Katalunia. Auzipetuak

Presidentegai zena, espetxera

«Egungo egoerari jaramonik ez egitea baino nahiago dut injustiziaren biktima izatearen arriskua», bota zuen Jordi Turull Kataluniako presidentegaiak parlamentuan egindako inbestidura saioan. Preso sartu dute, baina presidente izatera iritsi gabe.

inaki petxarroman
2018ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Legealdiko C plan moduan ezagutarazi dute hedabideek Jordi Turull i Negreren (Paret del Valles-Herrialde Katalanak, 1956) hautagaitza inbestidurarako. CUPen abstentzioak galarazi dio Kataluniako presidente izatea, eta helmuga horretara iritsi gabe sartu du preso Espainiako justiziak.

Animalia politikoa eta egoera zailenetan irautera ohitua dago Turull. Pujolismoaren garaitik independentismora jauzi egindako konbergenteen belaunaldi bateko ordezkaririk esanguratsuenetako bat da. Zuzenbideko ikasketak egin zituen, eta gaztetan hasi zen politikan. 1987an hartu zuen Convergenciaren afiliatu agiria, eta kargu garrantzitsuak bete izan ditu, bai Jordi Pujolen garaian eta bai Artur Masenenean. Hain zuzen ere, pujolismoarekin izandako harreman estu horrek sortu izan ditu CUPen eta ERCren erreparoak berarekiko.

Convergenciaren finantzaketaren eta ustelkeria kasuen aroan arduretan bete-betean ibilitakoa da, eta, hari tokatu izan zaio alderdiaren «izen ona» defenditzea, Mas buru zela, Convergenciako parlamentuko bozeramailea izan zen garaian. Hain zuzen ere, epaileen aurretik hasi zirenean hainbat alderdikide igarotzen, haiek babestea tokatu izan zitzaion. Esate baterako, Oriol Pujol Ferrusola —Jordi Pujolen semea— epaitegira lagundu zuen ITV auzian deklaratzera joan zenean.

3 per cent auziarekin ere lotu izan dute, Sant Cugat udaleko gerentea izan zelako, eta udal hori ere nahastu izan dutelako diru publikoaren bidegabeko erabilerarekin. Alabaina, sekula ez dute inputatu ustelkeria kasuengatik.

Parlamenteko diputatu izan da 2004tik, eta Convergencia deuseztatzen ari zen garaian, PdCaten lidergorako lehian jardun zen Martal Pascalekin. Hain zuzen, alderdia aurpegi berriekin lotzeko gogo horrek eman zion Marta Pascali alderdikide gehienen babesa. Askok espero zutenaren aurka, porrot politiko horretatik ere bizirik irten zen, baina, Turull.

ERCrekin koalizioan osatutako Junts Pel Siren garaian, parlamentuko eledunik esanguratsuenetako bat izan zen, eta protagonismo horrek erakarri zuen Carles Puigdemont presidentea. Izan ere, urriaren 1eko erreferendumaren atarian, giro politikoa tentsioz betetzen ari zen abagune batean, harengana jo zuen presidenteak. 2017ko uztailaren 17an, prozesuarekin zalantzan ziren bost diputaturi joaten utzi ostean, gobernuko ardurak eman zizkion Puigdemontek. Orduz geroztik, gobernu eledun lanean aritu zen, eta, rol nabarmena jokatu zuen, erreferendumaren atariko egunetan ez ezik, Katalunian abuztuan jihadistek egin zituzten atentatuen egunetan ere.

Gobernuko eta indepentismoaren zutarririk sendoenetako bat izan zen iazko udazkeneko ibilbide gorabeheratsuetan. Beti azaldu zuen erreferendumaren aldeko jarrera irmoa, eta, beste batzuen kasuan ez bezala, ez du zalantzazko adierazpenik egin prozesuaren inguruan.

Errepublika aldarrikatu ondoren, Bartzelonan geratu zen, eta Espainiako Auzitegi Nazionalera deklaratzera joan zenean, Carmen Lamela epaileak espetxera bidali zuen, matxinada delitu bat egotzita. Handik aste gutxira Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epaileak askatu zuen eta Junts Per Catalunyaren kanpainanparte hartzen hasi zen. Modu aktiboan aritu zen Puigdemonten zerrendan, eta protagonismo handia hartu zuen, PDeCATeko beste buruzagi batzuek ez bezala. Esaterako, Artur Masek eta Marta Pascalek askoz hotzago jokatu dute hark baino azken hilabeteotan. Azken asteotan ez du protagonismo berezirik eduki, azken orduan subiranisten inbestidurarako C plan moduan agertokira azaldu den arte. Ez du nahikoa babes izan, eta ezin izan du dastatu sare sozialetan aipatu zuen presidentea izatearen «ohore handia», egun batez bada ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.