Barakaldoko 52 urteko gizon bat espetxeratu dute, alabaz abusatzeagatik

12 urteko neskaren irakasle batek salatu du, hark kontatu baitio 6 urte zituenetik egiten zizkiola aitak abusuak. Gaur, elkarretaratze bat egingo dute

Elkarretaratze bat, Getxon, iazko ekainean. JUANAN RUIZ / FOKU.
Ibai Maruri Bilbao.
2019ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Alaba adingabeari sexu abusuak egitea egotzita, 52 urteko Barakaldoko gizon bat Basauriko (Bizkaia) espetxera bidali du epaileak. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, joan den ostegunean atxilotu zuen Ertzaintzak. Biktimak 12 urte ditu, eta, salatu duenez, 6 urte zituenetik egiten zizkion abusuak aitak. Eskolako irakasle bati kontatu zizkion, eta hark ipini zuen salaketa. Ostiral arratsaldetik dago gizona espetxean.

Barakaldoko Udaleko bozeramaile batzordeak gogor gaitzetsi ditu abusuak. Hiria eraso matxisten aurka dagoela ohartarazi du udalak. Familiarekin harremanetan ipiniko direla iragarri dute, udaleko Emakumearen Sailak dituen zerbitzuak eskaintzeko. Barakaldoko mugimendu feministak elkarretaratzera deitu du gaurko: 12:00etan izango da, Herriko plazan. Udalak parte hartzera deitu ditu barakaldarrak.

Besteak beste, Argitan Emakumeentzako Aholku Etxeak babestu du gaurko deialdia. Hango kide da Karmele Andres: «Neskak erakutsi duen adorea azpimarratu nahi dut. Oso garrantzitsua da salatzea, eta berak irakasleari kontatuta egin du». Izan ere,datuak kezkagarriak dira: kasuen %98 ez dira ez azaleratzen ez salatzen. Eta epaitegietara iristen diren %2 horietatik gehienak artxibatu egiten dira. Nahiz eta hedabideetan bereziki Elizari edo kirol taldeei lotutako kasuak agertu, abusuen %85 familian bertan gertatzen dira. Eta horiek dira gutxien azaleratzen direnak.

Andresek kontatu du Argitan-ek 12 eta 14 urte arteko neskentzako autodefentsa feminista ikastaroa eskaini duela azken bi urteotan. «Parte hartu dutenen %10ek esan digute euren inguruan halako kasuren bat ezagutzen dutela. Izugarria da». Horregatik, autodefentsa feministaren garrantziaz ohartarazi du; uste du erakunde publikoek sustatu beharko lituzketela ikastaroak.

Ingurukoen babes falta

Kontzientzia hartzea ere ezinbestekoa dela esan du; bai biktimek eurek, bai ingurukoek. «Kasuak ezagutzen zituzten neska horiek kontatu digute eurek ezagutzen zituzten biktimetako batzuek salatu nahi zutela, baina inguruan ez zutela babesik lortzen, eta ingurukoek garrantzia kentzen ziotela gertatzen ari zenari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.