San Juan eta Hibaika dira hautagaiak, baina besteren bat sar daiteke

San Juaneko arraunlariak, trainerua prestatzen, atzo, kaian. A. CANELLADA / ARP.
Aitor Manterola Garate.
<i>Donostia</i>
2017ko irailaren 3a
00:00
Entzun
San Juan, Arraun Lagunak eta Donostiarra bakarrik azaldu ziren atzo goizean Donostiako moilara, Kontxako Banderaren lehen jardunaldiaren atariko azkeneko entrenamendua egitera (11:00, ETB 1). Hibaika Trintxerpe aldean ibili zen, eta itsasoa ere ukitu zuten. «Txarra dago, baina gozatu egin dugu», zioten San Juango arraunlariek. Hibaika ere ibili zen olatuak hartzen: «Entrenamendu ona egin dugu», zioten.

Bien arteko buruz buruko lehia aurreikusten da Kontxako Banderan, baina hau arrauna izanik, ezin da baztertu besteren bat azaltzea. Mecos-Ribeira dago zain-zain, handienek huts egiten badute muturra sartzeko. «Banderarako aukera parean jartzen bazaigu, bila goaz», zioen Silvia Ubeda arraunlariak ostegunean.

Oriok ere badaki gaurko egunez lan ona egiten, iaz ondo erakutsi zuen bezala, eta gai da lehen txandan Hibaika eta Mecos estu-estu jartzeko. Donostiarrak osatuko du lehen txanda.

Zozketak sortu du lehiaren beste korapilo bat, San Juan bigarrenean joango delako, aurkari apalagoekin: Hernani, Deustu eta Arraun Lagunak. Galdera ezinbestean sortzen da bi faboritoei egiteko: zer nahiago dute, aurkaria alboan izatea ala bakarrik joatea?

«Bakarrik ondo moldatuko gara, eta, gainera, izango ditugu Hibaikaren eta lehen txandako besteen erreferentziak. Gure lana ondo egiteko aukera egokia daukagu», zioen atzo Ane Pescadorrek, San Juango arraunlariak. Hibaikako Amaia Etxabegurenek aukeran nahiago San Juan ondoan, «baina ez egonda, agian lasaiago joango gara. Nahiko lan emango digute Mecosek eta Oriok».

Bestalde, gaurko eremu berean, atzo jokatu zen KAE ligako kanporaketako lehen jardunaldia, eta azkarrena Portugalete izan zen. 96 ehunen atera zizkion San Juan B-ri, 3,24 Orio B-ri, eta 5,56 Hibaikari. Gaur erabakiko da dena, Portugaleten, 17:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.