Donostiako 71. Zinemaldia. Sail Ofiziala. KRITIKA. Sail Ofiziala

Noraezean

urtzi urkizu
2023ko irailaren 29a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
'L'île rouge'

Zuzendaria: Robin Campillo. Aktoreak: Nadia Tereszkiewicz, Quim Gutierrez. Herrialdeak: Frantzia-Belgika. Iraupena: 116 minutu.

Frantziako kolonialismoaz eta deskolonizazio prozesuez egin dira dokumentalak eta fikziozko filmak. Gai gehienekin bezala, batzuk hobeak besteak baino. Frantziako armadak Madagaskarren izandako base baten gaineko fikziozko film batek erakargarria zirudien, berez. 1970eko hamarkadan girotua zegoela aintzat hartuta, are gehiago. Eta zinemagilea Robin Campillo izanik, hau da, 120 battements par minute sarituaren egilea baldin bazegoen kameraren atzean, taxuzko lan bat espero zitekeen.



Ez ba! Aurtengo Zinemaldiko desilusiorik handienetakoa eman du Campillok L'île rouge eskasarekin. Askotariko adarretatik murgildu nahian bezala hasten da filma: Madagaskarren bizi den soldadua eta haren emaztearen arteko harremana; haien semeetako baten haur begirada; mutiko horren irudimeneko fantasiazko mundu zentzugabea; armadaren bueltan dauden kontu batzuk; uharteko emakume batekin harremana hasi duen soldadua... Horietatik guztietatik azaletik eta modu traketsean egiten du jauzi filmak, noraezean, eta emoziorik eragin gabe.

Bada momentu bat non pelikulak bira ematen duen, eta, azkeneko minutuetan, beste zerbait eskaintzen du. Baina hori bera izan zitekeen film labur motz bat, une horretara iritsi den ikus-entzulea nahikoa gogaituta baitago ordura arte ikusi duenarekin.

Aktoreen artean Quim Gutierrez kataluniarra dago (Netflixeko El cuerpo en llamas telesailarekin zeresana eman du azkeneko asteetan), baina bera ere makina bat filmetan aritu izan da honetan baino hobeto. Gainontzeko aktoreak ere ez dira nabarmentzen. Eta osagai teknikoak ez dira bereziki aipagarriak.

Bazegoen, berez, aukera Frantziako kolonialismoaren gainean zerbait sakona egiteko. Mutiko baten begiradatik nahi bazen, ba modu horretan. Eta egitekotan, ongi. Ez da gertatu, ordea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.