Albistea entzun

Txaro Iturralde. Jostuna

«Irudimena behar da joskintzan; zer egingo den aurreikusi, eta praktikan jarri»

Oihalak eta orratzak ditu bidelagun Iturraldek; ohiko arropa moldeetatik aterata, Gasteizko erraldoien eta buruhandien jantziak egiten ditu. Imajinazioaren munta azpimarratu du.
RAUL BOGAJO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria -

2021eko maiatzak 2

Gasteizko pertsonaia nagusien arropen arduraduna da Txaro Iturralde jostuna (Gasteiz, 1952). Orain dela 39 urte hasi zen erraldoien eta buruhandien jantziak egiten, tamaina handikoak, eta baita Zeledonenak ere. Haren arabera, horretarako beharrezkoa da «kontzentrazioa» izatea, eta erantsi du ondo jakin behar dela zein den urrats bakoitza. Hala ere, aitortu du une batean ardura hori bazter utzi beharko duela, eta, beraz, nabarmendu du bere ondorengoak pertsonaia horiek guztiak «maitatzen, zaintzen eta mimatzen» jakin beharko duela, berak «orain arte egin bezala».

Gasteizko erraldoien eta buruhandien jantziez arduratzen zara, besteak beste. Baina nolatan hasi zinen jardun horretan?

Indarra dantza taldean lan txiki batzuk egiten nituen lehen, eta Gasteizko Udaleko Kultura Sailetik deitu zidaten, erraldoien arropez arduratuko ote nintzen galdetzeko. 1982an hasi nintzen horretan; ordura arte, ez ziren orain bezainbeste zaintzen.

Ikasketak ere, gainera, eremu horretan eginak zenituen, ezta?

Jostuna naiz. Bilbon atera nuen titulua; ziurtatu dezaket ofizialki hala naizela. 1974an egin nituen ikasketa horiek, 21 urte nituela. Hiru ahizpetan gazteena naiz. Ez zitzaidan eskola gustatzen, gaizki pasatzen nuen; bazegoen bizitza ezinezkoa egiten zidan moja bat ere. Gerora, amak esan zidan nire ahizpak ikasketak egiten ari zirela, eta garrantzitsua zela titulu bat izatea. Jostea betidanik izan dut gustuko, eta, beraz, ikasketa horiek egitea erabaki nuen.

Hala ere, enpresa batean hasi zinen lanean.

Jostea da gehien gustatzen zaidana, baina, bai, enpresa batean aritu izan naiz lanean lanaldi erdiz: administraria nintzen, eta hor bertan erretiratu nintzen. Joskintzari dagokionez, ordea, ez dut lanik falta izan.

Erraldoien jantziekin, adibidez. Handiak dira. Nolakoa da horiek egiteko prozesua?

Eskalan bezala daude eginak, eta egia da arropa batzuk beste batzuk baino errazagoak direla egiteko. Erraldoien gonetarako, adibidez, gerriaren buelta neurtzen da, eta hortik osatzen da gainontzekoa, baina alkandora bat egitea zailagoa da. Guk, gizakiok, ez dugu gorputz bera, eta izan dezakegu bular bat bestea baino gorago, baina hauek bi aldeak berberak dituzte. Beraz, aldeetako bat neurtzen dut, tela zatiak moztu, egokitu, eta erraldoiei probatzen dizkiet zuzenean. Ondo egonez gero, beste aldea egiten dut. Zehazki, erraldoiek 48 eta 62 kilo artean dituzte, eta hiru metro eta 75 zentimetroko altuera dute.

Eta zer behar dute izan jantzi horiek?

Jantziek jatorrizkoen antzekoak izan behar dute, eta, beraz, hasieran erraldoietako bakoitza ondo ezagutu behar izan nuen. Zuri-beltzeko argazkiak ikusi nituen, eta, horrez gainera, Isaac Diez margolari eta eskultore gasteiztarrak 1917an eginiko zirriborro batzuk erabiltzen ditut, arropen ezaugarriekin. Izan ere, ordu hartakoak dira lehen lau erraldoiak, eta beste biak, 1929koak.

Nolakoak dira erraldoi horiek?

Ordu hartako Gasteizko errealitatea islatzen dute. 1917. urtean eginiko laurak, adibidez, Gasteizko herritarrak eta Aramaiotik [Araba] etorritako pertsonak dira, eta, 1929koek, berriz, landa gunetik hirira arrautzak saltzera etortzen zirenak islatzen dituzte. Behin batek proposatu zuen Iruñeko erraldoien antzekoak egin zitezkeela, gala jantziekin, eta dotoreagoak, baina hemengoak ezin dira horrelakoak izan, ez baita lurraldeko errealitatea.

Kontzentrazioa behar al da jantziak egiteko?

Kontzentrazioa eta lasaitasuna. Telefonoa ere ez dut hartzen. Ezin da hanka sartu. Jantzi normal bat egiteko oihala eros zenezake, eta jantzia egin, baina metro gutxi dira. Jantzi hauek, ordea, tamaina handikoak dira, eta, zailtasunaren arabera, astebete ere behar izaten dut egiteko. Ondo jakin behar da, gainera, zer urratsetan zauden; osterantzean, galtzeko arriskua dago.

Jantziak egiteaz gain, ordea, erraldoi zalea al zara?

Ni jardun honetan aritzen naiz alde positiboak eskaintzen dizkidalako, hala nola emozionalki. Asko gustatzen zaizkit; asko zaintzen ditut, eta asko maite ditut. Nire umeak izan zitezkeen. Baina egunen batean lana utzi beharko dut. Eta beti diot ordezkatzen nauen pertsonak nik lan egin bezala edo hobeto egin beharko duela, baina batez ere zaindu, maite eta mimatu ditzala nik haiek zaintzen, maitatzen eta mimatzen ditudan bezala.

Eta nolakoak ziren erraldoi hauek txikia zinenean?

Gehiago gogoratzen naiz buruhandiez, beldur ikaragarria ematen zidatelako. Hala ere, egia da erraldoiak zirraragarriak zirela haurrentzat, eta baita helduentzat ere. Egun ere horrela da; ikusi besterik ez dago kalejiretan deskantsuan daudenean nola joaten diren erraldoien barnean zer dagoen arakatzera.

Gasteizko kultur ondarearen parte al dira?

Esango nuke baietz. Oso esanguratsuak dira, baina, egun, erraldoi zaharrenak baino ezagunagoak dira erregeak, eta gehiago mugitzen dira alde batetik bestera ere. Izan ere, Fournier karta lantegia Gasteizkoa da, eta, beraz, erraldoietako erregeetako bakoitzak karta sortako errege bat ordezkatzen du; lau daude guztira. Horregatik dira adierazgarriak.

Halere, jaietako beste pertsonaia batzuen jantziez ere arduratzen zara; Zeledonez, esate baterako.

Gasteizko jaietako pertsonaia askoren arropaz arduratzen naiz: erraldoiez eta buruhandiez gain, baita Zeledonez ere, besteak beste. Eta baita bandera batzuez ere. Errege magoen arropaz ere arduratzen naiz.

Ba al daukazu haietakoren batekin anekdotarik?

Anekdota baino gehiago, bitxikeria bat: Zeledonen jaitsieran, panpina San Migel elizako dorrean egoten da, baina behetik ikusi egiten zen lehen, eta, beraz, bandera bat jartzea erabaki genuen, behetik ez ikusteko. Haizearekin ez mugitzeko, eta panpina ikusi ez zedin, hondarrez bete nuen banderaren behealdea, pisua egin zezan. Eta oraindik irauten du.

Hunkigarria al da zure lanaren emaitza kalean ikustea?

Bai, batez ere Zeledon jaisten denean. Dagoeneko ez naiz Andre Mari Zuriaren plazara joaten jaitsiera ikustera, nire ahizpa baten etxean ikusi ohi dugu, telebistatik, eta familia elkartuta. Baina beti egoten naiz urduri, ea panpinaren abarkaren bat edo beste ez den askatzen.

Eta aritzen al zara bestelako arropak diseinatzen?

Egin izan ditut arropak niretzat, eta baita inguruko batzuentzat ere. Hala ere, aitortu behar dut: batzuetan, merkeagoa da erostea. Egun, arropak erosi eta bota egiten dira handik denbora gutxira, eta ez da besterik egiten: kontsumitu.

Beraz, kontsumoa da nagusi?

Kontsumitzea, eta ez berrerabiltzea; horiek aipatuko nituzke. Nire semeek, adibidez, zortzi urteren aldea dute. Lehenengoari txamarrak eta panazko galtzak egiten nizkion, 1980ko hamarkadaren hasieran, baina zortzi urte geroago jaio zen bigarrena, eta dagoeneko ez zen lehen janzten zen arropa berbera eramaten, eta, gainera, dena erosia zen.

Beraz, beti aritu zara oihal eta orratz artean?

Bizitza osoa, eta, egiari zor, hori da gehien gustatzen zaidana. Beti behar izaten dut zerbait josteko, eta ekonomikoki ere diru pixka bat irabazten dut. Pozik nago, eta hori da joskintzak egiten didan ekarpenik handiena.

Zer behar da izan orratz bat hartzen den momentuan?

Nik uste dut joskintzan irudimen pixka bat izan behar dela; zer-nolako sorkuntza lana egingo den aurreikusi, eta praktikan jarri. Hala ere, beste arlo batzuetan ere gauza berbera egin behar dela uste dut; pertsonalki, bederen, hala egiten dut. Gainera, hau ere egia da: niri ez zait irudimenik falta, eta gauza bakoitzaren bidea zein den zehazten saiatzen naiz.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Aktore ezagunak, eta euskaldunak

Elkanori buruzko telesail bat grabatzen ari dira Getxon

Urtzi Urkizu

RTVEren eta Amazon Prime Videoren 'Sin límites' telesailaren grabaketak Euskal Herrian abiarazi dituzte. Simon West zinemagilea da ekoizpenaren zuzendaria.

 ©RAUL BOGAJO / FOKU

«Elkarte kultural eta artistiko bat sortu nahi dugu»

Jone Arruabarrena

Mermaid Zine proiektua sortzen ari dira Rodriguez eta Zabaleta: artea zabaltzeko baliatuko dute egitasmoa, eta jarri dute lehen erakusketa.
Australiako <em>Hardball</em> telesaila ostiraletan hasi da ematen ETB1. Gaztetxoei zuzendutako komedia bat da. ©ETB

'Hardball' Youtuben ere estreinatu du ETBk, eta bide hori baliatuko du

Urtzi Urkizu

Orain arte, ETBk geroago jarri izan ditu edukiak Youtuben; zenbait kasutan, ez ditu bertan jarri

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.