KRITIKA. Musika

Ganbera musikak, Sorozabal gogoan

2022ko ekainaren 25a
00:00
Entzun

'Ensemble Sorozabal'

Musikariak: Pablo Suarez Calero, Balint Vayar (biolinak); Paula Garcia Morales (biola); Nerea Sorozabal Moreno, Angela Lobato del Castillo (biolontxeloa), Dario Llanos Javierre (pianoa). Egitaraua: P. Sorozabalen ganbera musika: Hari laukotea fa maiorrean op. 3, Suite La del manojo de rosas, Biolin eta pianorako piezak, Triorako piezak, Black, el payasobi fantasia. Lekua: DonostiakoViktoria Eugenia antzokia.Eguna: Ekainak 23.

Aurten 125 urte izango dira Pablo Sorozabal Mariezkurrena konpositore donostiarra jaio zela. Bere lana omentzeko kontzertu eta emanaldi ugari antolatu dira: Donostiako Hamabostaldiak, esaterako, tokia egin dio bere musikari, eta Donostia Musika Elkarteak ere bere obrak taularatzeko zikloa antolatu du. Ahots musikari eskainitako errezitalaren ondoren, bere ganbera musika biltzen zuen kontzertua izan zen ostegunean. Sorozabalen ekoizpena askotarikoa bada ere, pieza instrumentalak ez dira genero lirikoaren obrak bezain ezagunak; baina badira altxorrak.

Interpretatu zen lehena, Hari laukotea fa maiorrean, gazte garaian idatzi zuen Sorozabalek, oraindik Donostiako Kontserbatorioan ikasle zebilela. Hainbat klasekidek Carpachophi izeneko laukotea osatu, eta eskolaz kanpoko orduetan entseguak egiteko biltzen ziren. Konposizio propio bat aurkeztu zien behin, arrakastaz; geroztik, bere hitzetan, «libreki eta intuizioak gidatuta» idazten jarraitu zuen. Tartean, hari laukote honen Andante-a izango zena. Batzuetan arrastakinez osatuta dagoela dirudi, eta bertan ez da topatzen Sorozabalen musikan entzutera ohituta gauden lirismorik, baina harrapatu egiten zaitu, nonbait. Ondoren, La del manojo de rosas zarzuelaren suite bat eskaini zuten, omenduaren birbiloba den Nerea Sorozabalek biolin eta biolontxeloarentzako egindako moldaketan. Ñabardura eta kolore ederrez bete ziren Romanza de Ascensión eta Farruca, bi instrumentuen jolasean.

Bigarren zatia lau pieza motzek ireki zuten. Lehen biak, Eresi eta Inguruko, Aita Donostiaren kantutegian bilduta dauden bi melodietan oinarrituta daudenak, samur eskaini zituzten Balint Vayarrek eta Dario Llanosek. Ondorengo trioek, Txori abestiak eta Ume malkoak, Sorozabalek hain maite zuen musika herrikoiaren garapena islatzen dute: kalitate teknikoari uko egin gabe herritarrentzat egindako musika, herriak goza dezan. Hala, seikotearentzat idatzitako Black, el payaso bi fantasiak gozagarriak izan ziren benetan. Beharrezko omenaldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.