Nerea Zusberro Alberro.
Qatarko Munduko Kopa. HARMAILETIK AULKIRA

Porrot posible bakarra

2022ko azaroaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Gehien espero genuen debuta Lionel Scaloniren Argentinarena zen. 36 partida galdu gabe iritsi dira Leo Messiren bosgarren eta, ziurrenik, azken Munduko Kopara. Ez da egon hamarkada askotan halako elkartasuna zaleen eta talde argentinarraren artean. Qatarrera irabazteko aurarekin iritsi dira. Baina Saudi Arabiak, ustekabean, loaren eta loriaren bidean inork espero ez zuen harri bat jarri du.

 

Hasieratik, Saudi Arabiak itxuragabetu egin zuen Argentinaren ohiko 4-4-2a. Erdiko blokean, lerroak oso gertu, eta gehienez 25-30 metroetan agertu ziren saudiarabiarrak. Argentinak, defentsa-lerroaren atzealdean sortzen zen espazioa aprobetxatu nahian, lau jokalari eraman zituen lau atzelari arabiarrak finkatzera, bizkarrean pase luzeak bilatzeko. Plana taktikoki ona izan arren, gauzatu behar zutenak ez ziren aproposenak. Argentinak ez du sakon eta azkar espazioei ondo erasotzen dien jokalari profilik.

Scaloni iritsi zenetik, Argentina futbol aposizionala egiten duen taldea da: denak pilotaren inguruan elkartzen dira; denek Leo Messiren inguruan jokatzen dute. Bigarren zatian saudiarabiarrek zelai-eremu guztietarako presioa planteatu zuten. Testuinguru horietan sufritzen du gehien Argentinak, talde bizi eta itogarrien aurka. 1-2koa lortu, eta Herve Renardek aldaketak egin zituen: seiko lerro zabala jarri zuen defentsan, eta bi jokalari jarri Messiren barruko harrerak oztopatzera. Ahalegin fisikoa deitzen diote, baina ez, saudiarabiarrek jokatuz irabazi zuten.

Hau zen Argentinak gal zezakeen partida bakarra. Ezbehar bat bada, taldea indartsuago egingo da. Ez bada horrela, ez dago Munduko Kopa irabaztera bideratuta. Denborak eta partidak esango dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.