Juanba Berasategi hil da. IRITZIA

Juanba

2017ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Juanba Berasategi: ez ahaztu izen hori. Zinema eta animazioa, marrazkiak eta grafika maite dituenak, horiek guztiak euskaraz bizi eta gozatu dituenak, asko zor dio Berasategiri. Oraintsu arte, lanerako, lankidetzarako eta eztabaidarako aroa zen. Lan berrietan hasteko, hasitakoak burutzeko bazuen sua, bazuen kemena, bazituen asmoak eta asmo horiek gauzatzearren borroka egiteko erabakimena eta ahalmena. Gorputzak egin dio traizio, ez gogoak. Gaurtik aurrera omenaldirako garaia da. Tamalez. Omen egingo diogu. Negarrez.

Ez ahaztu izen hori. Umetan Kalabaza Tripontzia euskaraz ikusi zutela gogoan dutenek, telebistan Pernando Amezketarra edo Lazkao Txiki atalez atal jarraitu zutenek, haur haiek, guraso hauek, jakin behar lukete hain normal, hain eroso gozatu zuten hura abentura zail, neketsu eta ia heroiko baten ondorio izan zela. Zerotik pantaila handietara, hutsetik normalitatera jauzi egin zuen hura Juanba Bersasategi da. Nekez (ondo dakit), kostata (ez gaude ahazteko), ezinezkoa zirudiena berak lortu zuen. Geroztik etorri garenok, animazioa euskaraz egiteko abenturan haren ondoren aritu garenok, bidea egina genuen, oinarriak jarriak genituen, gure asmoak posible zirela bagenekien. Berak egin zituen posible. Zinezaleok, animaziozaleok, grafikazaleok, euskaltzaleok eta euskaldunok oro zor diogu esker ona Juanba Berasategiri.

Kosta egiten zait ordea izen-abizenak erabiltzea. Ezinezkoa zait aditzak iraganean jokatzea. Niretzat Juanba da, eta oraindik presentea da. Bere adiskidetasunaren oparia zor diot nik. Gazte gordin nintzela ezagutu nuen Juanba, Koldo Izagirreri esker. Panpina Ustela-ren garaiak ziren. Gazte letrazale bezain marrazkizale nintzen harentzat, Juanbaren lan-mahaiarekin topo egitea eztanda moduko bat izan zen. Haren pegatinak, haren afixak, jaiak edo amnistiaren aldeko kontzertuak iragarriz, edo biak batera, zuri-beltzean, beltzean batez ere, garratz eta samur aldi berean, ilun eta alai marra berean, hastapenetan zegoen mundu grafiko hura ezagutzeak, euskaraz eraikitzen ari zen unibertso kultural berri eta berrizale bati irudiaz nola lagunduko zitzaion sumatzeko aukera eman zidan. Paperezkoaren ondoren, bere esperimenturik kuttunenak erakutsi zizkidan: zulatutako eta erretako super8ak, animazio abstrakturako zirriborroak; eta txalupatxo batzuk Pasaiako bokalean kulunkan egiten zuteneko film baten zatiak. Minutu gutxi batzuk ziren, mutuak. Baina ordurako erabakia zuen film osoak egingo zituena, eta, jakina, euskaraz.

Beti izan du hori garbi Juanbak. Euskaraz sortuko zuela, letra zerabilten adiskideen ondoan, arkatzaz landuko zituela berak, iruditan gorpuztuko zituela, herritasuna eta euskalduntasuna. Juanbaren ibilbidea ez dago esplikatzerik euskararekiko konpromiso hori gabe. Eta konpromisoak bete egiten zituen. Gizon konprometitua zen, posizioa hartzen zuena, eta errealitatean murgildu eta, behar bazen, lokaztu egiten zena. Bizitzan, politikan eta lanean. Marrazkilaria zen eta marrazkilari talde baten antolatzaile eta gidari bihurtu zen. Haiek sortzen zutenaren ekoizle. Haien asmoen eragile, haien ahalmenen antolatzaile. Traineruaz ari bagina, traineru larrosa izango litzateke, jakina, eta bera patroiizango zen. Baina beti itsasoan. Bustitzen. Sekula ez lehorretik, besteek egin beharko luketena esanaz.

Jende asko pasa da, pasa gara, bere lantokietatik, Errenterian, Irunen, Donostiako Grosen edo Mirakruzen. Tailerra esatea zuen gustuko. Euskal Herriko animaziogintza Juanbaren tailerretan sortu, trebatu eta zaildu da. Askok zor diogu asko.

Ametsak egitea ametsak gauzatzeko uztartzeko kemenarekin ikasi nion nik; zakartasuna eta samurtasuna askotan elkarreki konjugatzen direla; adiskidetasuna eta adostasuna ez direla gauza berbera. Elkarri besarkada emateko eta sutsu eztabaidatzeko gauza izan ginelako eutsi genion adiskide izateari. lehen esandako guztia zor diot, eta bere tailerrean ikasitako guztia, eta marrazkiak, liburu-azalak, komikiak, maketazioak eta filmak, pailazoak eta piratak, guztietara berak bultzatu baininduen. Eta San Juanen zezenetan elkarrekin ibili izana.

Betiko jarraituko du Juanba Berasategik Kalaburtziako uretan, kulunkan; belaunaldiz belaunaldipasako haren obrak kalabaza tripontzi eta majiko baten barruan. Agur eta ohore, Juanba Berasategi.

Ez adiorik, Juanba.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.