KRITIKA. Dantza

Zoriontasun bila

Agus Perez.
2021eko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun

'#56'

Konpainia: Dantzaz. Zuzendari artistikoa: Adriana Pous. Koreografiak: Martin Harriague, Sade Mamedova. Musika: J. C. Arriaga, M. Lugo, J. S. Bach, Yemen Blues, J. A. Jiménez. Argiak: Martin Harriague, Sade Mamedova, Alberto Arizaga. Jantziak: Martin Harriague, Nahia Salaberria, Fanny Alonso. Lekua: Barakaldo antzokia.Eguna: Urtarrilak 16.

Dantzaz konpainiak Barakaldo antzokira ekarri du #56 izeneko egitaraua, eta haren barruko hiru piezetan gizakiek zoriontasunaren bila egindako ahaleginak agertu dira.

Lehen atalak —Esclavos felices— Juan Crisostomo Arriagaren izen bereko obra du oinarri. Kutsu umoretsua duen lan honetan disko-jogailu eramangarri batean entzun dugu Los esclavos felices-en obertura, esklaboen jabeak panpinak balira bezala manipulatzen zituela, eta iraganari begirako keinuak jantzien xehetasun txiki batzuetan eta sepia kolorearen erabileran ere antzeman dira. Horren ostean, bizitza propioa eskuratu dute dantzariek, arabeskoak eginez eta oinarri klasikoa mimika aberatsarekin uztartuta. Mugimendua gero eta azkarragoa izan da, eta horretara dator Martin Harriague koreografoak bere buruari egindako galdera: zoriontsuak ote gara gaurko erritmo biziaren esklabo izanda?

Bigarren zatiak —Thirty— omenaldia egin die New York hiriaren pareko irlatik igarotako hamabi milioi migratzaileei, eta, haien bidez, gaur egun migratze behartuetan dauden guztiei. Sade Mamedova errusiarraren lehen talde-koreografia dugu hau, eta dantzarien eboluzioetan jende haien behera etortzeak, elkarri laguntzeak eta beldurrak ikusi ditugu, giza kateen eta langa gaindiezinezkoen irudiekin batera.

Espetxe batean baleude bezala, antzeko uniforme grisaxka apalak jantzi dituzte haiek guztiek, eta argiak ere tonu berekoak izan dira, une batzuetan berde-marroi tonuetara aldatuta. Mateo Lugok pieza honetarako sortu duen piano musika ederra tragikotik hurbil ibili da gehienetan, eta amaiera aldera dantzari batek oihu desesperatuen imintzioa egin du, bere ahotik batere hotsik atera gabe, metafora ederrean irudikatuz entzuten ez ditugun oihu galduen deia.

Hirugarren koreografia—Walls— Harriaguek Israelen ikusitakoan du inspirazioa. Ohol beltzez egindako hesi batek banatu ditu agertokiaren atzealdea eta aurrealdea, bi mundu haien arteko banaketa bortitza sinbolizatuz. Hasiera batean, beltzez jantzitako neska batek jaurti du bere burua behin eta berriro murruaren kontra, alde bateko desolazioa eta inpotentzia irudikatuz, eta une batean Trump itxurako pertsonaia bat agertu da, aurpegia zapi beltz batez estalita, eta tribuna batetik bota ditu bere diskurtsoen zati sanpleatuak, blokeen arteko zirrikituetatik dantzarien eskuek eta besoek hitzen erritmoak markatzen zituztela, keinu-koordinazio ariketa eder batean.

Bachen musika entzuten genuelarik, kea ikusi eta leherketen burrunba entzun dugu; beste une batean, arabiar doinu garaikideek lagundu dute dantzarien energia gaztea; gazte batek jaurtiriko harriak bidaia geldoa egin du Trumpenganaino, eta bueltako bidean palestinarra bera jo du. Gero, benetako harriak etorri dira atzealdetik, eta mexikar bals ezagun batek gogoratu digu AEBen mugako harresia, baina unerik sublimeenean neska batek horma eskalatu, eta bere maitearekin elkartu da, Verdiren lirismoak lagunduta.

Zalantzarik gabe, obra honek Harriagueren aurreko guztia gainditzen du, eta merezimendu osoz sartuko da munduko koreografia handien artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.