Noiz sortua: 2019-11-23 00:30:00

OIP elkartearen iraupena jokoan

Frantziako presondegietako behatokiak (OIP) urteetan erakutsi du bere funtzioa: presondegietako egoerak ikertu, presoen eskubideez informatu, eta, behar delarik, defendatu. Azken bost urteetan laguntza publiko anitz kendu zaizkio, %66 orotara. Baionan lekuko talde bat du elkarteak, eta iraupena jokoan du orain, diru mentsez.
Baionako lekuko taldea lan boluntarioan oinarritua da, baina OIP egitura behar dute.
Baionako lekuko taldea lan boluntarioan oinarritua da, baina OIP egitura behar dute. GUIILAUME FAUVEAU Tamaina handiagoan ikusi

Joanes Etxebarria -

2019ko azaroak 23
Alarma piztu du Frantziako Presondegietako Behatokiak (OIP), elkarteak jasotzen zituen diru laguntzen %66 kendu dizkiotelako. «Ez dugu gehiago dirurik soldatak pagatzeko», argitu du elkarteko zuzendariak, Cecile Marcelek.

Elkarteak badu adar bat Baionan lanean segitzen ahalko duena, oinarritua baita. Baina Lapurdiko presondegiarekin egiten duten lana ere kaltetu eginen da, Danielle Mesple lekuko militantearen erranetan: «Segur da Frantzia mailako OIP arriskuan bada gure lotura hori hauts daitekeela. Beharbada atzeman daiteke beste elkarteekiko harremana presoekiko lana segitu ahal izateko, baina argi da ez lukeela eragin bera».

Behatokia ez da, beste elkarte batzuk bezala, presondegi barnera sartzen. Presoak bisitatzera joaten direnekin lotzen ditu harremanak, barneko egoeraren berri ukaiteko eta informazioak zabaltzeko. Mesple: «Batzuek —arras gutxik— ez dute deus jakin nahi, badira deus aldatuko ez dugula erraten digutenak; baina, usu, erraten dugularik pertsonen eskubideak eta duintasuna ziurtatzeko gaudela hor, gure lana estimatua da».

Borondate politikoa

OIPren diru laguntza publikoen gainbehera aipatzean, Marcelek ñabardurak azpimarratu ditu: «Ez dakit gu isilarazteko borondate politikorik badenetz, ez nintzateke horraino joanen, baina segur da badela gu ez sostengatzeko borondate politikoa». Hainbat fase izan dira diru laguntza batzuk apalarazi eta desagerrarazi dituztenak. 2015. urteko eskualdeetako hauteskundeen ondorengoa zen lehen fasea. Eskuinera pasatu ziren eskualdeetako kontseiluen diru laguntzak galdu zituzten orduan, Marcelek oroitu duenez: «Pentsatzen dut haiek printzipioz arazo bat zutela presondegietako eskubideez axolatzen den elkarte bat laguntzeko».

Berrikiago, aspaldiko finantza iturri zen erakunde batek du gibel egin. Lurraldeen berdintasunerako agentziak 2018an jadanik apaldu zituen behatokiari eman diru laguntzak, eta aurten kendu ditu. Agentzia hori, Marcelen erranetan, «lurraldearen Kohesiorako Ministerioaren parte da. Hiriko politikaren ardura du, eta erraten digute beren aitzin kontua hiriko politiketan lehentasunezko publikoarentzat gordetzen dutela, eta presoak ez direla horien parte. Alta, badakigu, eta hainbat ikertzailek ere frogatu dute, badela lotura zuzena auzo behartsuen eta presondegien artean; baina politikariak ez dira horretan sartu nahi ere». Aurten galdu dute Itsasoz Haraindiko Ministerioaren laguntza ere, baina kasu horretan jakinarazpen ofizialik izan gabe eta azalpenik batere ukan gabe.

Irakurketa orokor bat eskaturik, bere sentimenduaren berri emanen du OIPren Frantziako zuzendariak: «Estatuak ez du kontrabotererik behar, eta ez duela, bere iduriko, bere betebeharra kontrabotere horien finantzatzea. Alta, eztabaida demokratikoaren bermea da».

Iraupena arrisku erreala izanik, OIP laguntza pribatuen eskean hasi da berriki. Bi aste eskaseko epean, 80.000 euroko diru zama bildu du. «Ez da aski izanen epe luzean ibilmoldea ziurtatzeko, baina erakusten du interesa badela», ziurtatu du zuzendariak. Badaki ekarpen pribatuena ez dela egonkortzeko bidea izanen ere: «Gure galdera nagusia da zer eredu ekonomikorekin segitu laguntza publikorik ez badugu, eta, gure kausa ez denez pribatuentzat 'salgarria', argi da estatuak behar lituzkeela ahalak ezarri».

Presoak eta eskubideak

2014tik 2019ra, 282.000 euroko diru laguntza publikoak galdu ditu Behatokiak. Alta, presoen kopurua goraka joan da arte berean. Orain, 72.000 preso lirateke Frantziako Estatuan; «bake garaietan» izan den kopururik gorena, OIPren arabera. «Argi da hazka eta traba eragiten dugula. Erraten da ez dela janaria ematen dizun eskua ausiki behar», dio Marelek, ironikoki.

Presondegien Behatokiak argitara ekartzen dituen datuak, analisiak, lekukotasunak edo txosten gotorrak (izan Dedansdehors —barneankanpoan— aldizkarian edo www.oip.org webgunean) ez dira bortxaz instituzio publiko guztien gustukoak. Presoen eskubideez informazioa zabaltzen du, gainera, batzuetan aldaketak ere eraginez.

1995etik 1998ra Beauvaisko presondegian (Frantzia) izan gertakari larriak salatu zituen, adibidez, behatokiak. Horren ondorioz, OIPk kanpaina bat egin zuen presondegiek kanpoko kontrol bat ukan zezaten; diputatu batzuek presondegiak bisitatzeko eskubidea bereganatu zuten egun batzuk berantago. 2008an, askatasunez gabetzeko guneen kontrolatzaile orokorraren figura sortu zen, hori ere Behatokiak pusatu zentzuan. Presondegietako sanotasun eskasia, presoen lan eskubideen defentsa eta beste eskubideen alde urteetako lana ere badarama elkarteak.

«Europako giza eskubideen gortera estatuaren eta presondegietako administrazioen arau hausteak eramaten dituen elkarte bat argi da are gutxiago sostengatua izanen dela», Mesple Baionako militantearen ustez. Ñabardurarik gabekoa da haren irakurketa: «OIP bete-betean eremu politikoan ari da, eta haren kontrako erreakzioa politikoa da. Traba egiten du, agerikoa da».

OIP ez bezala, Genepi elkartea presondegietara sartzeko sortu zen: presoei kurtsoak edo aktibitateak proposatzeko. Baionako presondegian, haatik, azken bost bat urteetan sartu gabeak dira elkarteko kideak. Presondegietako Behatokiari bezala, diru laguntzak moztu zizkion gobernuak Genepiri ere —zehazki, Justizia Ministerioak— duela bost urte inguru. Genepiko kide Kloe Etxamendik abisatu du «pixkanaka gauza anitz kentzen» ari direla: «Parekotasunik ezaren behatokia bezala... Jendeak ez ditu ezagutzen gauza horiek; ondorioz, ez dira ohartzen ere kentzen direla. Alta, biziki inportanteak dira».

Salaketen eraginak

Genepi ere Frantzia mailako elkartea da, baina Baionan beste bide bat hartzea pentsatzen hasiak dira. Baionako presondegiko zuzendari berriarekin bildu ziren iaz. Etxamendi: «Bera ados da sar gaitezen, biziki irekia da gure aktibitateei». Elkarteak, aldiz, erabakia du besteetan bezala Baionako presondegian ez sartzea. Kide lapurtarrek laster ezagutaraziko duten xede berri batentzat; ondorioz, beste elkarte batekin lan egitea ere ikertzen dute presoekin lan egin ahal izateko.

Duela 45 urte sortu zelarik, presondegi barnera joaten zen beste elkarterik kasik ez zen estatu mailan. Genepi elkartearen diru laguntzak kendu izanak zerikusia badu horrekin, Etxamendiren erranetan: «Lehen beldur ziren, Genepiri laguntzak moztuz gero nehork ez baitzien presoei aktibitaterik proposatuko. Geroztik badira elkarte txikiak giltzapera sartzen direnak, eta, Genepirekin ez bezala, politikarik egiten ez dutenak. Ez dute deus salatzen; guk, aldiz, egiten dugu». Genepiko kideak berriz presondegira sartu artean, adibidez, Gurutze Gorriak informatzen ditu OIPko kideak barneko egoeraz.

Baionako presondegiko zuzendari berriari jarrera aldaketa bat sumatu diote presoekin lanean ari diren elkarteek. «Iniziatiba berriak, argiagoak» onartzen dizkio OIPko kide baionarrak, nahiz duda ukan «zer heinetara komunikazioa ez ote den». Baina ziurtatzen du «baldintza prekarioetan» izanik ere aktibitate gehiago egiten dela Baionako presondegian, joan den udaberrian Graine de Liberte elkarteak eskaini baratzezaintza tailerrarekin bezala, besteak beste.

Mesplek oroitarazi du, halere, presondegiko baldintzak beti desberdinak direla: «Presoek aktibitateak ukan ditzaten, zaindariek utzi behar dituzte. Batzuetan, arbitrarioki ez dituzte ziegatik ateratzen, eta ezin dute aktibitatera joan». Gainpopulazioak ere eragina du Baionako presoen bizi baldintzetan, nahiz eta azken datuen berri ez ukan: 75 lekuko presondegian, garaien arabera, 90 eta 110 preso artean zenbatu izan dituzte.

Presondegietara elkartasuna helarazteko lan egiten duten elkarteek, Cecile Marcelen arabera, beste elkarte guztien arazo berberak dituzte: lan kontratu lagunduen desagertzea, eta, fundazioen finantzazioa apaltzearen ondorioz (ISF zerga desagertzearekin), iturri horretatik diru gutxiago kausitzea. «Elkarte mundua itotzen ari dira hainbat neurrirekin, eta, gurea bezalako batentzat, kausa ez denez zabala...». Pribatutik finantzatzeko esperantzak urriak dira, Marcelen ustez. «Estatuak ez bagaitu laguntzen, argi da pribatuaren aldetik arrunt zaila izanen dela».

Dirua da bat, borondatezko lana bestea. Etxamendik ez du lehen aldiz erraten: «Baionan ez da euskal presorik, baina badira presoak halere. Baionako kartzelan bada egitekoa».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Apirilaren 7an eguneratua, 14:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 12.401 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda. 790 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 4.149 pertsonari eman diete alta. Grafikoak, albiste barruan.

Zazpi kaletako metro sarrera, Bilbon. ©Aritz Loiola / Foku

Beste 77.200 kasu atzeman dituzte munduan

Berria

OME Osasunaren Munduko Erakundeak emaniko datuen arabera, munduan 1.279.722 COVID-19 kasu diagnostikatu dituzte dagoeneko, atzo baino 77.200 gehiago. Edonola ere, aurreko egunarekin parekatuta, %5 gutxiago dira gehituriko kasuak. Denera 72.716 pertsona hil ditu birusak dagoeneko munduan.

Urkullu lehendakaria eta Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua ©Irekia

ELAren eta LABen salaketari buruzko erabakia atzeratu egin du EAEko Justizia Auzitegiak

Jokin Sagarzazu

Urkulluk dio sindikatuek auzitara jo izanak ez duela «inolako justifikaziorik».

Lanbidek Bilbon duen buego bat, aurreko astean ©Luis Tejido (Efe)

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Joanes Etxebarria

Informazio osagarria