da beti? Hiriko oroimen kolektiboak asko erromantizatu duen arren, goi-hierarkiek sarri erabili zituzten —batez ere XVI. mendean zehar— eskulturak eskaintzen zizkien anonimotasuna eta kapital sinbolikoa boteretsuen arteko lehietan. Elizgizon eta dirudun errespetagarriak estatuaren aitzakiaz baliatu ziren etsaiei irainik lizunenak eta heriotza-mehatxuak argitara emateko, gizartea manipulatzeko asmoz herriaren hitza zirelakoan.

Egun, ingelesez astroturfing esaten zaio botere politiko edo ekonomikoaren iritzia mugimendu herrikoien itxuraz janzteari. Astroturfingaren industriak sare sozialetako profil faltsuak ekoizten ditu, egunkarietako gutunak eta blogak idatzi, kanpaina publikoak antolatu, eta, poeta satirikoen ordez, soldatapeko boluntarioak kontratatzen ditu. Metodo berriak, baina asmoa Pasquinoren garaikoa da: botereari aurre egitea ez, gutxiengo bati boterea lortzen laguntzea baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.