Qatarko Munduko Kopa

Petrolioa, gasa eta perlak

Qatarko funts subiranoaren, eta, beraz, errege familiaren jabetzak itzelezkoak dira. Erregai fosiletatik lortutako dirutzak mundu osoan inbertitu dituzte, ordain ekonomiko eta politikoen truke

Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidentea Qatarko emir Tamim bin Hamad al-Thanirekin, Espainiako Errege Jauregian. IBERDROLA.
Irune Lasa.
2022ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Ez da futbol jokalari baten edo entrenatzaile baten abizena, eta hala ere, Al-Thani deitura nonahi agertzen da Munduko Kopan. Tamim bin Hamad al-Thani emirra buru duela, Qatarko errege familia zabalak bereak ditu botere politikoa eta ekonomikoa Qatarren, eta herrialdearen mugetatik kanpo ere badu eragin ahalmenik.

Al-Thani dinastiak agintzen zuen penintsulan herrialdea britaniar protektoratu bihurtu aurretik ere, XX. mendearen hasieran, eta baita estatu bihurtu zenean ere, 1971. urtean.

Perla merkataritzan aritu zen familia hori; mendeetan, perlak eta arraina arrantzatzea zen Qatarko bizibide nagusia. Baina Japoniatik landuriko perlak iristen hasi ziren joan den mendeko 20ko eta 30eko hamarkadetan, eta Depresio Handiak are gehiago apaldu zuen perlen eskaria.

Handik gutxira, 1939. urtean, topatu zituzten Qatarko lehen petrolio erreserbak, Dukhanen, baina Bigarren Mundu Gerra etorri zen berehala, eta hura igaro arte itxaron behar izan zuten Qatarren urre beltzaren oparotasuna ikusteko.

Iritsi zen dirutza, iritsi zenez. Aberastasun horren erakusgarri —eta diru gehiena Al-Thanitarrentzat zihoan seinale—, orduko emir Ahmad bin Alik Suitzako bere villatik egin zuen Independentzia deklarazioa 1971n. Haren nabarmenkeriagatik eta ehiza zaletasunarengatik zen ezagun emirra, baita Qatarren ia inoiz ez egoteagatik ere. Independentzia aldarrikatu eta gutxira, Iranen ehizan zebilela, kargutik kendu zuen lehengusuak, Khalifa bin Ahmad lehen ministroak—egungo emirraren aitona da—.

Dirutza

Kronika ofizialen arabera, ordutik petrodolarren aberastasuna gehiago zabaldu zen Qatarko herritarren artean, eta, besteak beste, Al-Thani familiako xeke gutxi batzuen artean soilik banatu beharrean, dirua Al-Thani pobreagoengana ere iristen hasi ei zen.

Petroliotik eta gasetik lortzen den diruaren zati handi bat herritarrengana ere iristen da. Qatartarrek ez dute zergarik ordaintzen beren diru sarrerengatik, ezta osasun sistemarengatik ere. Goi mailako hezkuntza ere doan dute, eta laguntza handiak dituzte ezkontzeko, etxebizitza erosteko, energia eta zerbitzuak ordaintzeko. Erretiro sari handiak izaten dituzte, hala nola Qatarko herritartasuna dutenek betetzen dituztelako gobernupeko goi mailako lanpostuak.

Egungo emirraren aitak —Ahmad bin Khalifak— sortu zuen 2005ean Qatar Investment Authority (QIA) funtsa. Funts subiranoaren helburua printzipioz Qatarko ekonomiak energia prezioekin zuen mendekotasuna arintzea zen, diru iturriak dibertsifikatuz. Eta, petroliotik eta gas naturaletik ateratako dirutzak herrialdeari Munduko Kopa erosteko balio izan dion bezala, QIA funts subiranoa eta filialak tresna bikainak dira nazioartean Qatarren —eta Al-Thani sendiaren— eragin ahalmena handitzeko ere.

Gardentasun txikia dago funtsaren inguruan, bai haren inbertsio eta jabetzei buruz baita Al-Thani familiarekin duen loturari buruz ere. QIAk berak emandako datuen arabera, funtsak 445.000 milioi dolarren aktiboak ditu orain. Funtsaren perletako batzuk giltzarriak dira, adibidez, Mendebaldeko herrialdeetan, edota oso errentagarriak, ekonomikoki edota politikoki.

Euskal Herrian, Iberdrola konpainiaren %8,7ren jabea da funts subiranoa; parte hartze horrek 6.400 milioi euroko balioa du. Dena den, Erresuma Batua da funtsaren jokaleku nagusietako bat. Herrialde horretan higiezinetan dituen milaka milioi liberez gain, Heathrow aireportuaren %20 berea du QIAk, Barclays bankuaren %6, Sainsburyren %14, Shellen %3,6, eta Glencore lehengai konpainiatzar anglo-suitzarraren %8.

Funtsak perla gehiago ere baditu Europan: adibidez, Volkswagenen %17, Credit Suisseren %5, Deutsche Banken %6, IAGren (Iberia eta British Airways) %25, Espainiako Colonial higiezinen taldearen %20, El Corte Inglesen %10... Konpainia horietatik guztietatik dirutza jasotzen du funtsak urtero. Eta horri gehitu behar zaizkie hainbat herrialdetan egindako milaka milioi euroko inbertsioen ordainak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.