Populazioaren zahartzea (I). Bilakaera demografikoa.

Adineko gizarteari, forma

30 urteren buruan, Euskal Herriko gizartearen egitura demografikoa nabarmen aldatuko da. 65 urte baino gehiago dutenen kopurua hazi egingo da. Adituek nabarmendu dutenez, lehentasunak ezarri behar dira horrek eragingo dituen aldaketei aurre egiteko.

Adineko gizarteari, forma.
Jon Rejado.
Gasteiz
2019ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Adineko izateko muga 65 urtean dago. Bada, datozen hamarkadetan nabarmen igoko dira muga hori gaindituko duten Euskal Herriko biztanleak. Eta gorakada hori populazioaren hazkundea bera baino handiagoa izango da. Horren eskutik, beraz, gizartearen batez besteko adina igoko da. Bilakaera demografiko hori, berez, «ez da ez ona, ezta txarra ere», Marta Luxan demografoak azaldu duenez. Demografiak etorkizuneko egoerak aurreikusteko balio duela nabarmendu du, eta horiek «erabaki politikoen bidez» kudeatu behar direla. «Etorkizunera begira zehaztu behar da zeri ematen diogun garrantzia, gizartearen lehentasunen arabera».

Abiapuntu gisa, Luxanek zahartze demografikoa kontzeptuaren nondik norakoak zehaztu ditu. XIX. mendean Frantzian asmatutako ideia dela argitu du: «Pentsatzen zuten gizarte batean adineko asko daudenean dekadentzia hasten dela, baina ez du ematen hori gertatzen ari denik». Unai Martin Roncerok, EHUko Osasunaren Gizarte-Baldintzatzaile eta Aldaketa Demografikoari Buruzko Ikerketa Taldeko kideak, esplikatu du zahartze horretan hilkortasunaren beherakadak izan duela eragin handiena: pertsonak luzeago bizi dira, eta bizitzaren kalitatea bera hobetu egin da. «Adinaren ideia berriz definituko da; gaur adineko pertsonatzat duguna are gehiago aldatuko da».



Hori guztia azken hamarkadetako egitura demografiarekin uztartuko dela azaldu du Luxanek. Gaineratu du testuinguru horretan zenbait egoera aurreikus daitezkeela, 30 edo 40 urte inguruko epera. Batetik, baby boom delakoaren garaian jaio ziren horiek 65 urteko muga gaindituko dute. Eustaten iragarpenen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 2.186.200 milioi pertsona biziko dira 2031n, eta %28,2k 65 urte baino gehiago izango dituzte; 2018an, biztanleen %22 zeuden adinekoen taldean. Horrez gain, Luxanek azaldu du jaiotza tasa mantendu edo apur bat jaits litekeela. Azken datu horri «drama» kutsua kendu dio: «Guraso izateko adinean daudenak gero eta gutxiago dira: datuak espero izatekoak dira; beste batzuk balira, asaldatuko ginateke».

Eredu ekonomikoak sortua

Antzera mintzatu da Imanol Esnaola Gaindegiko koordinatzailea, jaiotza tasaren harira. «Ume gutxi bai, baina Mendebaldeko ekonomien pare gabiltza». Aldiz, baby boom garaiko jaiotza tasa «ezohikoa» dela nabarmendu du: «Euskal gizarteak oso zaila du pentsatzea ehuneko ehunean ordezkatuko duela belaunaldi hura». Horren harira, Esnaolak argitu du etorkizuneko bilakaera demografikoa oso lotuta dagoela iraganean izandakoarekin. Egungo egitura demografikoa ulertzeko, Euskal Herrian bi faktorek eragin zuten 1960ko eta 1970eko hamarkadetan: Marshall planak sustatutako baby boom delakoak, eta Euskal Herriak hartu zuen migrazio korronte handiak.

Esnaolak zehaztu du orduko hazkunde demografikoa estrategia ekonomiko bati lotuta egon zela. Horrek, besteak beste, biztanleriaren mugimendu handiak eragin zituen: hirietara mugitu ziren, hasieran, eta kostaldera, gero. Eta, era berean, horrek «lurralde desoreka nabarmena» ekarri zuen. Desoreka hori gaur egun ere «pairatzen» dela nabarmendu du Esnaolak: «Landa eremuko lurralde asko husten ari dira, eta zahartzeak hutsik utziko ditu udalerri asko, bailara asko». Are, azaldu du hirietan ere «segregazioa» gerta litekeela; Gasteizko auzo berriak jarri ditu adibide gisa: «Jende gaztea bertara lekualdatu da». Demografiaz bainoago «metabolismo demografikoez» hitz egin behar dela gaineratu du. «Egungo egiturak ez du aukera ematen komunitate bakoitza bere kabuz biziberritzeko».

Euskal Herri barruan, ordea, errealitate ezberdinak daude, azken hamarkadetan abiarazitako politiken ondorioz. Ipar Euskal Herriko barnealdeak Hegoaldekoak baino jaiotza tasa altuagoa du. Esnaolaren arabera, Iparraldeko erregimen ekonomikoa Europako iparraldekotik gertuago dago: zaintza ardura komunitatearen interesekoa den heinean, administrazioaren babes indartsuagoa du. Hegoaldea eredu latindarretik gertuago dago: babesa familiaren eta lagunartearen esku geratzen da, eta estatuaren babesa txikiagoa da. Baina, oro har, Euskal Herriko landaguneek gazte gutxi atxikitzen dituzte.

«Herri xedez» pentsatu

Gizartea zahartzeak aldaketak ekarriko dituela iragarri dute aditu guztiek. Are, ohartarazi dute aldaketak orain arteko eredu ekonomikoak zehaztutako bidean gertatuko direla, ezer egin ezean. «Zama historiko bat gainditu behar dugu gure kabuz: demografia normalizatzera heldu behar dugu», gogoetatu du Esnaolak. Horretarako, hiru ardatzetan jarri du arreta: adinekoen ongizatea bermatzea; eredu ekonomiko iraunkor bat sortzea —erreparatuz ingurumenari, demografiari...—; eta lurralde oreka lortzea. Hiru ardatz horiek «herri xedez» pentsatu behar direla gaineratu du. «Gerraren osteko hamarkadetan ez genuen herri moduan gure bilakaera demografikoan eragiterik izan, baina orain ezin dugu huts egin».

Etorkizuneko gizarte egituren aldaketek hainbat eztabaida suspertuko dituztela uste du Marta Luxanek. Zahar izatea eta zahartzea zer den ulertzeko moduari heldu beharko litzaiokeela azaldu du: «Duela lau hamarkada 65 urte izatea gauza bat zen; gaur egun, beste bat; eta lau hamarkada barru ere aldatuko da». Horrekin lotuta, nabarmendu du egungo gizartea «ulertezina» litzatekeela adinekoen lana kontuan hartu gabe: bere gain hartzen duten zaintza; senideei ematen dieten sostengua; gizarte mugimenduetan duten parte hartzea...

Administrazio publikoen erantzukizunak ere nabarmendu dituzte adituek. Luxanek mahai gainean jarri ditu pentsioen gaia, eskaintzen dituzten zerbitzu publikoak, edota etxebizitza politikak, besteak beste. Horiek «erabaki politikoak» direla azpimarratu du, eta gaineratu du adin egiturak ez dituela horiek baldintzatzen. «Gizartearen lehentasunetan pentsatuz hartu behar diren erabakiak dira».

Luxanek zaintzan ere jarri ditu begiak etorkizunerako erronkez gogoeta egitean. Auziak hainbat ardatz dituela adierazi du. Administrazio publikoek eskaintzen dituzten zerbitzuez gain, gaiari «komunitate» gisa heltzeko garrantzia nabarmendu du. «Ezin da ahaztu estatuaren erantzukizuna, baina ez du ematen bizitza erdigunean jarriko duenik». Komunitatetik eragiteko moduez mintzatu da, bai eta jadanik martxan dauden zenbait proiektuz ere: etxebizitza komunitarioena, kasurako. Horrez gain, zaintza ardatz izanda, lan merkatuan jarri ditu begiak. Adituak bat datoz zaintzaileen sektoreak gora egingo duela, baina Luxanek gogoratu du lan baldintzak «oso eskasak» direla: «Batzuk esklabotza baldintzetan bizi dira; eztabaida hori oso lotuta dago populazioaren bilakaerarekin».

Imanol Esnaolak, besteak beste, udal politiken garrantzia nabarmendu du, udalerrien tokiko iraunkortasuna zaintzeko. Horrekin lotutako proiektu bat lantzen ari da Gaindegia: Udalbizi. Hain justu, uste dute tokiko iraunkortasuna komunitate iraunkorragoak egiteko bidea dela. «Euskal Herriak bide hori hartu behar du, lurralde oreka eta horren gaineko kontrol eraginkorra izatera iritsi nahi badu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.