Donostiako 70. Zinemaldia. Sail Ofiziala. KRITIKA

Ahaztearen garrantzia

Andoni Imaz.
2022ko irailaren 21a
00:00
Entzun

'Hyakka'



Zuzendaria: Genki Kawamura. Aktoreak: Masaki Suda, Mieko Harada, Masami Nagasawa, Masatoshi Nagase. Herrialdea: Japonia. Iraupena: 104 minutu.

Ezin esan Genki Kawamura zinemagile berria denik, ekoizle ibili baita urteetan, eta 30 film baino gehiago baititu haren filmografian. Hark zuzendu duen lehendabiziko filmak, ordea, estilo berri bat ekarri du Sail Ofizialera. Hasierako sekuentzia erakustaldi bat da: kamerak, etxe bati bueltaka, filmatzen ditu sukaldeko lore bat, pianoa jotzen ari den emakume bat, etxeko atea... Eta, pianoko melodia arrarotu ahala, plano sekuentzia horretako irudiak ere gero eta misteriotsuagoak bilakatzen dira, fokuaren eta mugimenduen bidez.

Hyakka birtuoso baten lana da, eta aukera duen bakoitzean erakusten du hori; supermerkatuko buklearen eszenan edo oroitzapenen barruko pasarte nahasietan, besteak beste. Kontua da Kawamurak mundu berezi bat sortu duela memoriaz eta, batez ere, ahanzturaz hitz egiteko, dementzia duen pianista emakume baten —Yuriko (Mieko Harada)—, eta haren semearen —Izumi (Masaki Suda)— arteko harreman bereziaren bueltan. Begien bistakoa da amak gauzak ahazten dituela, eta semeak ondo gogoan ditu umetako bizipen traumatiko batzuk, amarekin lotura dutenak.

Filmean, espazioa eta denbora nahastu egiten dira maiz, zehaztasun osoz diseinatutako sekuentzia batzuetan. Bide horretan, une hunkigarriak eta aurkikuntza bisual ederrak ditu, anbizio handiko eszenaratze baten emaitza gisa; aipatzekoa da su artifizialen ikuskizunaren filmatzea, esaterako.

Proposamen horrek zirrara eragiteko eta interesari eusteko duen ahalmena, ordea, gero eta ahulagoa da, filmak lehenengo zatian pilatutako misterio guztia zuzenegi adierazten delako bigarrenean, eta hasieran kamera erakustaldi minimalista bat dena oroigarri astuna bihurtzen da azkenerako. Gainera, aldaeraz aldaera gogaikarri bihurtzen den piano melodia batek ez dio laguntzen horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.