Goazen harira

2020ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Amaitu da errepresentazioa. Lehen mailako aktoreek beren papera bete dute Madrileko Kongresuan, eta bigarrenekoek ahal dutena egin dute: PSOEk, batere printzipiorik gabe eta premiak behartuta, gorroto dituenen laguntzarekin lortu du Espainiako Gobernua; UPk ahalik eta lasterren gobernuan egoteko aukera baliatu du, Espainian benetako ezker bat badagoela erakutsi nahiz; PNVk betiko paper distiratsua jokatu du Moncloan agintzen duenarekin, berdin dio nor, «euskal agendarako» akordioren bat sinatuz; ERCk, Kataluniako partidu independentisten batasunik eza aprobetxatuz, elkarrizketa-mahai bat erdietsi du, baina sine die autonomismoan jarraitzeko duen intentzioa ezkutatuz; EH Bilduk, faxismoari aukerarik ez emateko errespontsabilitatez.

Helburua Espainiako Gobernua babestea, haren gobernagarritasuna ziurtatzea baldin bada, aukerarik onena dirudi. Frankistak hobeto daude bazter batean zaunka, osa dezatela behingoz beste batzuek «jendearen bizitza hobetuko duen gobernua». Baina zertan gaude? Hori al da independentzia nahi dutenen estrategia zuzenena? Izan ere, ez dezagun ahaztu faxistak suminduta eta amorratuta baldin badaude, Katalunian hordagoa jo zutelako dela, ez Iglesiasen taldea gorrotatzen dutelako («antes roja que rota»/lehenago gorria hautsia baino, zioen José Calvo Sotelok Donostiako Urumea frontoian, 1935ean).

Azken trena

Atentzioa eman dit ezkerreko partidu independentisten jarrerak: gogoz kontra, «erabateko eszeptizismoz», «azken aukera historiko» bezala, «inozokeriarik gabe», nolabait esateko PSOE-UPri emandako akordioagatik desenkusak azalduz-edo hartu dute erabakia. Arrazoirik handiena, nonbait, «faxismoari ateak ixteko», Pasionariaren «no pasarán» gogoangarria aipatuz, frankismoari aukerarik ez emateko, eta haren ordez, «gobernu progresista» hobetsiz, «gaitzetan ttikiena» sustatuz-edo.

Independentismoak, hobeto bizi bai, baina funtsean estatutik atera nahi du, ez estatu bat hobeto kudeatu. Inork ez dio aurpegiratzen justizia sozialari dagokionez oso erradikala izatea, egoera erro zaharretatik atera nahi izatea baizik. Kataluniako independentziazaleek oso argi zeukaten 2017an: Espainia utzi eta Errepublika sortu. Estatuaren odolezko erantzun bortitzaren beldur atzera egin zuten, eta orain kosta egiten ari zaie ostera bideari ekitea. Eta bi partidu nagusiak bitan banatu dira: autonomismora itzuli, denbora irabazi eta indartzeko (ERC), ala erbestetik Europan erakutsi zuzen jokatu zutela erreferendumean, hordagoari eutsi eta autonomismora ez itzuli (JxCat). CUPek ere ez du autonomismoaren bidea onartzen. Herri mobilizatuaren presioak behartu zituen konbergenteak autonomismoari uko egitera, eta oro har horretan dirau.

Hego Euskal Herriaren kasua ezberdina da. Gurean ez dago mugimendu aski indartsurik partiduetatik at, eta oraindik ez dugu asmatu PNV gurpilean sartzeko bidea. Baina bai batean, bai bestean, estatuaren zilbor hestea ebakitzean dago koxka, ez harekin lotuta jarraitzean, gogoz kontra izanda ere.

«Mahairik gabe ez dago legegintzaldirik», ohartarazi du Gabriel Rufianek; zuen gobernua «azken trena, azken geltokirako» da, Mertxe Aizpuruak (EH Bildu). Galdera: ezinbestekoa al zen beste aukerak ematen ibiltzea? Zer gertatuko da Kataluniako mahai horretan autodeterminaziorik egikaritzen ez bada, Pedro Sanchezek ez badu tren horretara igo nahi? Esango al digute nola prestatu egun horretarako? Goazen harira: autonomismoa, denik eta aurreratuena, estatuan egokitzeko formula bat da, independentziara sekula ez iristeko. Faxistak (oraintsu arte bezala) lasai asko geratuko dira independentistak (praktikan) autonomia hutsean geratzen badira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.