urtzirrutikoetxea
Leku-lekutan

365 egun ala 3 urte?

2013ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Dataren garrantziaz idatzi gura nuen gaur. Batzuen ilusio handia eta besteen alarma gorriak piztu ditu Kataluniako prozesuak. Baina lehenen artean mesfidantza ere bazegoen -errezelo handia ere bai Euskal Herrian, Kataluniak noiz eta zelan aurre hartu digun ulertu ezinik, tranpa non dagoen asmatu guran- eta bigarrenek azken itxaropen bat ere bazeukaten, zelan edo halan egoera «bideratuko» ote zen. Horregatik, Kataluniako Biltzar Nazionalaren eskaria izan da, giza-kate itxura guztien arabera arrakastatsuaren ondoren, Artur Masek data eta galdera jakinaraz ditzala. Diadaren biharamunerako eskatu diote hori lehendakariari. ERC eta CiUren arteko gobernu-hitzarmenak urrats hori aurtengo urtea amaitu aurretik egin behar dela dio, hau da, 2013an bertan esan behar zaiela katalanei noiz eta zein galderari erantzuteko deituko dituzten bozkatzera. Eta 2016 irten da Masen ahotik. Baldintzapean bai, baina data hori gelditu da, Espainiaren lasaigarri (gurean ere gogora ekarri beharko mendebaldeko autonomian 2015erako estatus berria aipatzen zela).

Katalunia erlatibismo handi batean bizi da. Gaur arte garrantzi handia zuten gauzek une honetan gutxi balio dute orain bertan. Espainiak ezarritako defizit muga, aurrekontua bera... zer axola dute, datorren urtean Espainiatik kanpo egongo bazara? Maratoiko azken txanpan oinetakoak urratuz gero ere, aterako duzu nonbaitetik indarrik mugara heltzeko. Baina muga hori bera ikusten ari zarela bi kilometro atzerarazi, eta etsiak bete-betean harrapatuko zaitu. Ez dira kilometro bi, aurretik egindako bidea da.

Vicent Partalek ostiraleko Vilaweb-eko editorialean «zer egingo du Masek 2015ean?» galdetzen zuen. Baina urte eta erdi beharrean, hiru hilotan dago dena jokoan, eta ERCk dauka horretarako aukera: 2014an herritarrek bozkatuko dutela argi utzita. Eguberriak baino lehen adostu behar dira galdera eta 2014ko data. Apustua ala iruzurra, baina datozen ehun egunetan argitu behar du Kataluniako presidenteak. Eta ERCk. Oriol Junquerasek esan zien eszeptikoei: «68 diputatu banitu (erdia gehi bat), bihar bertan deituko nuke erreferenduma». CDCren saldukeria gauzatuz gero, bide hori landu behar. Companysen alderdiaz dihardugu, azken finean.

Azken egunek alarma gorriak eta susmo txarrenak piztu dituzte Katalunian, joan den astean Mariano Rajoyrekin bildu zela jakin eta gero batez ere. 2006ko Artur Mas ikusi dute askok, Masek berak urteotan ezabatu nahi izan duen irudi hori: Pasqual Maragallek —ERCrekin koalizioan— egindako Estatutua Zapaterorekin ezkutuan bilduta urardotu zuenekoa. Partalek gogora zekarkion zenbat kostatzen den irudi bat garbitzea, eta zeinen erraz zikindu daitekeen. Orain arte, CDCko eta alderditik kanpoko askok 2006koa «barkatu» diote; aurrerantzean, erreferendumera deituta ere, ez dute berehalakoan mesfidantza galduko.

Independentziaz, sezesioaz, Estatua sortzeaz, bereizteaz, geroz eta jende gehiago ari gara gaia lantzen. Ñabardurak ñabardura, badira prozesu gehienek dauzkaten ezaugarriak: autonomia zabaleko lurraldea, nortasun bereziko biztanleria, independentzia nahi duen Gobernua, krisian eta gainbehera datorren Estatu bat, Estatu horren aurkako arrangura barneratuta daukan gizarte edo demos-a, sezesioaren aldeko ekintza kolektiboa edo mobilizazioa... batzuek diotenez, prozesua bururatzeko elementu garrantzitsua da arrangura horietan Estatuaren errepresioa ere egotea —horren gabeziak azaldu lezake Quebeceko porrota, eta hori bera Eskoziako erronka—. Mario Zubiagak eliteen desertzioa ere aipatu izan du: une batean lurraldeko eliteek, botere ekonomikoek, Estatu berri eta txikiagoan orain artekoan baino hobeto egongo direla ikusita sezesioarekin bat egiten duten unea. Martxelo Otamendik ostegunean zioen Radio Euskadin, Kataluniako elite horietan alarmak piztuta zeudela. Espainia aldean ere horrelakorik esaten da: botere ekonomikoak Rajoyrenera jo ote duen, ikusarazteko etengabeko ukazioak ate guztiak ixten dituela, eta horrelakoetan lapikoak lehertu besterik ez duela, gutxien gura den lekutik irteteko. Masek eta Rajoyk zer hitzegin edo adostu zuten, ez dago argi; hobe erratzea, baina kosta egiten da Mas ausart eta duina irudikatzea, Rajoyrekin negoziatzen baina tinko, Kataluniak demokrazia eskatu duela eta Mas bere herriaren aginduetara dagoela.

Baliteke goiko ezaugarrietatik, eliteenak kale egitea Katalunian, Eskozian ekintza kolektiborik gabe ilusiorik piztu ez den ber gisan (sezesiorako ezaugarri horietatik zenbat falta ditugu Euskal Herrian?). Baina Kataluniako independentismoa mobilizazioak ekarri du, batez ere. Eta etzidamu berriz esango du, Kataluniak hitza eta erabakia ezinbesteko dituela, eta datozen 365 egunetan erabakiko dutela Estatu izan nahi duten. Une kritikoa da Katalunian; gorputzak Masi eta eliteei haserre egitea eskatu arren, aurkakoa lantzeko tenorea, lasaitu, patxadaz hartu eta konfiantza eman. Bestea, hortxe dago, hilaren 11n agerian berriz ere: Espainiaren ukazioaren gainetik pasatzeko prest dago Kataluniako herria. Hobe luke Artur Masek aldamenean joan; parean jarriz gero haren gainetik ere pasako dira eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.