Udal eta foru hauteskundeak. Bizkaiko Batzar Nagusiak

EAJk bere lidergoari eutsi dio, eta gehiengo osoaren atarian lotu

Jeltzaleak nabarmen gailendu dira: 23 batzarkide izan ostean, orain 25 izango dituzte. EH Bilduk bat galdu du, duela lau urteko emaitzak hobetu arren. PP amildu egin da

gotzon hermosilla
Bilbo
2019ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Zalantza gutxi zegoen Bizkaian EAJren garaipenaren inguruan, eta pronostikoek ez dute huts egin. Iragarri bezala, bere hegemonia berretsi eta zabaldu egin dute jeltzaleek: 250.000 boto baino gehiago jaso dituzte, eta batzarkide kopurua ere handitu dute, 23tik 25era. Gehiengo osoaren atarian gelditu da: 26 batzarkide da horren langa, eta baten faltan lotu da EAJ.

Barruti guztietan gailendu da EAJ, nagusitasun handiz, eta inon ez da %40tik jaisten: Bizkai osoko datuak kontuan hartuta, botoen %43 lortu ditu —lehen, %37—, eta Busturia-Uribe barrutian, %47ra joaten da jeltzaleek lorturiko portzentaia.

EAJk lehen zituen 23 batzarkideez gain, bat gehiago eskuratu dute Enkarterrietan, eta beste bat Busturia-Uriben. Beraz, eta gehiengo osoa lortu ez badu ere, eskura du Unai Rementeriak berriro ere Bizkaiko ahaldun nagusi izatea, horretarako PSE-EEren botoak beharko baditu ere.

Sabin Etxean nabaria zen poza, emaitzak zirela eta: «Herritarrengandik jaso dugun babes honek lanean jarraitzeko indarra ematen digu», esan du EAJren EBBren lehendakari Andoni Ortuzarrek.

EH Bilduk, bat gutxiago

EH Bilduk duela lau urte baino boto gehiago lortu du —116.000 baino gehiago; aurreko foru hauteskundeetan 106.000 izan zituen—, eta ehunekoetan ere hobetu egin du bere posizioa—%19,72; duela lau urte botoen %18,86 lortu zituen—, baina Busturia-Uribe barrutian zituen lau batzarkideetatik bat galdu du—EAJk eskuratzen duena, hain zuzen—, nahiz eta barruti horretan ere botoetan eta ehunekoetan gora egin. Beraz, 11 batzarkide izatetik hamar izatera pasatu da.EH Bilduk Bizkaiko bigarren indarra izaten segitzen du —zenbaketaren hasieran bazirudien PSE-EEk kenduko ziola bigarren postu hori; azkenean, 20.000 boto atera dizkio hirugarren indarrari—, baina batzarkide kopurua murriztu izanak itsustu egiten ditu koalizio subiranistak lorturiko emaitza onak.

PSE-EE hazi egin da, joan den apirilean Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan lorturiko emaitza onek atoian eramanda: duela lau urte baino 27.000 mila boto gehiago zenbatu ditu —orotara, 97.000 inguru—, eta batzarkide bat gehiago lortu du, zazpitik zortzira. Bilbon eta Enkarterrietan da indartsuen: bere zortzi batzarkideetatik sei bi barruti horietan lortu ditu, Bilbon bat irabazita.

Elkarrekin Podemosek ez du izan inkestek iragartzen zioten beherakadarik, ordezkaritzari dagokionez behintzat. Botoetan jaitsi arren —20.000 bat boto gutxiago—, eskuratu dituen 60.000 botoak nahikoak izan dira lehen zituen sei batzarkideei eusteko. Esan daiteke Elkarrekin Podemosi EH Bilduri gertatutakoaren kontrakoa jazo zaiola: batzarkide kopurua bere horretan gelditu izanak apaindu egiten du botoetan izandako galera.

PP, berriz, amildu egin da. Botoen %6,68 baino ez ditu lortu, eta, hori baino larriagoa, Bizkaiko Batzar Nagusietan zuen ordezkaritza erdira murriztu da, lautik bira pasatuta. Bilbon eta Durango-Arratian baino ez ditu batzarkideak lortu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.