TOKIO 2020

KIROLA BABESLEKU

2016ko Olinpiar Jokoetan bezala, kirolari errefuxiatuz osatutako talde bat ari da lehiatzen. 29 dira guztira, Rion izandakoak halako hiru ia. Nazioarteko Olinpiar Batzordeak eta UNHCRk emandako bekei esker ari dira bidea egiten kirolari horiek.

Tachlowini Gabriyesos maratoi korrikalaria. BERRIA.
ainara arratibel gascon
Tokio
2021eko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Masomah Ali Zada txirrindularia afganistandarra da sortzez. 1996an, haur bat zela, familia osoak Iranera egin zuen ihes, han asiloa eskatu asmoz. Baina ez zieten eman. Alderantziz. Errefuxiatu izateagatik irainak eta mehatxuak jasan zituzten, eta Zadari eta haren bi anaiei ez zieten eskolara joaten utzi. Azkenean, familiak etxera itzultzea erabaki zuen. Eskolan, Zada kirolean nabarmentzen hasi zen. Batez ere, bizikletan ibiltzea maite zuen. Baina neskato bat bizikletan ibiltzea probokazio edo mehatxu baten moduan ikusten zuten Talibanek. Bizikleta gainean ikusten zuten aldiro, iraindu egiten zuten, eta arrautzak eta fruta ere jaurtitzen zizkioten. Egun batean, gazte batek autoarekin harrapatu zuen, eta errepide bazter batean utzi zuen. Aitak hasieratik babestu zuen, eta hauspotu egin zuen alabak txirrindulari izateko zuen ametsa. Zahra ahizpa ere hasi zen bizikletan. Urte oso gogorren ostean, 2016a mugarri izan zen bi ahizpentzat. Frantziako Abi herrira bidaiatu zuten sekretuan, lasterketa bat jokatzera. Han, bi ahizpen bizipenen berri izan zuen jada erretreta hartua zuen Patrick Communaln abokatuak, eta asiloa lortzen lagundu zien. Ordutik, han bizi dira, eta Masomahk, Ingeniaritza Zibila ikastearekin batera, txirrindulari izatea lortu du: «Bizikleta gainean aske sentitzen naiz».

Tachlowini Gabriyesos atletak, berriz, 12 urterekin egin zuen ihes Eritreatik. Gosetik eta gerratik ihesi egin zuen eskolako lagun batekin. Etiopia eta Sudan zeharkatu zituen oinez, eta, ondoren, basamortuan zehar iritsi zen Europara. Milaka kilometro egin zituen. Gogoan du, jarraitu beharreko norabideaz gogoratzeko, oinetakoak haruntz begira jartzen zituztela gauero. Azkenean, Bulgariara ailegatu, eta bere egungo entrenatzailea ezagutu zuen. Distantzia luzeko probak egiten hasi zen, eta maratoiak kateatu zuen: «Mentalki probarik gogorrena da, baina fisikoki, eta batez ere mentalki, Tachiowinik sobera du ahalmena halako proba baterako».

Hain zuzen ere, Gabriyesos eta Zada egun hauetan Tokion dira lehiatzen. Errefuxiatuen taldeko kideak dira. Nazioarteko Olinpiar Batzordeak eta UNHCRk bultzatu dute, eta guztira 29 dira. Gabriyesosek ordezkaritzaren bandera eraman zuen irekiera ekitaldian, Yusra Mardini igerilariarekin batera.

Historia gogorra du hark ere. Siriakoa da. Gurasoek, gerratik salbatuko zituztela pentsatuz, diru bat ordaindu zuten, ahizparekin batera Greziara eramateko, eta handik Alemaniako familiarengana. Baina, zoritxarrez, dirua mafien eskuetara iritsi zen. Herrikidez betetako ontzi batean sartu zituzten. Europara iristeko ametsa amesgaizto bihurtzen hasi zen Egeo itsasoaren erdian ontzia hondoratzen hasi zenean. Hogei lagun zihoazen, eta Mardini ahizpak ziren igeri egiten zekiten apurrenetako bi. Ez zuten bitan pentsatu, eta itsasora bota zuten euren burua, ontziari bultza egiteko. Ontzian zihoazen beste bi gizonen laguntzaz, ontzia bideratu ahal izan zuten, eta Lesbosera iritsi ziren. Baina bidean, dena galdu zuten.

Bigarren aldia

Lurrera iritsi, eta oinez Alemaniarako bidea egin zuten, sendiarengana iristeko. Han, babesa izan zuten, eta beren kirol gustukoena egiten jarraitzeko aukera. Harik eta Mardini Olinpiar Jokoetan parte hartzera iritsi den arte. Kirol emaitzetatik harago, itxaropen eta aldarrikapen mezu bat eman nahi dute: «Ez dago guk ordezkatzen ditugun adina pertsona ordezkatzen dituen kirolaririk. Mundu osoko errefuxiatuen ahotsa da gurea», esan du Mardinik.Zadak, berriz, ondorengo hau azpimarratu du: «Emakume musulman bat bizikletan ibiltzea desegokia dela uste duten horiei oker daudela erakutsi nahi diet».

Errefuxiatuen taldean ari diren 29ek kirolean aurkitu dute aterpea. Nazioarteko Olinpiar Batzordeak eta UNHCRk 2016ko Rioko Olinpiar Jokoei begira jarri zuten martxan kirolari errefuxiatuentzako beka programa. Rion 11 kirolari errefuxiatu izan ziren. Orain, ia halako hiru da kopuru hori. Guztira, 55 kirolarik jasotzen dute beka hori.

Filippo Grandi UNHCRko ordezkaria pozik dago: «Harro gaude guztietaz. Sekulako multzoa dira, eta proiektu honek beste behin agerian utzi du errefuxiatuei aukera ematen zaienean posible dela gauzak aldatzea. Itxaropena izan behar da, eta batez ere, horren alde egin». Thomas Bach Nazioarteko Olinpiar Batzordeko burua berdintsu mintzatu da: «Sortu genuenean baino behar handiagoa dago halako proiektu bati segida emateko. Izan ere, egunetik egunera gora doa errefuxiatuen kopurua eta haiek bizi dituzten bidegabekeria eta krudelkeria. Olinpiar balioak islatzen ditu kirolari multzo honek». Paralinpiar Jokoetan ere ariko dira kirolari errefuxiatuak. Bi izan ziren Rion; sei izango dira Tokion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.