Ernairen 10. urteurrena

Belaunaldi gazteak euskararen aldeko borrokara batzeko bideak

Ernaik gonbidatuta, euskararen auziaz aritu dira Idurre Eskisabel eta Maialen Arteaga. Kezka azaldu dute hizkuntzaren egoeragatik

Idurre Eskisabel eta Maialen Arteaga, atzo, Leioan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
gotzon hermosilla
Leioa
2023ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Hamargarren urteurrenaren harira, hainbat ekitaldi antolatu ditu Ernaik han-hemenka: hitzaldiak, bertso bazkariak, musika emanaldiak, ekitaldi politikoak eta abar. EHUren Leioako campusean (Bizkaia) mahai inguru bat egin zuten atzo, Euskara Herria: oraina, etorkizuna eta erronkak izenburupean. Bi emakume aritu ziren hizlari: Maialen Arteaga Gazte Euskaltzaleen Sareko kidea eta Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia. Biak dira euskaltzaleak, biak dira feministak, biek lan egin dute komunikazioaren arloan, baina nork bere talaiatik begiratzen dio hizkuntzaren aferari, belaunaldi desberdinetakoak izaki.

Euskararen egoerari dagokionez, Eskisabelek uste du aspaldiko partez «adostasuna» dagoela euskalgintzan diagnosiaren inguruan: «Egoera kritikoan gaude. Duela gutxi, Jon Sarasuak elkarrizketa batean adierazi zuen euskara 'minbiziak jota' dagoela. Iñaki Iurrebaso soziolinguistaren ikerketa batek erakutsi du euskarak ez duela erreprodukziorako adina masa kritikorik. Eta Kontseilua ere ez dago diagnostiko horietatik urrun».

Eskisabelen ustez, bi arrazoi nagusi daude ikuspegi ezkor horretarako: «Alde batetik, aurreikuspenak ez dira betetzen ari. Batzuek uste zuten hezkuntzaren bidez belaunaldi berriak euskalduntzea lortuko zela eta horrek erabileran eragina izango zuela. Errealitateak erakutsi du hori ez dela horrela. Eta, beste aldetik, egoera etengabe aldatzen ari da, eta orain aldaketak gero eta bizkorragoak dira». Horren ondorioa etsigarri samarra da: «Ez dut uste euskara galtzeko arriskurik dagoenik. Baina hizkuntza bizi moduan iritsiko al da XXII. mendera? Nik zalantzak ditut».

Arteaga bat dator horrekin, haren ikuspegia desberdina bada ere: «Gure belaunaldiarentzat euskararen kontrako zapalkuntza ez da hain agerikoa, gure gurasoek ezagutu zutenarekin alderatuta. Askotan esan digute zorionekoak garela, baditugulako garai batean ez zeuden zenbait tresna eta erraztasun. Baina errealitatea da gaur egun gazteok ezin garela euskaraz bizi inon».

Arteagak dioenez, «geldialdian» dago euskara gaur egun. Eta, haren iritziz, hori ez da «aukera bat»: «Ezin gaitezke kontsolatu txarrera ez goazelako. Aurrera ez bagoaz, atzera goaz».

Orain arte, euskararen aldeko diskurtso askok konpromiso pertsonala nabarmendu dute. Arteagaren ustez, hori ondo dago, baina ezin da ahaztu hizkuntzarena «auzi politikoa» ere badela: «Motxilaren zama guztia ezin da norbanakoen bizkar utzi, horrek estres linguistikoa areagotzea baino ez dakarrelako. Herri oso baten bultzada behar da».

Politizazioaren beharra

Euskara despolitizatzeko aldarrien aurrean, Arteagak zein Eskisabelek politizazioaren beharra nabarmendu dute: hau da, hizkuntzarena «egiturazko auzi bat» dela onartzea, «hizkuntzak botere harremanek zeharkatuta egoten direlako». «Hizkuntza gatazka bat dagoela onartzeak ez du zertan negatiboa izan», zehaztu du Eskisabelek. «Gakoa da gatazkari zer irtenbide ematen zaion».

Eta borroka horretan zein izan daiteke belaunaldi gazteen ekarpena? Arteaga: «Askotan esaten da gazteok garela euskararen biziraupenaren bermea, baina zama hori ezin da utzi gazteen bizkar. Gazte euskaltzale gehiago behar ditugu, euskararen aldeko militante gehiago, baina euskararen aldeko herri estrategia oso bat behar dugu: helduleku berriak, diskurtso berriak, erreferentzia berriak, euskaraz arituko diren pantaila gehiago, Irati gehiago behar ditugu».

Estrategia euskaltzale horretan «gazteen ikuspegia txertatzea» beharrezkotzat jotzen du Arteagak. Eta estrategia hori garatzean, aliantzak ezinbestekoak direla uste du: «Aliantzak feminismoarekin, hortik zer ikasi badagoelako; aliantzak etorkinekin, euskara harrera hizkuntza izan dadin, eta abar».

Eskisabelek gogorarazi duenez, inertziak erdaren alde jotzen du. Erdara erabiltzea da errazena, eta horren ordez euskaraz egitea, aldiz, «etengabe berritzen den hautu kontziente bat», askotan «nekagarria» ere izaten dena. «Orduan, zergatik egin esfortzu hori? Erantzunak askotarikoak izan daitezke, eta kontakizun hori poliedrikoa izatea komenigarria da». Eskisabelen iritziz, horretan datza, hain zuzen ere, belaunaldi gazteek egin beharreko ekarpenetako bat: haien ikuspegi propiotik «zoru diskurtsibo berri hori» lantzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.