Literaturia

Letren orainaldian

Euskal literaturaren «orainaldiaren erreinu» bihurtu dute Zarautz, hiru egunez, Literaturiaren bidez. Gaur bukatuko da.

Anjel Lertxundi, atzo. A.C. / FOKU.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
Zarautz
2019ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
«1845az geroztik, artista garrantzitsu gutiak sostengatu dira etorkizunean zeukaten fedean». Herenegun arratsean entzun zen John Bergerren esaldia, Zarauzko (Gipuzkoa) Modelo aretoan, Iñigo Astizen ahotsean. Gogoeta propioa erantsi zion Bergerrenari idazleak: «Idatzi ziren momentuan oraindik existitzen ez zen euskal irakurle batentzat idatzita daude euskarazko idazlanik behinenak». Ezagutzen den euskarazko lehen liburutik beretik, Bernat Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae-tik (1545).

Ordutik honako ibilbidean, etorkizunerantz «inklinaturik» dakusa Astizek euskal literatura: «Etorkizuna da literaturaren esparrua. Baina, esango nuke, etorkizun horren hipertrofia bat duela bereziki gure literaturak». Edo izan duela, behintzat, mende luzez. «Eta ni gaur nator etorkizuna suntsitzera».

Etorkizuna deshabitatzea proposatzera. «Igandera bitarte, orainaldiaren erreinu deklaratzen dut aurtengo Literaturia». Hiru egunez. Orainaldia habitzateko. «Normalizazioaren maskara handi geratzen zaion orainaldi rakitiko, irakurle-gabetu, pseudo-merkantilizatu, matxista, sasiko, desprestigiatu, infantilizatu eta erdipurdiko hau».

Orainaldi hori habitatzen ari da herenegundik Literaturia. Uxue Alberdiren Jenisjoplin nobela hartuta, lehenik; eta, Astizen manifestu irakurraldiaren ostean, Andoni Egañak gidatutako, Uxue Alberdik eta Maialen Lujanbiok kantatutako, Xabir Lizasok musikatutako eta Unai Gaztelumendik marraztutako Bertso-maskarada-ren bitartez.

Azoka, auzoka

Bertso-maskarada-rako sarrera erosteagatik ikusleei eman zitzaien 2 euroko bonuak 11:00etatik, Musika plazako liburu azoka ireki bezain pronto, hasi ziren biltzen hango mahaietan saltzen ari zirenak. «Oraingoz, behintzat, ari gara nabaritzen bonuen eragina», zioen Susako Leire Lopezek. «Literaturia inportantea da, batetik, azoka izateaz gain, irakurleekin eta gainerako argitaletxeekin egoteko aukera ematen digulako; bestetik, guk euskaraz bakarrik argitaratzen dugulako, eta hau soilik euskarazko literaturarentzako plaza delako».

Lopezek bigarren urtea du aurtengoa azokako mahaian. Txalapartako Garazi Arrulak, berriz, lehendabizikoa: «Ikusle eta parte-hartzaile gisa aritua naiz lehendik Literaturian, baina aurten arte saltzaile ez. Argitaletxeko lankideek esanda, banekien salmenta aldetik azoka ez dela oso azkarra, baina uste baino jende gehiago dabil». Berdintsu mintzo zen Alberdaniako Jorge Gimenezek. Aurreko hamar edizioetan ez bezala, argitaletxe hori ere Literaturiako azokan da aurtengoan. Zarauzko azokak literaturazaleekin egoteko aukera berezia ematen duela nabarmendu zuen. «Eta, gainera, espezifikoa da. Literaturia literatur azoka da, eta horrek ere paisaia markatzen du».

Azokara saltzera hurreratu aurretik, Garoa dendan egona zen Gimenez, Patxi Zubizarretarekin, hari egokitu zitzaiolako liburu aurkezpenetarako txokoa estreinatzea, 10:20an. Zubizarretaren atzetik eseri ziren Garoako idazleentzako aulkian Ione Gorostarzu, Aintzane Usandizaga , Miren Amuriza, Miren Agur Meabe, Iñigo Astiz, Jose Luis Otamendi, Beñat Sarasola, Ainara Maiaeta Miel Anjel Elustondo.

Omenaldia

Eguerdia pasea zen Patxi Santamaria kapusaia soinean, makulua eskuan, Battis Toberaren rolean, agertu zenean, azokan zegoen jende artean, 25 urte bete dituen Otto Pette-ren orrialdeetatik jauzi egin eta liburuaren sinopsia egitea erabaki balu bezala. Segidan, omenaldia egin zioten nobelaren egileari, Anjel Lertxundiri.

Arratsaldean, Musika plazan azoka egin bitartean, autoritatea, gorputza eta sorkuntza izan zituzten hizpide Modelo aretoan Miren Agur Meabe, Laura Mintegi eta Arantxa Urretabizkaiak, Eider Rodriguezek jarritako gaiei erantzunez. Margolaria filmaren emanaldiak eta segidako elkarrizketa musikatuak itxi zuten eguna, Modelon horiek ere.

Gaur, berriz, aurtengo azkenak emango ditu Literaturiak. Liburu aurkezpenen gune izango da Garoa 11:20tik 13:20ra bitartean; liburu azokarena Musika plaza, 11:00etatik 13:30era —Yolanda Arrieta omenduko dute han,12:30ean—. Eta, egitaraua ixteko, bi ekitaldi Modelon: Salbatore Mitxelenari buruzko mahai ingurua13:30ean; eta S(u/a)minetik bakera ikuskizuna, 17:30ean. Eta euskal letren orainaldiaren erresuma ofizialki bukatuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.