Noiz sortua: 2019-04-18 00:30:00

Populazioaren zahartzea (III). Erakunde publikoen erronkak.

Ongizate gizartearen zutabeak egokitzeko

Etorkizuneko gizartearen beharrei erantzuteko erronka dute administrazioek. Adituek ondorioztatu dute zenbait ardatzetan lanean hasteko premia dagoela, sistemaren iraunkortasuna eta kalitatea bermatu ahal izateko: osasungintzan, gizarte zerbitzuetan, pentsioetan...
<b>Pentsioen borroka.</b> Milaka pertsona atera dira kalera pentsio publiko eta duinak eskatzeko.
Pentsioen borroka. Milaka pertsona atera dira kalera pentsio publiko eta duinak eskatzeko. ARITZ LOIOLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Jon Rejado -

2019ko apirilak 18
Nabarmen aldatuko da egitura demografikoa datozen hamarkadetan. 65 urteko atalasea gaindituko duten pertsonen kopurua asko handituko da, eta ez da hein berean gertatuko beste adin tarteetan. Aldaketa horiek egun ez dauden beharrak sortuko dituzte gizartean; are, adituek iragarri dute aurki nabaritzen hasiko direla. Egoera hori erronka bat da administrazio publikoentzat. Gizartearen ongizatea bermatzea helburu duten zerbitzuak egokitu beharko dituzte: pentsio publikoak, osasungintza, gizarte zerbitzuak, etxebizitza...

Gaur egungo sistema publikoa prestatuta dago adineko pertsona gehiago izango dituen gizarte baten beharrei erantzuteko? Zer aldaketa beharko dira? Nola finantzatuko dira? Galdera horien gainean hausnartu dute hiru adituk. Mikel de la Fuente Zuzenbidean doktorea da, eta EHUko irakasle erretiratua; Begoña Perez Eransus Nafarroako Unibertsitate Publikoko Soziologia eta Gizarte Langintzako irakaslea da; Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu ohia da, eta SI Health aholkularitzako zuzendaria. Denak bat datoz abiapuntuan: erabakiek sistemari eragin beharko diote, alor guztiak elkarri lotuta baitaude.

OSASUNGINTZA

Jaurlaritzan sailburu izan zenean, Bengoak arreta berezia jarri zuen gaixotasun kronikoetan. Egun, ideia hori berretsi du. Nabarmendu du hiru hamarkada barru 80 urtetik gorako biztanle kopurua handituko dela, eta bakoitzak eritasun kroniko bat baino gehiago izango duela: «Egungo sisteman, egoera ez litzateke bideragarria izango». Osasungintzaren antolaketari dagokionez, Bengoak uste du gaixo asko ez daudela egon behar duten lekuan. «Osasun arreta jaso duten asko ospitaleetan geratzen dira, behar duten lekura joan gabe: etxea, egoitzak... Etorkizunean zerbitzu berriak asmatu beharko dira».

Horren harira, etorkizunean osasungintza eta gizarte zerbitzuak bateratu beharko direla ondorioztatu du, eta aurrekontu bakarra izan beharko dutela. Eskumenen gaineko gogoeta ekar dezake horrek. Edonola ere, gaineratu du munduko hainbat herrialdetan bide horretan ari direla. «Aurreikuspen handiarekin jokatu beharko dugu; pertsona bat ospitaleratzean, haren irteera nola kudeatuko dugun zehaztera jo behar da». Aldaketa horiek guztiak beharrezkoak izango dira sistema ekonomikoki «iraunkorra» izan dadin, Bengoaren iritziz. «Inbertsioen %30-40 galtzen ari gara osasungintza eta gizarte zerbitzuak elkarlanean ez aritzeagatik». Are, gaineratu du osasungintzan jarduera batzuk aldatu beharko direla, aurrezteko. Bengoaren ustez, erabaki asko hartzen dira arrazoi historikoengatik. «Gakoa ez da diru gehiago bideratzea, dagoen hori hobeto kudeatzea baizik, behar berriei erantzuteko».

GIZARTE ZERBITZUAK

Egungo gizarte zerbitzuak ez daude prest gizarte zahartu baten beharrei erantzuteko, Begoña Perez Eransusen ustez. 1970eko eta 1980ko hamarkadan sortutako sarea da, orduko moldeetara egokitua: batetik, gizon gehienek enplegu bat zuten; bestetik, «familia zaintzailea» mantentzen zen. «Emakumeak arduratzen ziren zaintzaz; askotan, hirira migratzean, landa eremuan zuten lana galduta». Estruktura horietatik at geratzen ziren sektoreentzat bideratuta zeuden, bada, gizarte zerbitzuak. Baina Perezek azaldu du egun egitura horiek aldatu egin direla: «Garai bateko moldeen arabera egoera normalizatu batean egongo liratekeenei ere eman behar diete arreta orain gizarte zerbitzuek». Are, mendekotasunen arta ere handitu da. Zerbitzu publiko horiek gutxiengo batentzat pentsatuta zeudenez, ordea, ez daude prest egungo eskariei erantzuteko. Dena den, «ahal duten moduan» zerbitzu ona ematen dutela uste du.

Etorkizunera begira, galdera bati erantzun behar zaiola esan du Perezek: egungo egoera sozioekonomikoa egonkortuko da? Zantzuek hori iragartzen dutela ondorioztatu du, eta uste du horrek izango lituzkeen ondorioak antzematen hasi direla. «Sektore guztiek eman beharko dute pausoa: gizarte zerbitzuek, osasungintzak, hezkuntzak, enplegu politikek...». Gaineratu du testuinguru horretan gizarte zerbitzuen paradigma aldatu beharko litzatekeela. «Jendearen ongizatea bermatu beharko da: bakoitzaren beharrak, zaintza barne».

Esan du hori finantzatzeko zerga sisteman jarri behar dela arreta, eta belaunaldien arteko elkartasunean. «Jendeari esan ohi diot kontuak egiteko: jasotzen ditugun doako zerbitzu publikoek zenbat balioko luketen merkatuan».

PENTSIOAK

Pentsioen gaiari heltzeko, egungo egoeran jarri ditu begiak Mikel de la Fuentek. Krisian, oro har, kualifikatu gabeko langileen soldatak jaitsi dira gehien. «Soldata ereduan aldaketa gertatu dela ematen du, eta sistemaren dinamika horrek irautera jo du». Testuinguru horretan, zenbait erabaki politiko hartu dituzte: erretiroaren adina atzeratzea, pentsio osoa jasotzeko kotizazio urteak handitzea... De la Fuentek azaldu du horrek pentsioen gastu publikoaren jaitsiera eragingo duela etorkizunean. Adierazi duenez, horren ondorioz, ezer aldatu ezean pentsio publikoen ordezkatze tasa jaitsi egingo da; Europako Batasunen iragarpenek hori diote. Jaitsiera hori «erreala» dela argitu du De la Fuentek, inflazioaren bilakaera kontuan hartu gabe. 2013tik 2030era 18,4 puntu urrituko litzateke: 1.000 euroko soldata egonkor baten pentsioa 2013an 790 euro zen, eta 2030ean 606 eurora jaitsiko litzateke. Horri gehitu behar zaio iraunkortasun faktorea. Espainiako Gobernuak 2023ra arte indargabetu du, baina, ezarriz gero, pentsioen zenbatekoa bizirik irautearekin lotuko luke. «Biziaren iraupenak gorantz jarraituko du, moteldu arren, eta horrek pentsioak jaits ditzake».

Etorkizunerako iragarpenak egiteko demografiari erreparatu behar zaiola adierazi du Mikel de la Fuentek. Gogora ekarri du biziaren iraupena ez dela homogeneoa. Maila sozioekonomikoak eragiten du: zenbat eta handiagoa, orduan eta biziaren iraupen handiagoa. Zehaztu du, halaber, biziaren iraupena luzatzeak ez duela esan nahi osasun onari eutsiko zaionik. Horretan ere maila sozioekonomikoaren araberako aldeak daudela zehaztu du, baita generoaren araberakoak ere. Beraz, egungo politiketan jarraituta, bereziki sektore batzuei egingo die kalte: maila sozioekonomiko apalak, eta andreak.

Europako Batasunak mahai gainean jarritako konponbideek ez dute egoera hobetuko, De la Fuenteren iritziz. Batetik, erretiro adina atzeratzea proposatu da, eta, bestetik, pentsio pribatuen alde egitea. Lehen neurria «desastrea» litzateke: bereziki eragingo lieke lanean behin-behinekotasun handiena izan duten herritarrei, eta horien artean emakumezkoen pisua nabarmendu du. Pentsio pribatuen aldeko apustua ere ez dela «erreala» uste du.

Etorkizunera begira, azken urteetako erabaki politikoak bertan behera uzteaz gain, zenbait neurri proposatu ditu pentsioen sistema bideragarria izan dadin. Lehenik eta behin, nabarmendu du diru sarrerak handitu beharko direla. Esan du horretarako soldatak hobetu behar direla, indarrean dagoen sistema soldaten gaineko kotizazioetan oinarritzen baita. «Ezin da egon pentsio duinik lana kalitate txarrekoa bada». Kotizazioen topeak handitzea ere proposatu du; horri esker, egun kotizazioetatik at geratzen diren soldatetara heldu ahal izango litzateke. Horrekin batera, pentsioen topea ere igotzearen alde egin du. Pentsioen topearen igoera, ordea, kotizazio oinarrien igoera baino txikiagoa izatea proposatu du. De la Fuentek gogora ekarri du maila ekonomiko handiagoko pertsonak luzeago bizi direla, eta, beraz, denbora luzeagoan jasoko dutela pentsioa. Azkenik, zehaztu du enpresen gizarte segurantzarako kotizazio tipoak edo oinarriak ere handitu daitezkeela, behar izanez gero.

ENPLEGU POLITIKA AKTIBOA

Hiru adituek enpleguan jarri dituzte begiak, aurretik hitz egindakoaren harira. Begoña Perezek eta Rafael Bengoak nabarmendu dute etorkizunean aurreikus daitezkeen beharrak «aukera» bat direla kalitatezko enplegua lortzeko. «Gerren osteko epean, osasungintza eta hezkuntza publikoan enplegua sustatu zen, eta hori ekonomiari ekarpena egiteko modu garrantzitsua izan zen», gogorarazi du Perezek. Gaineratu du gizarte zerbitzuetan lan eskari handia egongo dela. Gaur egun, enplegu hori oso feminizatuta dago, eta behin-behinekotasuna handia da. Bada, sektore horretan enplegua sortzeko eta lan baldintza duinak ezartzeko aukera dagoela nabarmendu du.

Gizarte zerbitzuetan sortuko diren lanpostu horiek publikoak izan behar duten ez dute argi Bengoak eta Perezek. «Garrantzitsuena da kalitatezko zerbitzua eskaintzea», ondorioztatu du Bengoak. Perezek gaineratu du kalitatezko lan baldintzak bermatu beharko direla negoziazio kolektiboaren bidez, besteak beste.

ETXEBIZITZA

Perezek ongizatearen ardatzen artean jarri du etxebizitza. Gaineratu du gizarte zerbitzuetara bideratutako aurrekontuaren zati handi bat behar hori asetzeko bideratzen dela. «Europako beste herrialde batzuetan gizarte zerbitzuetara jo beharko ez luketen kasuak heltzen zaizkigu guri, Europako herrialde horietan etxebizitza ez delako hemen bezain garestia». Perezek uste du administrazioak ardatz horretan ere eragin beharko lukeela, etorkizunean gerta daitezkeen babesgabetasun egoerak prebenitzeko.

Bengoak beste dimentsio batetik heldu dio gaiari, etxebizitzarako eskubidea bermatzeko beharrean sartu gabe. Sailburu ohiaren ustez, etxebizitza izango da mendekotasuna duten pertsonei arreta emateko espazioa. Argitu du dagoeneko ildo horretan lanean ari dela administrazioa. Hala ere, nabarmendu du beste alor bat hartu beharko dela kontuan: bakardadea. «Izurrite bat da egun, eta zuzenean eragiten dio pertsonen osasunari».

Albiste gehiago

Martxoaren 30ean eguneratua, 14:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 8.225 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda, administrazioen arabera. 400 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 1.807 pertsonari eman diete alta. Grafikoak, albiste barruan.

Lantegiak itxita, Basaurin. ©Marisol Ramirez / Foku

Kutsatzeko kezka dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleen bi herenek

Berria

Espainiako Gobernuak atzo onartutako dekretua indarrean da, eta funtsezkoak ez diren jardueretan aritzen diren langileek etxean geratu beharko dute gaurtik aurrera. Urkullu ez dator bat neurri horrekin, ezta patronala ere. Txibitek, Europara begira, Sanchez babestu du, eta onartu du egoera «oso konplexua» dela, baina hobe litzatekeela jarduera ekonomikoa ez geratzea eta erabaki hori malgutzea.

Sidenor enpresako langileak jarduera eteteko eskatzen, aurreko astean. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Jaurlaritzak letra txikiari heldu nahi dio gutxieneko jarduera bati eusteko

Xabier Martin

Madrilen azalpen gehiagoren zain dago, baimena nahi duelako enpresei isunik jar ez diezaieten

Ospitale bateko larrialdietako sarrera ©Jon Urbe / Foku

Koronabirusa zuten 400 pertsona hil dira Euskal Herrian, eta 8.225 pertsona kutsatu

Irati Urdalleta Lete

50 pertsona hil dira atzotik, eta 452 pertsona gehiagori atzeman diete birusa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna