Albistea entzun

EGUZKI EPELEAN

Ez naiz heterofoboa

Julen Azcona -

2022ko abuztuak 7

Ez naiz heterofoboa. Lagun hetero asko ditut. Nire arreba heteroa da. Nire ama eta aita harreman heterosexual batean daude. Ez da ezer gertatzen. Ez dut horren inguruan dramarik egin. Ez naiz misandrikoa ere. Gizona naiz. Nire bikotekidea gizona da. Lagun gizonak ditut. Kostatu zitzaidan. Ikastolan nahiko zaila zen beste mutikoen laguna izatea, maritxu itxurak edo gustu femeninoak ezkutatu gabe. Bratz panpinak. Berebiziko espioiak. Julieta Venegas. Artean eta kulturan, erosoagoa zen gizonak kontsumitzea, gizon heteroek beste gizonak kontsumitzen dituzten modura. Alegia, panpinak bai, baina soldadu gihartsuak, Action Man eta horrelakoak. Telesailak bai, baina hobe istorioko emakumeek amaren, birjinaren edo putaren rolak bazeuzkaten. Musika bai, baina ahots maskulinoekin. Ken Zazpi Julieta Venegas baino txepelagoa zen, baina onartua zegoen. Nik, pertsonalki, Berri Txarrak erabili nuen estalgarri bezala, oso soinu gogorra dutelako, benetan beldurgarria, baina gero letrak sentsibilitatez beteta daude.

Klixe batean murgiltzen ari naizela dirudi, baina horrela zen 2000. hamarkadan haztea, Euskal Herrian eta munduan. 2022an, badirudi gauzak aldatu direla. Unibertsitatean, deskubritu nuen gizon heterosexualen laguna izan nintekeela, izaera aldatu gabe. Ez hori bakarrik. Konturatu nintzen, lehen aldiz, hor kanpoan bazeudela gizonak nire gustu berdinekin, homosexualak ez zirenak. Bratz panpinak eta Julieta Venegas eta Berebiziko espioiak kontsumitu zitzaketela maskulinitatea galtzeko beldurrik gabe. Eskerrak. Txikitatik ikasi nuen logika, biolentziaren logika, ez zen beti aplikatzen.

Ez naiz heterofoboa. Misandrikoa ere ez. Gizonekin bakeak egin ditut. Nire modura. Literaturan, haiei buruz idazten dut. Fikzioa barkatzeko modu bat da. Besteak eta norbera. Berri Txarrak oraindik maite dut. Biziraun, Iparra galdu, Oihu, Katedral bat emozionatzen nauten maisulanak dira, introspekzioz beteak, mundu honetan gizona izateak zer esan nahi duen hausnartzen dutenak. Maritxu bat ez izateko entzuten nuen musikak, azkenean, ez zuen saihestu nire garapen maritxua. Are gehiago. Lagun izan dut urte hauetan guztietan. Ez naiz heterofoboa, misandrikoa ere ez, eta ziur nago gaur egun gauzak aldatu direla. Umore onez jaikitzen naizenean.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

M-28ko hauteskundeak: pentsatu beharreko zerbait

Sabino Cuadra Lasarte - Abokatua

Bilera ofizialak, pasabideko bilerak, komunikabideetako azalaren bilatze larria, alkatetza eta presidentetza aunitzi buruzko ezbaia... zurrunbilo horretan murgildurik gara, eta, horrenbertze ahotsen artean, zenbait gai garrantzizko ari dira urtzen. Ez dut erraten bertze batzuk baino garrantzitsuagoak direnik. Bai, ordea, hausnarketarako xede izan beharko liratekeela.

Gorrotoa heriotza mota bat da
'Don't Say Period'

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.