Rafa Rueda. Musikaria

«Nire ahotsarekiko berradiskidetzea inoizko unerik politenean dago»

Bakarkako bidea hasi zuenetik, bide berriak arakatzen segitu du, eta hala heldu da gitarrak, elektronika eta ahots hutsezko 'Rueda' diskoa osatzera. Poemak musikatuz ondu ditu kantu gehienak, eta gaur emango ditu estreinakoz zuzenean, Lezon.
MONIKA DEL VALLE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Itziar Ugarte Irizar -

2021eko urtarrilak 14

Bere kantaera topatu izana aitortu zuen Rafa Ruedak (Mungia, Bizkaia, 1972) aurreko diskoarekin, eta ez alferrik. Sei urteko geldialdiaren ostean eman zuen hura, Hiri kristalezkoa, eta tarte txikiagoarekin heldu da hurrengoa ontzera: Rueda (Zart, 2020). Disko «biluzi» baten bila, gitarrak, elektronika eta ahotsa baliatu ditu zortzi kantuak osatzeko; estreinakoz, beste musikaririk gabe, eta Jon Agirrezabalagarekin aurreko diskoan hasitako elkarlanean sakonduta. Bilboko El Tigre estudioetan grabatu eta azaroan kaleratu zuen diskoa, pandemia medio, aurkezpenik gabeko aurkezpenarekin utziz entzuleen eskuetan aurreko hiletako lana.

Nolakoa izan da ziurgabetasun giro betean lanean jardun eta lan berria plazaratzea?

Emaitzan ere izan du eragina pandemiak. Proiektua nahiko egituratuta zegoen, baina grabaketa eta produkzio fasean harrapatu gintuen. Etxetik aritu gara asko, Jon Agirrezabalaga ekoizlea eta biok ordenagailu bidez ideiak elkartrukatzen. Gero, lana aurkezteko ere komeriak izan genituen, eta inpresioa dut musika kontsumitu eta zabaltzeko moduen aldaketa are gehiago areagotu duela pandemiak. Baina jarraitu behar genuen, ausardiaz edo. Jarrera kontu bat ere bada; esatea honekin ere bizitzak jarraitzen duela.

Rueda izendatu duzu lana, abizenarekin, eta «mugarritzat» definitu. Zerk egin du hala izatea?

Orain arte erabili ez dudan formula bat erabili izanak. Oso elementu gutxirekin egindako diskoa da. Ez dut beste musikaririk erabili; Jon elektronikaren arduradun eta ni. Alde horretatik, agian pertsonalagoa izan daiteke, prozesuan behintzat. Bestalde, beti izen-abizenekin agertze horri ere buelta bat eman nahi nion. Hainbatetan kontatu izan dut: umetan, pilotan aritzen ginenean, guztiak euren abizenekin agertzen ziren kartelean, eta ni, berriz, Rafa bezala. Agian ez zelako abizen euskaldun bat, auskalo, baina beti izan dut arantza hori gordeta. Momentu polita zen hau abizenarekin soilik agertzeko.

Inoizko zureena delako, akaso?

Agian, nire egiteko modua nabarmenago gelditu da beste batzuetan baino. Aurreko diskoak kontzeptu edo sonoritate baten inguruan eraiki izan ditut. Disko hau, aldiz, ez nuen lotu nahi aurrez pentsatutako ideia batekin. Baina gero konturatzen zara, diskoa bukatzean, nahiz eta kantu bakoitzari askatasuna eman, badagoela kantu guztiak biltzen dituen atmosfera bat. Orain ikusten dut kontzeptuala ez izateko kantuen arteko lotura nahikotxo dagoela.

Giro onirikoak eta melodia bareak dira nagusi. Hasieran, ez zenuen garbi hori aterako zenik, baina bai zutabeak, gitarrak, ahotsa eta elektronika izatea?

Bai, hori bai. Hori izan zen hasi aurreko premisa bakarra: disko biluzia izan behar zela, eta ahotsak protagonismo handia izan behar zuela. Ez nuen nahi, ezta ere, ohiko kantautore baten disko bat egin nahi gitarra eta ahotsarekin. Estetikoki ere beste jauzi bat nahi nuen, eta horretarako baliatu dut elektronika, beste giro bat sortzeko, ahotsak eta gitarrak sor dezaketenetik aparte.

Ahotsean egindako aldaketa nabarmendu zenuen azken lanean. Hemen beste jauzi bat dago: autotunea eta abesbatza bat.

Bai, aspalditik bereziki lantzen ari naizen instrumentua da ahotsa; momentu honetan, agian, gehien interesatzen zaidana. Uste dut aukera handiak ematen dituela, orain arte horrenbeste landu ez ditudanak. Jauzi handia egon zen PILT-en garaietatik bakarka hasi nintzen garaietara. Lanetik lanera joan naiz nire ahotsarekin berradiskidetzen eta gaur da eguna adiskidetze hori inoizko unerik politenean dagoena.

Eta nolatan Euskara abesbatzarekin lan egitea? Diskoko kantu dezentetan hartu dute parte.

Egia esan, Jonen proposamena izan zen. Banuen asmoa antzeko zerbait egiteko, baina agian ez horren pisu handia duen abesbatza batekin. Baditu bere arriskuak: instrumentu oso potentea da, eta erabat baldintzatu lezake emaitza. Oso ondo asmatu behar zen konponketekin, baina uste dut oreka bat lortu dugula, zeinetan agertzen diren baina ez duten horrenbeste baldintzatzen, eta ez duten eramaten kantua nahi ez genuen leku batera. Jende gaztea da, oso ondo landutako abesbatza bat. Lan handia egin dute gurera egokitzeko, eta, ziurrenik, saio batzuk elkarrekin egingo ditugu.

Jon Agirrezabalagarekin aurreko diskotik zabiltza lanean. Rocketik etorrita, zer topatu duzu elektronikan?

Kantuak beste dimentsio batera eraman ahal izatea. Beste tresna bat da. Jonek ondo menperatzen duen arlo bat da, eta aurreko lanean horrekin jolasten hasi baginen, hemen sakondu egin dugu. Bera oso sartua dago elektronikaren munduan, eta nik proposatutako ideietara ekarri dituen elektronika-atmosferek asko hazi dituzte kantuak. Leku oso politak topatu ditugu nire ideiak eta haren ekarpenak uztartzean.

Halaber, diskoa ezaugarritzen du hitzen atzean den idazleen ugaritasunak ere (Olabe, Astiz, Sarrionandia, Esteban…).

Horretan ere izan du eragina pandemiak. Poesian aholkulari onak ditut; Gotzon Barandiaran, adibidez. Askotan, melodiekin hasten naiz lanean, baina kantu gehienak testutik abiatuta sortu dira oraingoan, poemak musikatuta. Gotzonek proposatutako liburuetan testu interesgarri asko topatu nituen, eta horiekin hasi nintzen. Bestalde, argi dut beste batzuek askoz hobeto adierazi dezaketela nik buruan dudan hori. Irakurlea naiz, eta gero eta lotsa handiagoa ematen dit nire testuak sortzeak, nahiz eta aurrerago agian ausartuko naizen.

Zure testu bakarra Bide erdian da, berreskuratutako kantu bat.

Bai. Hasteko, oso disko biluzia egin nahiak eraman ninduen kantu zaharren bertsioak sonoritate biluzi horretara moldatzera. Baina hilabeteak aurrera egin ahala, Bide erdian izan zen galbahea pasatu duen bakarra. Eta badu pisu sinboliko bat ere: Bide erdian izan zen bakarka hasi nintzenean grabatu nuen lehen kantua, eta, nahiz eta bilatua ez zen izan, gero konturatu naiz oharkabean hartu duela bere lekutxoa nolabait mugarri modura ikusten dugun disko honetan ere.

Kritikaren aldetik lortu du oihartzunik diskoak. «Proposamena berritzeko» gaitasuna txalotu zuen BERRIAko kritikari Julen Azpitartek. Ezinbestekoa duzu eremuak zabaltzen joatea?

Bere burua berrasmatzen saiatzeak motorra izan behar du sortzaile baten bidean. Gu aldatzen gara, eta gure musikak ere aldatu behar du. Ez nuke neure burua proposamen berberarekin urteetan ikusi nahi. Uste dut sortzaile guztiok bilatzen dugun zerbait dela hori, abiapuntuan behintzat.

Eraginak ere aldatuz joan ohi dira. Sufjan Stevens eta Bon Iver aipatu dira disko honen harira.

Momentuaren arabera, musika ezberdinak entzuten dituzu. Egia da horiek bai aritu direla nire diskoen artean azken bolada honetan. Baina beste batzuen itzala ere badagoela esango nuke; adibidez, Simon & Garfunkelen hainbat disko genituen umetan, arreba nagusien musika entzuten nuen sasoian, eta nahiz eta bilatua ez izan, bai hartu dut kutsu bat diskoa gerora entzun dudanean.

Gaur aurkeztuko duzu diskoa. Nola pentsatu duzu zuzenekoa?

Lezoko lehen emanaldiaren ondoren, udaberri aldean dugu bira bat egiteko asmoa, egoerak uzten badigu. Kontzertuena eskaeren arabera ere izaten da, eta, orain arte diskoa ondo hartu dela badirudi ere, gero ikusten da interesa. Hirukoan hasiko gara, formazio bereziarekin; Jaime Nieto eta Alvaro Olaetxearekin. Uste dut sonoritate kuriosoa lortu dugula, baina bakarka ere eskainiko ditut kontzertu batzuk; egokituko naiz eskaintzen didatenera.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Ezkerretik eskuinera, Labrit Ondareko Itziar Luri eta Gaizka Aranguren, eta Elena Aitzkoa artista, Uharte zentroaren egoitzan. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Antzokia herritarrentzat zer den

Uxue Rey Gorraiz

Iruñeko Gaiarre antzokiaren iruditeria dute aztergai Uharteko Arte Garaikidearen Zentroan. Elena Aitzkoa artista eta Labrit Ondarea ari dira lanean; ekainean aurkeztuko dute emaitza

Gonzalez, Segura, Zugaza, Aburto eta Martinez, atzo. ©BILBOKO ARTE EDERREN MUSEOA

Bizkaiko ondarea ikertuko dute Bilboko Arte Ederren Museoak eta Eleiz Museoak

Ane Eslava

Hitzarmen bat sinatu dute bi museoen bildumetan eta lurraldearen historian sakontzeko. Luis Pareten erakusketa bat egingo dute udan.

 ©Euskadiko Orkestra
Mikel Martinez eta Patxo Telleria antzezleak Cafe Bar Bilbao antzezlan laburren sarien aurtengo irabazleekin ©Aritz Loiola/ Foku

Asier Hernandezek irabazi du Cafe Bar Bilbao antzezlan laburren saria

Amaia Igartua Aristondo

'Kill, Kerra eta karma' lanari esker gailendu da. Gaur egungo hainbat gai umorez jorratzen dituzte Hernandezen obrako pertsonaiek; besteak beste, politika eta euskara batua. Martxoaren 4an, irabazi duen testuaren irakurketa dramatizatua egingo da Bilboko Bira kultur gunean, Lautan Hiru jaialdiaren barruan

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.