KRITIKA. Musika

Haize klasiko boreala

2021eko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun

Euskadiko Orkestra

Zuzendaria: Robert Treviño. Egitaraua: W. A. Mozarten 41. sinfonia, Jupiter; eta J. Sibeliusen 3. sinfonia, op. 52. Lekua: Kursaaleko Auditoriuma, Donostian.Eguna: Urtarrilak 15.

Behzod Abduraimov piano jotzaile uzbekistandarrak bere parte hartzea bertan behera utzi ostean, Euskadiko Orkestrak bere Aire Nordikoa programa aldatu behar izan du azken momentuan: J. Sibeliusen 3. sinfonia mantendu dute, baina B. Bartoken pianorako 3. kontzertua eskaini beharrean, W. A. Mozarten 41. sinfonia berreskuratu dute.

Salzburgoko prodijioak musika benetan distiratsua aurkezten du, gerora Jupiter ezizenaz ezagutu den sinfonia, ia edonoiz entzun daitekeen horietakoa (izan ere, azken zazpi hilabeteetan bitan eman da zuzenean Kursaalean, eta orkestrak berak grabaketa egin zuen ekaina bukaeran Euskadiko Orkestra Martxan! ekimenari esker). Lau mugimenduetangaraiko konbentzionalismoak apur bat tenkatzen dituzten material jostalariak eta irmoak biltzen ditu Mozartek, tarteka entzuleari ziria sartu nahi balio bezala. Arin jardun zen Treviñoren batuta klasizismoaren zirrikituen artean, baina presarik gabe; haizeek gogo lasai eta kitzikaria batu zituzten Menuetto-aren trioan. Interpretazio bizia izan zen orokorrean, azken mugimenduaren erakustaldi ezagunean eztanda eginez.

1904. urtean, bere emazte Ainoren omenez, Ainola izeneko etxera joan zen bizitzera Sibelius familia, Helsinkitik berrogeita hamar bat kilometrotara. Jean bertan hasi omen zen bere 3. sinfoniaren lehen ideiak zehazten, bigarren sinfoniaren arrakastak ekarri zion ospea soinean zuela, eta 1906ko Pohjolaren alaba poema sinfonikoaren zirriborroetan zeuden hainbat material erabili zituen. Bere aurreko obren izaera erromantikotik eta nazionalismoen gaietatik aldenduz, pieza ia neoklasikoa aurkezten du Sibeliusek, aldi berean argia, trinkoa eta zorrotza. Euskadiko Orkestrako biolontxeloak eta kontrabaxuak doi-doi ibili ziren folklore finlandiarraren printzak dituen lehen gaiaren garapenean. Haizeek aurora borealen kolorez bete zituzten Andantino zein Allegro ma non tanto-aren melodiak, eta Treviñok ez zuen aukera galdu azken horri intentsitatea eta hatsa emateko, ereserki solemnearen antza har zezan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.