ARRAUNA

Lasaitasunaren bandera

Urdaibaik Hondarribia liderraren etxean irabazi du Eusko Label ligako bigarren bandera. Getaria laugarren izan da, eta ohorezko txandan ariko da gaur, etxean

Urdaibaiko trainerua eta eskifaia atzo Hondarribian, irabazi berri zuten banderarekin. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2022ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Irabaztera ohituta zegoen Urdaibai urte asko ez dela. Atzoko kontuak dira horiek; ez da iragan luzera atzera egin behar. Azken denboraldietan, ordea, galtzaile. Behar zuen klubak eta behar zuten arraunlariek irabaztera itzultzea. Zilegi, erabat, grina hori izatea. Ona arraunarentzat ere, jakina.

Esatea eta egitea bi kontu ezberdin izaten dira zenbaitetan, eta ez dabil irabazle-irabazle ere uda honetan. Eusko Label ligan bandera bat Coruñan, bi egunetan irabazle izanda, eta Euskadiko Txapelketa. Atzo arte. Hirugarrena eskuratu baitzuen, non eta Hondarribian —zazpigarrena du han 2003tik—, ligako liderraren etxean. Nagusitasunez. Pozarekin batera, lasaitu handia ere bai. Egiten ari diren lana ona dela berresteko. Eta hainbeste buru zoratzen ez hasteko beharrezkoa.

Une guztiak dira onak garaipenak lortzeko. Ez da bat bera ere txarra. Baina batzuk badira besteak baino hobexeagoak. Ligako 11. estropada zen atzokoa, eta garaipenaren lehian bete-betean sartzeko, goitik dituen Hondarribiari eta Donostiarrari puntuak jaten hasi beharrean da. Berandu baino lehen. Atzo egin zuen hori. Uztailean izan ez zuen irabazlearen boladari helduko ote dio ba abuztuan? Urak idatziko du.

Atzokoaren esaldi-ilara sortari hasiera emateko, kontu batzuk: astean egindako lan onaren ondorioa izan zen Urdaibairen garaipena. Kale onari, laugarrenari, etekina ateratzen jakitearena ere bai; beste estropada batzuetan ez bezala, atzo zorteko izan zen. Beroketan zizelkatzen hasitako garaipena ere izan zen. Inertzia ona hartu momentu horretan, ikusi traineruak zer eskatzen zuen ondo nabigatzeko, eta, ikusitakoa ondo ikasiz, lehia betean biribildu lana.

Lehen luzeko erdira arte, parean izan bazituzten ere Hondarribia (bigarren kaletik), Donostiarra (lehendabizikotik) eta Orio (hirugarrenetik), hortik aurrera Bou Bizkaia nagusi. Brankaz ondo lehen luzean, eta poparean ere bai bigarrenean (bazen baga kanpoan, leuntzera egin bazuen ere arratsaldeak aurrera egin ahala, olatuak mendebaldetik barrura markatzen zuela). Beste horrenbeste hirugarren luzean eta laugarrengoan ere. Azkenean zazpi segundo atera zizkion Hondarribiari, baina hamarretik gorako aldeak izanda aurretik. Azkeneko txanpa jo beharrik ere ez zuten izan garaileek. Luze bukatuz osatu zuten zati hori.

Hondarribiak ere estropada ona egin zuen. Gehiago nahi etxean, baina atzo aurkari hobe bat izan zuen. Etxekoen lanaren kontakizunean ere, ñabardura bat: Iñigo Sagarzazu titularrak, istribor hankakoak, ezin arraunean egin, gaixo. Azken orduko aldaketa, eta Gaizka Gorostiaga haren lekuan, ohiko tokitik aterata. Gertatzen dira horrelakoak, eta erantzun ona eman zion taldeak. Lider da oraindik Hondarribia.

Atzetik Donostiarra ere dotore. Inork nahi ez zuen kaletik. Ematen zuen zama hori ere gaindituko zuela denboraldi bikaina egiten ari den taldeak, baina ezin azkenerako. Hirugarren hala ere, hamalau segundora. Oriok gehiago galdu zituen, txandako azkenak: hemezortzi. Horrek kaltea ekarri dio, eta gaur ez da ohorezko txandan ariko, Getarian (12:13), herri horretako taldea sartu zitzaiolako laugarren.

Getaria, bizien poparean

Sekulako beste estropada bat egin zuen Esperantza traineruak. Bigarren txandan, laugarren kaletik, aise bota zituen paretik Cabo, Zierbena eta Kaiku, hurrenkera horretan —barruranzko bi luzeetan, azkarrena izan zen hamabi taldeen artean—. Saria irabazi du, ligan estreinako urtean, lehen aldiz ariko delako ohorezko txandan, non eta etxeko estropadan. Galiziarrak ere ondo, behetik gora datozela erakutsiz. Urruti utzi dituzte orain gutxi arte gainean izandako mamuak, jaitsiera eta kanporaketakoak.

Bizkaiko bi talde horiek, berriz, atzo bederatzigarren eta hamargarren izan ziren. Ondorioz, gaur, lehen txandan joango dira. Hor izango ez direnak Ondarroa eta Isuntza izango dira. Aurreneko txandako lehen biek —Ondarroa garaile, eta hau ere laugarren kaletik— ordezkatuko dituzte gaur bigarren txandan. Lortu zutenhainbat ontzi sartzea Ares eta Santurtzi, eta bien artean, eta ospa egin diete mamuen lekutik.

Gaur-gaurkoz, ematen du Ares eta Santurtzi izan daitezkeela azkeneko bi postuen jabeak. Hala daude orain, behintzat. Galiziarrek baino bi puntu gehiago dituzte euskaldunek. Atzo Santurtzik egin zuen azkena, eta Ares azkenaren aurreko izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.