Gastronomia lehiaketetan ibiliko dira udan, 'Nor bere saltsan'

ETB1eko programa berria uztailaren 4an estreinatuko dute. 'Aitaren etxea' telesaila gaztelaniaz emango dute ETB2n uda honetan

ETBko aurkezleak, aktoreak eta kazetariak, Edu Barinaga zuzendariarekin batera, atzo, Gasteizen. ETB.
urtzi urkizu
2016ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Udako programazioa aurkeztu zuen atzo ETBk. Udak berarekin ekartzen dituen ezaugarriekin, sasoiaren erakusgarri izango da euskarazko katean estreinatuko duten Nor bere saltsan saio berria. Uztailaren 4tik aurrera, lau pertsona elkartuko dituzte, kuadrilla bat osatuz, eta Euskal Herriko gastronomia lehiaketa garrantzitsuenetan parte hartuko dute. Nor bere saltsan saioko protagonistek furgoneta bat hartuko dute, eta herriz herri eta festaz festa ibiliko dira helburu batekin: ondo pasatzea eta gastronomia txapelketak irabaztea.

ETB2k, berriz, reality berri bat estreinatuko du uztailaren 11n: Objetivo Chimborazo. Partaideek Ekuadorrera bidaiatuko dute, eta Chimborazo sumendiaren gailurrera igo beharko dute. Zortzi bikote izango dira lehian. Lehiaketa beste autonomia erkidego batzuetako kateekin batera egin dute: Aragoi, Gaztela-Mantxa eta Andaluzia. Saioaren aurkezlea Sara Gandara kazetaria izango da. Lehiakideek hainbat proba gainditu beharko dituzte Ekuadorko paraje natural ederretan. Gainera, Galapagoetan, Andeetan eta Amazonas ibaiaren inguruan ibiliko dira. Reality-aren bikote garaileak 12.000 euroko saria eramango du.

Ekaineko azkeneko astetik aurrera, bestalde, Aitaren etxea telesaila gaztelaniara bikoiztua emango du ETB2k. 1956. urtean girotutako telesail hori irailetik urtarrilera eman zuten ETB1en, euskaraz. Eta Greziako ERT telebista publikoan euskaraz emango dute datorren astelehenetik aurrera, grezierazko azpidatziekin. Jabi Elortegik zuzendari zela, telesailaren hamabost atal egin zituzten. Kentzeko arrazoien artean, ETBko zuzendariak aipatu zuen ikusle datu «txikiak» zituela —%2ko ikusle kuota—, «oso garestia» zela eta beste telesail bat prestatzen ari zirela—Eskamak kentzen—.

Estropadek jarraituko dute

ETBko zuzendari Edu Barinagak atzo Gasteizen iragarri zuen kirol emanaldi ugari eskainiko dituztela uda honetan. Tartean izango da, esate baterako, Frantziako Tourra uztailaren 2tik aurrera. Beste txirrindularitza proba batzuk ere ETB1en ikusi ahalko dira, adibidez, Donostia-Donostia klasikoa. Asteburu honetatik aurrera, berriz, Nafarroako lau t'erdiko txapelketako pilota partidak emango ditu euskarazko kateak. Futbolari dagokionez, Alaves, Athletic, Eibar eta Realaren denboraldi-aurreko hainbat partida emango dituzte.

Arraunarekin bazen zalantza, ETBk eta TKE ligak kontratuahautsi baitzuten iazko urrian. Baina berritu dute kontratua, eta Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusiak herenegun Martin Ugalde foroan iragarri zuen ETBk estropadak emango dituela aurten ere.

Jaiak eta ikuskizunak

Urtero bezala, udan ETBn tarte handia izango dute jaiek eta ikuskizunek. Hiriburuetako festetan izango dira kamerak: uztailean, Iruñeko sanferminetan, eta, abuztuan, Baionako bestetan, Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaietan, eta Donostiako eta Bilboko Aste Nagusietan. Ilaski Serrano eta Julian Iantzi izango dira aurkezleak Iruñeko, Baionako eta Gasteizko festetan, eta Serrano bera Agustin Ezenarrorekin batera ariko da Bilbon.

Uda sasoian antolatuko dituzten ikuskizunen artean, uztailaren 29an Gasteiz Kantuan jaialdia grabatuko dute —Xabier Euzkitzek eta Maria Amolategik aurkeztuko dute—. Horretaz gain, sanferminetarako kantu bazkari berezi bat ari da ETB antolatzen.

Zinemari dagokionez, ETBk Sony ekoizpen etxearekin hitzarmen bat sinatu du, eta, horri esker, film sorta berria izango da ikusgai. ETB2ko La noche de... saioan, ekainaren 28an, M. Night Shyamalanek zuzendutako After earth pelikula (2013) estreinatuko dute, eta uztailaren 5ean, Neill Blomkampen Elysium (2013).

Udako programazioaren barne sartu ditu ETBk duela gutxi estreinatu dituen hiru saio: ETB1eko Pintxo & Pote eta Hi, selfie eta ETB2ko Nekane Amaya.

Iaz ETB1en eman zuten Baskoniako historia bat dokumental saioa gaztelaniazko kateak emango du bihartik aurrera. Eta A ver si no llueve programak bigarren denboraldia hasiko du uztailean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.