Arrauna

Irabazle sena, odolean

Urdaibaik aise irabazi du Aresen (Galizia), estropada hirugarren luzean hautsi ostean. Isuntzak miraria behar du azken-aurreko postua saihestu ahal izateko

Urdaibai, azken joaldian, atzean Hondarribia eta Orio direla, atzo, Eusko Label ligako hamazazpigarren jardunaldian, Aresen, Galizian. A. ARRIZABALAGA / EUSKO LABEL LIGA.
Mikel O. Iribar.
2022ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Galiziako uretan jostalari aritu zen atzo Urdaibai, Aresen. Hasi indartsu, eta hobeto bukatu zuen Iker Zabalaren kuadrillak, eta modu horretara lortu zuen denboraldiko seigarren garaipena, Eusko Label ligako hamazazpigarren jardunaldian. Irabazle sena odolean daramate bermeotarrek. Ligako titulua irabazteko borrokan, berriz, Hondarribiari beste puntu bat atera dio, eta, orain, lauko abantaila dauka Ama Guadalupekoa-rekiko.

Galizian ohikoa den bezala, ipar-ekialdeko haize petrala zebilen, eta, eremua itsaso betean ez dagoenez, barrualdean bezala egin zuten arraun, haize olatu ale txiki apurren artean. Horrez gain, marea biziak direla eta, itsaslaster indartsuagoa zuten; arratsaldeak aurrera egin ahala, gero eta gogorrago —17:30ean zen marea goian—. Aldagai horiek kontuan hartuta, aurreneko kaletik zihoazen traineruek kai muturraren babesa zuten lehen hirurehun metroetan.

Zoriak hala erabakita, ligako lehen bi oilarrak elkarren ondoan joan ziren: Urdaibai, bigarrenetik; Hondarribia, hirugarrenetik. Lehen kaletik Orio aritu zen, eta Donostiarra, laugarrenetik. Bou Bizkaia estropada haustera irten zen, eta segituan lortu zuen lehen abantailatxoa gainerako hiru traineruekiko. Soilik Mikel Orbañanosen taldeak eutsi zion bermeotarren joaldiari; izan ere, Orio eta Donostiarra atzean geratzen ari ziren, apurka-apurka.

Urdaibai heldu zen lehena aurreneko ziabogara, baina segundo bakarrera zuen Hondarribia. Ioseba Amunarrizen kuadrillak ziaboga azkarra egin zuen, eta azken estropadetan ez bezala, konfiantzaz egin zuen maniobra. Bou Bizkaia-k, ordea, motor handiagoa du istribor aldean, eta segituan bi segundo aurretik jarri zen. Bitartean, Orio bost segundora zen, eta Donostiarra, seira.

Haizeak aurrez aurre jotzen zien patroiei, eta, beraz, makur-makur eginda joan ziren txopan. Urdaibai eta Hondarribia abiadura berean zihoazen, bakoitza bere arraunketa estiloan. Estiloak estilo, lehen bi taldeak bigarren ziabogara gerturatzen ari zirela, Aranberri patroiak hamarreko indartsu bat jotzeko eskatu zienarraunlariei, eta hiru segundo aurretik zirela biratu zuten trainerua. Donostiarra 11 segundora iritsi zen, eta Orio, hamalaura.

Urdaibaiko patroi zarauztarrak Zabalak igorritako datua jaso bezain laster, haren kuadrillari esan zion. Bermeotarrak hanka egiten ari zitzaizkien hondarribiarrei, eta seira handitu zuten aldea. Presarik gabe ari ziren arraunean, minutuko 37 arraunkadako erritmoan. Motorra bero-bero eginda zutela, segundoak haien alde erortzen ari ziren. Hain zuzen, zortzi segundoren aldearekin egin zuten azken ziaboga. Oriok Urdaibaik baino hamasei segundo geroago biratu zuen trainerua, eta Donostiarrak, San Nikolas-ek baino segundo bat geroago.

Maniobraren ostean, Amunarrizek ababor aldera eraman zuen traineru berdea; Aranberrik, berriz, bigarren kaleari eutsi zion, ontzia azkar baitzihoan. Bai azkar joan ere; hamar segundora zabaldu zuen berdeekiko zeukan aldea. Urdaibai garaipena dastatzen hasia zen bitartean, Amunarrizek trainerua Bermeoko taldearen uberan jarri zuen, azkarrago joateko asmoz. Halere, Urdaibai nagusitu zen, eta Hondarribia zortzi segundora helmugaratu zen. Oriok lortu zuen hirugarren postua, eta Donostiarra izan zen laugarrena.

Cabok ondo baino hobeto atera zion zukua lehen kaleari, eta azkarrena izan zen bigarren txandan. Getariak eta Kaikuk bigarren posturako lehia handia izan zuten, eta, amaieran, Esperantza nagusitu zitzaion Bizkaitarra-ri. Zierbenak, berriz, jipoi galanta hartu zuen, eta atzoko apalena izan zen.

Santurtzik aise irabazi zuen lehen txanda, eta bigarrenean ariko da gaur, Boiron, Galizian (12:15, ETB 1). Halaber, azken-aurreko postua saihesteko lehian, kolpe ederra eman zion Isuntzari; bederatzi puntura handitu du Lekittarra-rekiko duen abantaila sailkapenean. Osertz Aldairen taldeak, okerrik ezean, jaitsierako kanporaketan ariko da. Bestalde, Aresek matematikoki agur esan dio Eusko Label ligari; maila galdu baitute, hiru denboraldiz aritu ostean.

Zigorrik ez Donostiarrari

Uretako lehiatik kanpo, Donostiarrako arraunlari Iker Imazen auziaren harira, TKE Traineru Kluben Elkarteko Lehiaketako epaileak ezetsi egin zituen atzo bost kluben —Hondarribia, Urdaibai, Isuntza, Zierbena eta Santurtzi— helegiteak; zehazki, Donostiarrak Imaz Eusko Label ligako lehen bi jardunaldietan harrobiko gisa —propioa da— aurkeztean izandako fede txarra salatu zuten talde horiek. Halere, epailearen arabera, Donostiarra «ez zen aritu fede txarrez», eta ez zen «saiatu» TKE «engainatzen», ezta «gainerako klubak ere». Hala, epaileak ez dio Donostiarrari zigorrik ezarriko. Bost eguneko epea izango dute helegiteak aurkezteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.