Juan Kruz Lakasta
Euskararen auzia Nafarroan. Hizkuntzarekiko jarrerak. IRITZIA

Urdailaren mintzoa

2016ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Astelehenean, Nafarroan eskela gehien saltzen dituen berripaperak Euskal izenen engainua izenburudun iritzi artikulua plazaratu zuen —gaztelera batuan, esan gabe doa—. Besteak beste, Bakartxo Ruizi eta Koldo Martinezi Soledad Ruiz eta Luis Martinez deitzearen alde egiten zuen. Egilea Luis Landa izeneko irakaslea zen. Luis Campo ez sinatzeak harritu ninduen. Landismoa, mugimendu soziolinguistiko bihurturik. Hori da aspaldi honetan bizi gaituen hizkuntza politikaren gaineko eztabaidaren maila.

Ekaitz perfektua pairatzen ari gara. Erregimen zaharraren agenteen interes politiko-alderdikoiek, sindikal-korporatibistek eta mediatiko ustelek bat egin dute. Emaitza kaka erauntsi biblikoa izan da. Utikan arrazoia, soziolinguistika, herritarren eskaera erreala. Gora konfrontazio identitarioa, bestearekiko mesfidantza, ezberdinarekiko gorrotoa: lana kendu nahi digute, ezin dute guk egiten dugun lana egin, haien seme-alabek ez dituzte gure seme-alaben eskubide berberak. Xenofobia kanpotarrarekiko gorrotoa da. Hauek xenofobia linguistikoa darabilte, xenoglosofobia: beste hizkuntza komunitateekiko gorrotoa. Kasu honetan, gorroto konplexuz betea, euskaldunak ez baitira jada garai bateko abarkadun ezjakinak baizik eta lanpostua ken diezaieketen elebidun jantziak. Eta gorroto akonplexatua oso azkar hedatzen da.

Nolanahi ere, legealdia hasi zenetik argi ikusten zen erregimen zaharraren agenteek euskararen inposizioaren mamua erabili nahiko zutela aldaketaren erakundeen aurkako arma nagusi moduan. Eta ez dugu jakin garaiz erreakzionatzen. Ez aldaketaren erakundeetatik (haiena da ardura nagusia), ezta euskalgintzatik ere (gehiago egin genezakeen). Jokoa, taula, arauak eta txandak aukeratzen utzi diegu. Eta baldintza horietan jokatzea oso zaila da. Are zailagoa, partida irabaztea. Ez dugu estrategia politiko-komunikatibo egokirik prestatu. Oso uste euskaldunean kateatu gara: arrazoia gurea da eta horrekin aski da. Baina, hiru hamarkadako hegemonia erregionalistaren ondotik, arrazoia ez da aski. Arrazoia edukitzeaz gain, arrazoia dugula ongi azaldu behar dugu, pedagogia lan handia egin behar dugu, komunikatzen jakin behar dugu, gehiengo sozialak landu behar ditugu.

Horrenbesteko harrabotsarekin, uneotan zaila da pedagogia soziolinguistikoa egitea. Zaila da urdailarekin mintzo denari buruarekin erantzutea. Ez da erraza landista bati diglosiaz jardutea, kontzeptu, kategoria, unibertso desberdinez ari baikara. Eta euskararen inposizioa faltsua dela eta hemen egiazki inposatu dena gaztelera dela azaltzen hasten bazara, haien markoa indartzen duzu. Lan hori egin beharko dugu, jakina, baina bide luzea izanen da. Eta uneotan sostengu zabalagoaren premia latza dugu. Urgentea da, gutxienez, aldaketaren aldeko gehiengo sozialaren sostengua lortzea. Gai honetan oposizioarekin lerratzen ari diren aldaketaren aldeko indarrei kontradikzioak eragitea. Indarrok birbideratzea. Eta nago horretarako argudio soziolinguistikoak baino eraginkorragoak izan daitezkeela argudio politikoak.

Erregimen erregionalistaren ezaugarririk behinenetako bat euskaldunen bazterketa sistematikoa izan da. Euskal hiztunen bazterketarekin amaitzea, haien eskubideak errespetatzea, erakundeen hezkuntza eta hizkuntza eskaintzak herritarren eskaera errealera egokitzea aldaketa da, justizia soziala, demokrazia. Eta horren guztiaren aurka egiten duenak aldaketaren, justizia sozialaren eta demokraziaren aurka egiten du. Ene uste makalean, horixe da egun erabil dezakegun eztabaida markorik eraginkorrena.

Aspaldidanik diot ez dela gutxietsi behar aldaketaren aurkako agenteen mobilizaziorako ahalmena. Are gutxiago hezkuntzan, non aspaldidanik garro luzedun egitura indartsuak baitzituzten. Haatik, asteburuan bi protesta egin zituzten euskaldunon hiri buruzagian: bata, euskarazko haur eskolen aurka. Bestea, irakasle gazteleradun elebakarren alde. Eta biotan jende gutxi elkartu zuten. Pentsatu nahi dut nafar gizarteko sektore gero eta zabalagoak gogaitzen ari direla landismo soziolinguistikoaren gorroto zoldazuarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.