Euskaltzaindiak literatur lanen fase ugariak landuko ditu

'Idazkien eta hizkuntzen arteko itzulpena: eskuizkribuak, inprimakiak, literatura artxiboak' izenpean egingo dute jardunaldia

Ezker-eskuin, Andres Urrutia, Aurelia Arkotxa eta Ibon Usarralde, atzo. L.J. / FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
Bilbo
2019ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Ehun urte bete ditu Euskaltzaindiak; horren aitzakian, akademiak egitasmo andana antolatzen dihardu. Horien artean, iazko irailean bederatzi jardunaldi akademiko iragarri zituzten, urtebetean sakabanatuta. Dialektologia, ahoskera eta Arantzazuko Biltzarra (1968) izan dituzte hizpide orain arte, besteak beste. Literaturari egokitu zaio txanda oraingoan: «Literatura letra larriz. Literatura fenomeno unibertsala izanda, euskal literaturak zein beste literatura batzuek izango dute presentzia jardunaldietan». Andres Urrutia euskaltzainburuak adierazi du asmoa. Izenburua ere ideia horren adierazle da: Idazkien eta hizkuntzen arteko itzulpena: eskuizkribuak, inprimakiak, literatura artxiboak. Eta erabat aproposa iruditzen zaio Aurelia Arkotxa antolatzaileari: « Izenean dakar helburua. Asmoa da idazlearen tailerrera joatea». Arkotxak tailerra deritzo sortzailearen artxiboari, argitaraturiko liburuaren «itzalean» dauden idatzi guztiei. Ñabardura bat erantsita: hizkuntza bat baino gehiago erabiltzen dituzten idazleei erreparatuko diete. Urteko jardunaldi zikloen seigarrena izango dira hau. Maiatzaren 16an eta 17an egingo dituzte, Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan.

Mendeurrena ospatzen ari direla-eta, Euskaltzaindiko kideek ondo dakite bide luzeak ibiltzen. Antzeko bidaia batean murgilduko dira han-hemengo 26 hizlari jardunaldietan. Hizlarien artean izango dira Lourdes Otaegi eta Igone Etxebarria euskaltzain urgazleak, Bernardo Atxaga idazle eta euskaltzain osoa edo Rainier Grutman Ottawako (Kanada) unibertsitateko irakaslea. Idazle eleaniztunen testuak jaso dituzte, lehen zirriborrotik hasi eta liburuak beste hizkuntzetara itzultzean jasandako bilakaeraraino. «Hausnarketa bat da. Sorkuntzaren, itzulpenaren eta idazleen artxiboen ingurukoa», dio Arkotxak. Sorkuntza prozesu luzeetan egileek dituzten zenbait tresna izango dituzte aztergai solaskideek: artxiboak eta itzulpena. «Artxiboetako sormena, baina hizkuntza bat baino gehiagoz hornitua. Espazio multikuturala, aniztasunean eta idazkien elkar eraginean oinarritua. Azkenean, mugimenduan dauden liburuak».

Gogoetari sei saio eskainiko dizkiote, eta gaia hainbat ertzetatik jorratuko dute. Ahotan izango dituzte , esaterako, hurbiltze genetikoa, idazleen artxibo eta bibliotekak eta euskara zein itzulpen literarioa eremu garaikidean. Begirada unibertsala izan dadin, orainean oinarritu bai, baina iragana ere aintzat hartu nahi dute, Arkotxak aipatu duenez.

Jakinarazi dute sarrera doakoa izango dela. Dena den, espazio mugatua den heinean, antolatzaileek ohartarazi dute komeni dela izena ematea ahalik eta arinen egitea. Telefonoz zein posta elektronikoz egiteko aukera egongo da, maiatzaren 13ra bitarte. Hurrengo jardunaldiak ekainean eta uztailean egingo dituzte; horietan, onomastika, gramatika eta teknologia berrien eta euskararen arteko harremana izango dituzte aztergai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.