Albistea entzun

Koronabirusa

Egunero 128 gaixo iristen ari dira Hegoaldeko erietxeetara, batez beste

Aspaldiko ospitaleratze datu makurrenak dira. Hirugarren dosia jarriko diete 18 urtetik gorakoei, eta laugarrena immunoeskasia duten gaixoei
Nafarroako Unibertsitate Klinikako zainketa intentsiboko unitate bat, artixoko irudi batean.
Nafarroako Unibertsitate Klinikako zainketa intentsiboko unitate bat, artixoko irudi batean. JESUS DIGES / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Irati Urdalleta Lete - Ion Orzaiz -

2022ko urtarrilak 14

Birusak gogor jotzen du oraindik ere, baina, transmisio datuetan bainoago, ospitaleetan ari da nabaritzen seigarren olatuaren indarra. Inoizko positibo kopururik handienak erregistratu ziren iragan asteetan, eta, sintomek okerrera egin ahala, positibo emandako batzuek ospitaleratzea behar dute. Gero eta gehiago dira. Atzo beste 127 gaixo ospitaleratu behar izan zituzten, eta, gaur egun, 1.209 herritar daude ospitaleratuta COVID-19ak erasanda. Pare bat konparazio egitearren: duela astebete baino %27 gaixo gehiago ari dira Osakidetzako eta Osasunbideko erietxeetako arta jasotzen, eta duela bi aste baino %66 gehiago dira.

Egunean eguneko datuei ez ezik azken bi asteotako batezbestekoari erreparatuta, are ikusgarriagoa da igoera: batez beste, COVID-19a duten 128 gaixo gehiago ospitaleratzen dituzte egunero-egunero Hego Euskal Herriko erietxeetan. 2020ko apiriletik, lehen olatuak gogorren jo zuenetik, ez zen halako batezbestekorik erregistratu. Ordutik, gainera, ez da 1.000 paziente baino gehiago egon aldi berean erietxeratuta, orain arte: Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako ospitaleek astebete daramate langa horretatik gora. 1.209 dira orain.

Paziente horietako batzuk, gainera, larri daude ZIUetan. Hain zuzen, 172 gaixo daude egoera horretan. Goranzko joera ikusten da ZIUetako kopuruetan ere, baina ospitaleratzeetan baino motelagoa: duela astebete baino %20 gaixo gehiago daude, eta duela bi aste baino %23 gehiago.

Positibo kopurua, berriz, apaltzen ari da pixkanaka, baina ezin liteke esan haren hedadura murrizten ari delako denik, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak asko mugatu baitituzte probak egiteko irizpideak. Hortaz, litekeena da atzo emaniko datuek izurriaren irudi distortsionatua ematea: herenegun egindako testetan 12.146 herritarrek eman zuten positibo. Orotara, 29.640 test egin zituzten, eta horietako %41ek eman zuten positibo. Pandemia kontrolatu ezinaren seinale. Izan ere, OME Osasunaren Mundu Erakundeak %5eko langa dauka ezarrita pandemia bat kontrolpean edukitzeko erreferentzia gisa.

Birusa Euskal Herri osoan zabalduta dago, baina, azkenaldian, bereziki Gipuzkoan. Asteazkenean, esaterako, beste 3.238 positibo atzeman zituzten bertan. Baina antzera dabiltza Hego Euskal Herriko gainerako lurraldeak ere: beste 4.590 lagunek eman zuten positibo Bizkaian; 2.674k Nafarroan, eta 1.556k Araban.

Hirugarren dosia, gehiagori

Carolina Darias Espainiako Osasun ministroak atzo iragarri zuen txertoaren hirugarren dosia jartzeko kanpaina 18 eta 39 urte bitarteko adin tartera ere zabalduko dutela. Espainiako Osasun Publikorako Batzordean hartu zuten erabakia Espainiako Osasun Ministerioak eta autonomia erkidegoek. Txertoaren laugarren dosi bat ematea ere baimendu dute, baina soilik immunoeskasia duten gaixoei. Azken dosia hartu zutenetik bost hilabetera jarriko diete. Talde horretan daude transplanteren bat dutenak eta baita fibrosi kistikoaren gisako eritasunak dituztenak ere.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Anbulantzia bat, Donostian. / ©Gorka Rubio, Foku

Gaitza pasatu dutenei hirugarren dosia bost hilabeteren buruan jartzeko gomendatu die orain Espainiako Osasun Batzordeak

Berria

Espainiako Osasun Ministerioak irizpidea aldatu du: urtarrilaren hasieran, lau aste nahikoa zirela esan zuen.

Carmen Maeztu, erdian, aurreko agerraldi batean. / ©Iñigo Uriz, Foku

Maeztuk tutoretzapeko gazteen inguruko «polemika» bideratu nahi du

Iosu Alberdi

Enrique Maia Iruñeko alkatearekin bildu da Nafarroako Eskubide Sozialen kontseilaria. «Existitu beharko ez litzatekeen polemika hori» bideratzeko beharra nabarmendu du.

Haur batzuk futbolean, artxiboko irudian ©monika del valle / foku

Eusko Jaurlaritzak eskola kirola baimendu du

Irati Urdalleta Lete

Asteburu honetan, umeek eskola kiroleko lehiaketak egiteko aukera izango dute berriz ere.

Tabernari bat lanean. ©Aritz Loiola / Foku

Jaurlaritzak 22 milioi euroren diru laguntza emango dio ostalaritzari

Berria

Establezimendu bakoitzeko 2.000 eurotik 70.000 eurora bitarteko diru laguntzak eskainiko dituzte.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.