HILBERRIA. Joao Cutileiro

Diktaduraren iruditeriaren zartatzaile

MANUEL BOTELHO.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2021eko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Ikur bat galdu zuen Portugalek urtea hasi berritan, Carlos do Carmo fado kantariaren heriotzarekin, eta beste bat atzo, Joao Cutileiro eskultorearenarekin. Herrialdeak XX. mendean eman zuen artista handienetakotzat joa izan zen, eta 1933tik 1974ra bitarteko diktadurak markatutako irizpide artistikoen zartatzaile nagusitzat ere bai.

Pavian jaio zen, 1937an. Medikua zuen aita, Oliveira Salazarren erregimenaren aurkakoa, eta lantokiz aldatu behar izan zuen behin baino gehiagotan, arrazoi politikoengatik. 1943an, Lisboara aldatu ziren bizitzera, eta cutileirotarren etxea intelektualen biltoki bihurtu zen:besteak beste, Celestino da Costa, Maria Helena Vieira da Silva, Abel Manta, Avelino Cunhal, Fernando Lopes-Graça eta Antonio Pedrorentzat. Azken hori Lisboako Talde Surrealistako kidea zen, eta Joao haurra bere tailerrera eraman zuen, ikastera, 1946an.

Aita Osasunaren Mundu Erakundearentzat lanean hasi zitzaieenean, Suitzara, Indiara zein Pakistanera joan zen familia osoa. 1951n Florentzian (Italia) zen Joao nerabea,Migel Anjelen artea ikusten. Han liluratu zuen eskulturak. 14 urterekin egin zuen lehen erakusketa.

Lisboako Arte Ederren Eskola Nagusian hasi zen ikasten, baina, han ikerketa eta sormena oztopatzen ziotela ikusita, Londresera jo zuen. Atzerrian, marmola makina elektrikoekin lantzen hasi zen, figurazioa baztertu gabe. 1970ean itzuli zen sorterrira. Eskandalu itzela sortu zuen 1973an, Lagosko Gil Eanes plazan Portugalgo Sebastian I.a erregea panpina artikulatu bihurtuta ezarriz. D. Sebastiao izena du piezak, eta erregimenaren lege estetiko oro auzitan jartzekoasmoz sortu zuenCutileirok.

Hurrengo urteak onespenarenak izan zituen, Portugalen bertan zein kanpoan. 1980an, Evoran ezarri zen. Eskultore gazteei eman zien ostatu han. Atzo hil zen, 83 urterekin, harri hautsa arnastearen ondorioz sortutako enfisemagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.