KRITIKA. Musika

Biguna, baina dotorea

2022ko azaroaren 23a
00:00
Entzun

Enigma Taldea

Musikariak: Aitor Iturriagagoitia eta Victor Parra ( biolinak), Carlos Seco (biola), Zsolt Tottzer (biolontxeloa), Emilio Ferrando (klarinetea). Egitaraua: W. A. Mozarten Boskotea klarinetearekin, KV 581 eta J. Brahmsen Klarinetearentzako eta harientzako boskotea, op. 115. Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia. Eguna: Azaroak 20.

Donostia Musika elkarteak antolatutako musika zikloaren hamaikagarren kontzertu honetan, Zaragoza Auditoriumeko Ganbera Orkestra izan zen protagonista, Enigma Taldea ezizenaz ere ezaguna. Boskote gisa, ganbera-errepertorioan ezohikoak bezain esanguratsuak diren piezak eskaini zituzten.

1789. urtea zorigaiztokoa izan zen Mozart familiarentzat: Wolfgangen eta Constanzeren osasun egoera latzak, bosgarren alaba jaioberriaren heriotza, diru-eskasia... Beste konpositoreentzat idazten zuen Salzburgoko jenio bihurriak, txanponak nondik etorriko. Garai hartan idatzi zuen KV 581 boskotea, bere lagun eta masoi-anai zen Anton Stadler klarinete jotzailearentzat. H. C. Robbins Landon musikologoak dio bertan «musikak malkoen atzean irribarre» egiten duela. Mozarten idazkeran bada beti halako sen jostalari bat, noizbehinka ezkutuan geratzen dena. Enigma Taldearen interpretazioan, jolas horrek behar-beharrezkoa duen doitasuna bigun samar agertu zen, lauso. Hala ere, klarineteak aura ederraz bildu zituen larghetto-aren eskalak, eta azken bi mugimenduetan distiraz aritu ziren hariak ere, bereziki gorteko dantza gogora dakarren menuetan.

Mozart hil eta ehun urte geroago, 1891n, J. Brahmsek Klarinetearentzako eta harientzako boskotea idatzi zuen, haize instrumentu horri eskainitako beste obrekin batera. Boskote honek, baina, bereziki hunkitu zuen Clara Schumann: «Instrumentuen uztarketak arima harrapatu egiten du». Egiaz, mugimenduen arteko elkarrizketak zintzilik hartzen zaituela dirudi. Andantino-an Ferrandok erakutsitako fraseatze sotiletik hasi eta adagioan hariek marrazten dituzten kontrasteetara, bertsio dotorea entzun ahal izan zen igandean.

Anekdota bat. Mozarten lehen mugimendua amaitu orduko, kexu zen nire atzetik zetorren ahots bat: «Zeinen errepikakorra den musika hau». Bada, musikariak badaki, Soren Kierkegaard filosofo daniarrak gai honen inguruan egindako ekarpenak irakurri gabe, errepikatzen diren bi pasarte sekula ez direla berdinak. Hor erronkarik zailena musikarientzat zein entzuleentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.