Ezusteak, beste batean

Evenepoel zen faborito nagusia, eta hark irabazi du erlojupekoa. Roglic bigarren izan da, eta Mas aurreratu du sailkapen nagusian

Ezusteak, beste batean.
Beñat Mujika Telleria.
2022ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Espainiako Vueltako azken lau erlojupekoak Primoz Roglicek (Jumbo-Visma) irabazi zituen. Atzo zoria aldatu zen, ordea. Remco Evenepoelek (Quick-Step) ikuskizuna eman zuen atzoko erlojupekoan, eta, hiru asteko itzuli batean lehenengo garaipena lortzeaz gain, sailkapen nagusian lehendik zeukan aldea handitu egin du. Roglic bera izan zen bigarren, baina 48 segundo motelago aritu zen esloveniarra. Hala ere, bigarren da orain sailkapenean.

Hiru txirrindulari gutxiagorekin itzuli zen Espainiako Vuelta. Izan ere, atseden egunaren ostean, Mathias Norsgaardek (Movistar), Jarrad Driznersek (Lotto) eta Ethan Hayterrek (Ineos) positibo eman dute COVID-19an. Guztira, hamahiru txirrindularik utzi dute dagoeneko Espainiako Vuelta arrazoi horregatik. Elxetik Alacantera (Herrialde Katalanak) ia 31 kilometro egin zituzten txirrindulariek ibilbide lau batean, eta beroari, hezetasunari eta haizeari egin behar izan zieten aurre. Espezialistentzat ibilbide aproposa zen, eta taldeburuen artean esperotako aldeak ikusi ziren. Evenepoel eta Roglic ziren hautagai nagusiak, eta esperotakoa bete zen.

Remi Cavagnarena (Quick-Step) izan zen kontuan hartzeko lehenengo denbora. Abiadura bizian egin zuen frantziarrak ibilbidea, batez beste orduko 54 kilometroan, eta etapa irabazteko hautagaitza aurkeztu zuen.

Arratsaldea aurrera joan ahala, haizeak behera egin zuen, eta hori ere alde izan zuten sailkapen nagusian lehiatzen ari direnek. Lehenengo mugarrian frantziarraren denbora bera egin zuten Pavel Sivakovek (Ineos) eta Roglicek, baina Evenepoelek aise hobetu zuen denbora hori. 21 segundo gutxiago behar izan zituen mugarri horretan, eta 36 hurrengoan. Azkenean Evenepoelek irabazi zuen etapa, eta hasi aurretik zeukan aldea handitu zuen. Batez beste orduko 55,7 kilometroko abiaduran egin zuen ibilbidea flandriarrak.

Roglicek 48 segundo gehiago behar izan zituen, baina esloveniarrak Mas aurreratu du sailkapen nagusian. Balear Uharteetakoak ia bi minutu galdu zituen helmugan. Sailkapen nagusian Evenepoel da oraindik lider. Simon Yates (Bike Exchange) zazpigarren izan zen erlojupekoan, eta bosgarren postua kendu dio Juan Ayusori (UAE).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.