Azkenean, ETB Iruñerrian LTD bidez

Erreniegako eta Ezkabako hedagailuek digitalean emititzen dute, atzotik.Seinalea zabaltzeak ez dakarkio kosturik Nafarroari

Erreniega mendiko antenatik ETBko kateen seinale digitala zabaltzen hasi ziren atzo, Iruñerrirako. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
2015eko urriaren 27a
00:00
Entzun
Dena zen oztopo, dena zen zailtasun, dena zen garesti UPNren Nafarroako Gobernuarentzat zein PPren Espainiako Gobernuarentzat. Ezin zela. Aitzakiak makina bat ziren ETBko kateak Nafarroan digitalki ez eskaintzeko. Aldatu da, ordea, Nafarroako Gobernua, eta Eusko Jaurlaritzarekin eta EITBrekin loturiko akordioari esker, Iruñerrian ETBko lau kateak lurreko telebista digitalaren bidez ikus daitezke dagoeneko. Geroa Baiko eledun Koldo Martinezen arabera, ETBren seinalea digitalki zabaltzeak ez dakarkio kosturik Nafarroako Gobernuari. Horrek «agerian» uzten du UPNk orain arte «arrazoi ideologikoengatik» jarri dituela trabak, Martinezen irudikoz.

Igande gauean egin zuen EITBk iragarpena. Erreniega eta Ezkaba mendietako hedagailuek digitalean emitituko dute, eta Iruñerrian ETBko lau kateak ikusi ahal izango dira, 27. eta 41. kanalen bitartez. Lehen ETB2 analogikoan hartzen zen kanala beltzean da jada; ETB1ek oraindik analogikoan emititzen jarraituko du bolada batez, 25. eta 43. kanaletan.

Nabarmentzeko modukoa da aurrenekoz ETB3 Iruñerrian ikusi ahalko dela —eskualdeko neska-mutikoek ez zuten euskarazko haurrentzako katerik ikusteko modurik—. Halaber, EITBko irrati guztiak digitalean zabalduko dira —lehen baino askoz kalitate hobearekin—.

Nafarroako antenisten elkarteko presidente Asier Lasak Euskalerria Irratian esan duenez, hainbat eraikinetan anplifikadore bereziak instalatu beharko dituzte ETBko lau kateak jaso ahal izateko.

Barkos, «oso pozik»

2009ko abenduan gauzatu zen itzalaldi analogikoa Nafarroan. Ordutik, ez dira gutxi izan ETB LTD bidez zabaltzeko eskaerak eta saialdiak. 2011ko urrian, negoziazioak egiteko bidea errazteko eskatu zion Nafarroako Parlamentuak UPNren gobernuari. Parlamentuak hainbat testu eta mozio onartu ditu urteotan, bide berean. 2012ko urtarrilean, EAko militanteek jarritako diruarekin—11.776 euro—, hedagailu bat jarri zuten Erreniegan. Martxoaren 7an, Guardia Zibilak Erreniegako hedagailua deskonektatu eta zigilatu egin zuen; 2013ko urtarrilean 45.000 euroko isuna jarri zion Espainiako Industria, Energia eta Turismo Ministerioak EAri.2013ko abenduan, EITBko zuzendaritzak seinalea digitalizatzea erabaki zuen, baina UPNren gobernuarekin presioen ostean, Jaurlaritzak atzera egin zuen. Iaz lantalde bat jarri zuten martxan Nafarroako Gobernuko eta Jaurlaritzako ordezkariekin.

Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakari dela iritsi da behin betiko akordioa, eta atzo, «oso pozik» azaldu zen ETB Iruñerrian ikus daitekeelako, «gizartearen eskaera» bete delako. «Hilabeteetako lana izan da, eta jarraipena izango du lan horrek». Kontuan hartu behar da Nafarroako herritarren %30 inguruk ezin duela oraindik ETB LTD bidez ikusi. «Gaurkoa [atzokoa] lehen pauso bat da», esan zuen Barkosek. Irailaren 25ean bilera egin zuten Iruñean Barkosek eta Iñigo Urkulluk. «Arazo hau ez zen ekonomikoa», adierazi zuen Jaurlaritzako lehendakariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.