jakes goikoetxea
Tokio 2020. SURIMIA

Oilo ipurdia (eta bi)

2021eko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Emozioez aritu nintzen atzo. Olinpiar Jokoetako zuzeneko emanaldiek, bere hutsune, gabezia eta distantzia guztiarekin ere, lortzen dutela, bertatik bertara ikusiz gero, emozionatzea eta oilo ipurdia jartzea.

Emozio mota ezberdinak daude, ordea. Hunkigarria izan daiteke normalean telebistaz soilik ikusten duzun kirolari bat zuzenean ikustea, metro batzuetara bada ere. Kirolari hori haren espezialitatean bere onena ematen ikustea, sentitzea. Kirolariarentzat eta kirolarentzat garrantzitsua den momentu horretako parte izatea, lekuko gisa.

Katie Ledecky eta Caeleb Dressel igerilariak ikusi nituen atzo. Batak bere urrezko zazpigarren domina irabazi zuen. Besteak, laugarrena, oraingoz. Dresselek munduko marka ere hobetu zuen tximeleta estiloko ehun metroan. Plazer hutsa da munduko igerilari onenak igerian ikustea. 50 metroko igerilekua zein txiki bihurtzen duten. Tximeleta estiloaren moduko igeriketa modu ezinezko bat zein erraz egiten duten.

Atzo gertatutakoa garrantzitsua izan zen. Olinpiar Jokoak hasi aurretik esan zen Ledecky eta Dressel izan zitezkeela kirolari distiratsuenetakoak, eta izan dira. Ikusi ditut.

Hala ere, emozioa ez da izaten lorpenaren garrantziaren parekoa. Ledeckyk eta Dresselek baino gehiago hunkitu naute Sergio Fernandez atletarekin eremu mistoan izandako hitzek. Bi urtean ezinean aritu, Tokiora joatea lortu, 400 metroko hesiduna 51 segundoan egin, eta buelta etxera. Ahal bada osatzera eta ahal bada Paris 2024rako sailkatzera. Euskal Herrira itzultzeko bidaia amaigabe bihurtuko duen min, tristura eta ezin batekin. Sarritan agian ahaztu egiten baitugu kirol arropa soinean daramatenak pertsonak direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.