Diego Pallés Lapuente.
EGUZKI EPELEAN

Epeletik kanpo

2019ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Astinaldi gutxiko mundu batean haztearen ondorioz, txikitan uste nuen aro ilustratu betean jaio nintzela. Iragan ilun bateko kontuak omen ziren mundu gerrak, gerra zibilak, arrazismoa (jendea kontzentrazio esparruetan sartzen zituen motakoa), esklabotza, haurren esplotazioa eta antzeko krudelkeriak. Gurean, noizbehinkako tiroketa eta bonbak eguraldiaren jazoeratzat baino ez nituen, bizitzak noizean behin ekartzen zituen ezbehartzat, gaixotasunen antzera.

Ondoren, urteak pasatu ahala, nigan zein ingurukoengan bortizkeria mota askoren zauriak apurka azaleratzen ikusi nituen: itxura fisikoa, kultura, generoa, sexua, dirua eta abar aitzakia dituzten zapalkuntzak. Eta, tarteka, egunkari edo liburuen orrialdeetan barna, iragan hamarkadetan galduta omen zeuden edo sistema teknozientifikoak ahalbidetu dituen beste ankerkeria batzuen berri izaten nuen.

Gaur egun, agerian daude nazionalitate, erlijio edo ideia politiko deserosoak dituztenak isolatzeko kontzentrazio esparruak AEBetan, Indian, Txinan, baita Europako hainbat herrialdetan ere. Gobernu autoritarioen gorakada agerikoa da erregimen liberaleko zenbait herrialdetan: Hungaria, Polonia, Brasil, Turkia edo Filipinetan. Baina joera hori hain bistakoa ez den lekuetan ere —Frantzian eta Espainian, kasurako—, bazterkeria sustatzen duten gobernu-praktika ugari ondo errotuta daude. Bortizkeriarik txarrena erakundeek egiten dutena da, haiek ikusezin edota legitimo bihurtzen baitute. Europan, arrazismoa instituzionalizatuta dago, beste hainbat krudelkeriaren antzera.

Autoritarismoak larrialdi egoerak behar ditu. Ez baleude, asmatu beharko. Baina, zer egin egiazkoak direnean? Jorge Riechmann filosofoak dio gurea Erronka Erabakigarriaren Mendea dela. Datozen hamarkadetan gizartea berrasmatzeko beharraren aurrean egongo gara, egungo zibilizaioari eusteko behar beste baliabide natural ez baitago eta datozen belaunaldiei ingurunea pozoitzeko arrisku larrian baikaude.

Günther Anders pentsalari bakezaleak zioen horrelako larrialdi edo Beharrezkotasun Egoera baten aurrean, teknologiari esker gerraz gain masa-suntsiketa sortzeko beste era berri batzuk daudenean, betebehar morala dela bortizkeria hori eteteko bortizkeria erabiltzea; nolabait, prebentziozko autodefentsa dela. Baina, jakina, Beharrezkotasun Egoera hori definitzea arras zaila da. Ezker zein eskuineko edozein autoritarismok argudio bera erabiltzen du etengabe lehen aipatu ditudan zapalkuntzak ezartzeko: «arraza arriskuan dago», «etsaiak bertan ditugu»...

Ondo baino hobeto finkatu behar dugu, beraz, zein diren gure balioak, zein den behar hori. Eguzki epeletan hazi garenok erronka handia dugu gure denboran. Munduaren gordintasunari aurre egin behar diogu gure gizatasuna zaindu eta aldarrikatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.