KRITIKA. Kursaaleko zikloa

Errepertorio errusiarraren asalduran barrena

2023ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun

RotterdamgoOrkestra Filarmonikoa



Zuzendaria: Lahav Shani. Biolontxeloa: Pablo Ferrandez. Egitaraua: D. Xostakovitxen Biolontxelorako 1. kontzertua eta P. I. Txaikovskiren 6. sinfonia, Patetikoa. Lekua: Kursaal auditoriuma. Eguna: Abuztuak 3.

Ostegunekoa irekiera handia izan zen. Musika Hamabostaldiaren 84. edizioak Donostia hartu zuen doako hainbat kontzerturekin. Kursaalean, Rotterdamgo Orkestra Filarmonikoak amaiera bikaina eman zion egunari, Lahav Shani zuzendariaren gidaritza samur, zehatz eta dotorea erdigunean. Programak, musika errusiarraz osatutakoak, emozioz eta asalduraz beteriko uneak eskaini zizkigun. Izan ere, erregimen sobietarrak zein aurreiritzi sozialek eragindako estualdian sortuak izan ziren bi obrak, moral gogorren ondorioak jasan zituztenen musika-ondarea, gozamen bihurtuta.

Pablo Ferrandez biolontxelo jotzailea izan zen protagonista lehen zatian, Hamabostaldian debuta eginez, duela hiru urte Euskadiko Orkestrarekin batera interpretatu zuen pieza korapilatsuan maisu. Dmitri Xostakovitxen Biolontxelorako 1. kontzertua ezaguna da, hain zuzen ere, biolontxelorako errepertorioaren partitura goren gisa: Rostropovitxentzat idatzita, benetako birtuosismoa behar da behar bezala ebazteko. Sobera du hori Ferrandezek, Allegretto-an tronpa bikainen sostenguarekin, eta Moderato-aren fraseatze leunean, pianissimo ziurrean, zein Allegro con moto-aren erritmoan orkestrako harien kolore ederraz lagunduta. Cadenza-n biltzen dira, baina, gorputza eta gogamena urratzen dituzten hari bikoitzak, dinamikak eta zorroztasunak, Ferrandezek sakontasunez jorratu zituenak.

Piotr Illich Txaikovskik zituen tasun bikainen artean, Patetikoa deritzon seigarren sinfonian bi azaleratzen dira modu nabarmenean: melodiak garatzekoa eta orkestratik koloreak ateratzekoa. Bien baturaren emaitza da askotariko emozioak azaleratzea: itxaropena, gatazka, garaipenaren ilusioa eta, azkenik, etsipena. Allegro con grazia dantzan Shaniren keinua beti doi eta norabidez, 5/8 konpas saltarian eroso. Allegro molto vivace-a orkestraren une gorenetarikoa izan zen, etengabe haziz doan mugimendu bizia. Sekzio guztiak distiratsu agertu ziren, tinbreen oreka sotilean, eta Finale-aren samindura baino lehen publikotik txalo sutsuak piztu zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.