Kanboko konferentzia BERRIAn, zuzenean

Kanbon grabatutako hainbat bideo ere ikusi ahalko dira BERRIAren webgunean egun osoan. Hamaikak saio berezi bat emango du

Floren Aoiz, Elixabete Garmendia eta Oihana Elduaien, atzo, Berria Telebistak egin zuen saio berezian. U.U.
urtzi urkizu
2018ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
ETAk bere desegitearen berri eman zuen atzo, eta BERRIAk telebista saio berezia egin zuen —Floren Aoiz eta Elixabete Garmendia aritu ziren solasean, eta osorik dago ikusgai webgunean—. Gaur, berriz, Kanboko (Lapurdi) Arnaga Etxean egongo da informazio foku nagusia, eta BERRIAk zuzenean emango du webgunean Gatazkaren Konponbidea Aitzinatzeko Nazioarteko Topaketa—Harremanetarako Nazioarteko Taldeak, Bake Bideak eta Foro Sozial Iraunkorrak antolatu dute—. Julen Aperribai Berria Telebistako bideogilea eta Oihana Elduaien kazetaria Kanbon izango dira, eta zuzeneko kontakizuna egingo dute. Egun osoan grabatutako hainbat bideo ere ikusi ahal izango dira webgunean.

BERRIAko kazetariak sare sozialetan ere ariko dira egunak ematen duenaren berri ematen. #ETArenamaiera traola erabiliko dute. Era berean, ETAren bukaeraren inguruko hainbat testu, argazki eta bideo irakur daitezkenoiznahi webgunean honetan: https://www.berria.eus/bereziak/konponbideari_begira/.

Igandeko BERRIAn, bestalde, gai luzea ETAren amaieraren sokarekin lotua egongo da —paperean eta sarean irakurgai—.

Hamaika telebistak goitik behera aldatuko du gaur bere ohiko programazioa. 11:30ean, Kanboko Nazioarteko Bake Konferentzia saio berezia hasiko dute. Kanbon izango dira Nekane Zinkunegi eta Maddi Mochales; analisiak grabatuko dituzte, erreakzioak jasoko dituzte eta hainbat elkarrizketa egingo dituzte. Bitartean, Beñat Zarrabeitia Bilboko platoan ariko da gidari, hainbat analistek lagunduta. Besteak beste, honako hauen hitzak entzungo dira: Karmelo Landa, Patxi Zabaleta, Nerea Zarandona, Iratxe Urizar, Txema Ramirez de la Piscina, Inaxio Oiartzabal, Itziar Mujika, Ane Muguruza, Jonathan Martinez, Igor Meltxor, Zuriñe Rodriguez eta Miren Aranoa, Adolfo Muñoz eta Iñigo Iturrate.

Irratsaio bereziak

Eusk,al Irratiek —Gure Irratia, Antxeta Irratia, Irulegiko Irratia eta Xiberoko Botza— emankizun berezia egingo dute gaur Kanbotik, eguerditik aurrera. Jose Luis Aizpuru, Oihana Dagerre eta Ihintza Arrieta kazetariak ariko dira gidari. Emankizun osoan, haiekin ariko da solasean Ion Irazola, errefuxiatuen kolektiboko bozeramailea. Kanboko estudiotik pasatuko dira, era berean, Martxelo Otamendi, Mixel Berhokorigoin, Maite Ubiria, Eguzki Urteaga, Lorea Agirre eta Antton Etxeberri. Gasteizko Hala Bedi irratiak emankizun hori hartu eta emitituko du.

Euskadi Irratiak Kanbotik egingo du Faktoria-ren lehen zatia, 08:30etik 10:00etara. Ekitaldiaren aurreko giroa jasoko dute, eta mahai inguruan honako solaskide hauek egongo dira: Martxelo Otamendi, Joseba Arruti, Joxe Felix Azurmendi eta Jesus Egiguren. Halaber, Rufi Etxeberria eta Paul Rios elkarrizketatuko dituzte. 11:45ean, albistegi berezi bat hasiko dute, Maite Artolak gidatua. Solaskideak Eguzki Urteaga, Iñaki Galdos eta Iker Rioja izango dira.

Radio Euskadin, John Carlinen, Daniel Innerarityren eta Jon Iñarrituren iritziak jasoko dituzte Boulevard-en. 12:00etan, saio berezia egingo dute, Kanboko konferentziaren inguruko informazioa eskaintzeko.

ETB1 eta ETB2ko saioak

ETB1eko Egun on Euskadi saioan, zuzeneko konexioak egingo dituzte Kanbotik, 09:00etatik aurrera. Platoan, Pernando Barrena, Xabier Riezu eta Mikel Aramendi ariko dira solasean. Arratsaldean, ETAren amaierari eskainia izango da Ahoz aho programa (16:15etik 18:15era). Solaskideak Ricardo Crespo, Iria Epalza eta Miren Gorrotxategi izango dira. Gainera, konexioak egingo dituzte Kanbon egongo diren berriemaileekin.

ETB2ko En Jake saioa 09:00etan hasiko da gaur —ohi baino bi ordu eta erdi goizago—, eta Kanbon izango dira Leire Torre eta Eider Hurtado kazetariak. Está pasando saioan (17:45), analisia egiten ariko dira hainbat gonbidatu, eta Kanbotik ariko da Adela Gonzalez. 360º Tú decides saioan, 22:30ean, honako hauek izango dira solaskideak: Martxelo Otamendi, Jose Ramon Beloki, Luis R. Aizpeolea eta Montse Ramirez. Gainera, Jonan Fernandez eta Alfredo Perez Rubalcaba elkarrizketatuko dituzte.

EITBren webgunean berehalako kontakizuna egingo dute. Azken orduko lekukotzak, argazkiak eta bideoak bilduko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.