Donostiako 83. Musika Hamabostaldia. kritika. Donostiako 83. Musika Hamabostaldia

Azala

Collegium 1794 orkestra barrokoa. MUSIKA HAMABOSTALDIA.
2022ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun

Collegium 1704

Zuzendaria: Vaclav Luks.Bakarlariak: Helena Hozova, Pavla Radostova (sopranoak); Aneta Petrasova, Jonathan Mayenschein (kontraltoak); Tobias Hunger (tenorra); Tomas Selc (baxua). Egitaraua: G. F. Haendelen Dixit Dominus HWV 232 eta J. D. Zelenkaren Missa omnium sanctorum ZWV 21.Lekua: Donostiako Kursaaleko auditoriuma. Eguna: Abuztuak 23.

Lehen aldia da Collegium 1704 orkestra barrokoa eta Collegium Vocale abesbatza Musika Hamabostaldira etorri direla. Duela egun batzuk, jaialdiko zuzendariak adierazi zuen aurtengo edizioaren aurkikuntza handia izango zirela, akaso. Asteartean bizitakoaren ondoren, susmo hori baieztatu beharra dago. Erreferentziazko taldeak dira Txekiar Errepublikan, eta entseina hori Europan zabaltzeko nahikoa arrazoi badaude. Vaclav Luksen zuzendaritzapean, barroko fina bereizten duten garbitasuna, arnasa eta norabidearen estalkia dute sekzio instrumentalak zein abesbatzak.

Luteranoa izanik, Haendelek berehala lortu zituen hainbat kardinalen enkarguak. Dixit Dominus salmoa Carlo Colonnak eskatuta idatzi zuen, soilik 22 urte zituela, 1707an. Obra goiztiarra bada ere, ezin ukatu maisulana eta kontrapuntuaren lanketa bikaina. Nabaria da hori, esaterako, Tu es sacerdosin aeternum zatiaren fuga bikoitzean, Collegium 1704 taldeak arintasuna eta sendotasuna batzen zituen izaeraz jantzi zuena. Salmoaren hitzetan promesek dakarten arduraren zama antzematen da, musikan argiz haragiztatzen dena. Bereziki zirraragarria izan zen Judicabit in nationibus zatia («Nazioen aurka epaia eman du: gorpuak pilatu ditu eta lur zabalean burezurrak hautsi»), non ahotsen gaiek ekintzaren bortizkeria azpimarratu zuten, gero De torrente in via bibet sotilari bidea utziz, bakarlarien ahotsetan oso fin.

Bigarren zatia Jan Dismas Zelenka txekiarraren Missa omnium sanctorum obrak osatu zuen, idatzi zuen azken meza osoa eta Donostian lehen aldiz entzun ahal izan dena. Barrokoaren konpositore ez hain ezaguna, J. S. Bachek estimutan zeukana (Zelenkaren Magnificat bat kopiatu ziezaiotela eskatu zuen). Kontrapuntuaren erabilera zurruna, gai originalez hornituta, Kyrie eleison bigarren zati fugatuan agertzen dena bezalakoa, bukaerako Dona nobis pacem atzera hartuz. Ahotsak beti orekan, abesbatzan zein bakarlari lanetan, Agnus Dei-n baxua distiratsu tesitura guztian. Estalki bainoago, azal organiko bihurtu zuten barrokoa. Ezin kendu. Eta nahi ere ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.