Populazioaren zahartzea (IV). Mendekoen zaintza (I).

Sendotasuna falta du

Ezinbestean ekarri ohi du zahartzeak galera: fisikoa eta kognitiboa. Ondorioz, mendekotasunak agertzen dira sarritan bizitzaren azken aroan. Mendekoen zaintza, maiz, familien gain geratzen da, bai eta aski lan baldintza kaskarrak dituen lan sektore batean ere: etxeko langileena.

Mendekoak. Adineko emakumeak, aulki gurpildunetan, EHUrekin egindako egitasmo batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
arantxa iraola
2019ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Zahardadeak kalteberatasuna dakar, etamendekotasun gero eta larriagoak katigatzen dituzte sarritan adineko pertsonek. Badira baliabideak haiei arta emateko. Etxean bakarrik bizi diren pertsonei laguntza eskatzeko jartzen zaizkien gailuak daude oinarrian; zaintzara zuzenduriko laguntzak eta egoitzak, erpinean. Instituzioak eraikitzen ari dira zaintzara zuzenduriko egitura bat, baina ahulegia da oraindik. SIIS ikerketa zentroko ikertzaile Joseba Zalakainek argi du: «Familia da, oraindik ere, zaintzaile nagusia». Matia Institutuko ikertzaile Mayte Sanchok ere hor ikusten du xede nagusietako bat. «Benetako erronka da familiak zaintzea; bereziki, zaintzen duten emazte eta alaba horiek: ito ez daitezen». Horiek horrela, zaintza zerbitzuen orokortzea eta profesionalizazioa gero eta ozenago eskatzen ari dira mendekoen familiak. Gipuzkoako alzheimerdunen eta haien senideen elkartea da Afagi, eta hango ordezkaria da Koldo Aulestia. «Trebakuntza falta dago», onartu du. «Zer da zaintza? Horri erantzun behar zaio aurrena: hauskortasun bidean hasia den adineko pertsona baten zaintza zer da? Bada, ahal den denbora gehienean haren autonomia mantentzea, eta zaintzeko erabiltzen diren tresnek hortik joan behar dute: ezin dugu pentsatu edadeko pertsona bat zaintzea denik hura goiz osoan telebista aurrean izatea». Halako egoerak, ordea, usu ikusten dituztela adierazi du.

Mendekotasun Legeari atxikita Espainian 2006an onartu zuten— aldaketak izan dira urteotan. Maizen hautatzen den bidea izaten da mendeko pertsonak diru kopuru bat jasotzea hilero —gehienez ere, 521 euro da— etxean behar dituen zaintzetarako; horretarako, etxekoren batek hartu behar izaten du zaintzaile nagusiaren rola. EAEn, esaterako, laguntzen %43,5 tankera horretakoak dira. Urriagoak dira —%8 inguru— propio zaintzarako pertsona bat kontratatzeko laguntzak: gehienez ere, 833 eurokoak. Laguntza horiek ematen, aitzindaria izan da Gipuzkoako Diputazioa. Bide urratzailea izan da langile horiei, propio, alorrean jarduteko trebakuntza eskatzen ere. Administrazio gehiagok ere sustatugura dute laguntza mota hori: horretarako asmoa azaldu du berriki, adibidez, Nafarroako Gobernuak. Horrela, egun ezkutuan dauden 2.700 lanpostu lan merkatu arautura eramatea nahi du. Horiez gain, etxez etxeko laguntzaileak ere badira; udalen bidez jarduten dute horiek, ordu bakan batzuetako arreta ematen.

Etxeko langileetara jotzen dute usu familiek zaintzan laguntzeko, eta langileen lan baldintzen kaskartasuna oztopo handia da bidean. Izan ere, aparteko lan erregimen bat dute, oinarrizko hainbat eskubide ere aintzatesten ez dituena. Ipar Euskal Herrian ere, sindikatuek salatu izan dute haien egoera «prekarioa». Frantziako legeriak ez die ezartzen aparteko erregimenik, baina hainbat kontratazio bide badira, eta guztietan zer hobetua bada. Etxeko langileen eskubideen alde dihardutenek, ordea, alde onak ere ikusi dituzte Frantziako legerian: izan ere, etxeko langileen kontratu batekin, zaintza konpartitua egin daiteke, eta onuragarritzat dute jokatzeko era hori.

ELE Etxeko Langileen Elkartearen azken datuen arabera, etxeko langileen %95 zaintza lanetan ari ziren iaz; %97, andrazkoak ziren. Elkarteko kidea da Isabel Otxoa, eta langile horiei prestakuntza eskatzea egokia iruditzen zaio. «Zaintzen ere ikasi egin behar da; ez da berez dakigun zerbait». Bide hori, ordea, ezinbestean beharginen lan baldintzak hobetzearekin —«duintzearekin»— batera egin behar dela ohartarazi du. «Ados, langile horrek badaki diabetes bat kontrolatzen, edo bestelako egoera bati erantzuten, baina gero gutxieneko soldata du». Bidegabekeria hori biluztera egin behar dela uste du. Ezin da ahantzi, gainera, lan horiek usu paperik gabeko langileek hartzen dituztela, arauz kanpoko egoeretan. Adineko pertsonaren etxean bertan bizi dira sarri, lanaldi oso luzeetan. «Zenbait adineko pertsona etxean daude, etxeko langile batek gau eta egun zainduta; asteko zazpi egunetan. Eta hor ez dago inolako kontrolik», ohartarazi du. Ez da ezohiko hautu bat: «Paperik gabeko jendeak erraz lortzen du lana». Soldata oso apalak jasotzen dituzte. Iaz elkarteak egindako txostenaren arabera, era horretan lanean ari ziren beharginen artean ehunekorik handiena osatzen zuten 858tik beherako soldata jasotzen zutenek. Orotara, %15,6 ziren; paperik gabeen artean, berriz, %30.

Berrordainketa

Etxean bertan mendeko adinekoa zaintzeko hautua egiten dute familia askok, eta igaro krisi urteotan joera hori handitu egin dela diote adituek. Zahar etxeetako artarengatikpagatu behar izateak —itunpeko lekuak ere ez dira debalde; egoiliarrak pagatu egin behar du, betiere bere gaitasun ekonomikoaren arabera— horretan eragina duela esan du Zalakainek. «Zaharren egoitzetako berrordainketa ez da txikia», onartu du. «Eta galga da diru pixka bat daukazunean». Egonaldia luzatu daitekeela pentsatu, eta urteetan aurreztea lortutako dirua kolokan ikusten dute familia askok. «Progresibitatearen eta unibertsaltasunaren arteko dema dago hor». Egoitzen izaera asistentzialegia ere eragozpen da usu jendearentzat egoitzetarako urratsa egiteko. Iraganean izan zirenaren eta gerorako goldatzen ari den ereduaren artean daude egun zentro asko. «Ospitalearen, kuartelaren eta hotelaren» arteko ezaugarriak direla onartu du Zalakainek. Apurka zeren itxura hartu behar duten badaki: «Etxearena».

Bidea abian dela uste du: «Seguruenera, hemendik hamar urtera oso ezberdinak izango dira». Sanchok ere pentsatzen du zaintza sistema aldaketa «sakon» baten atarian dela. «Ezin dugu ahantzi zerbitzu sozial publikoak, oro har, gazteak direla gurean; Europako beste hainbat herrialdetako egoerarekin alderatuta, atzeratuagoak». Apurka, ordea, pertsona erdian jartzen duten zaintza ereduak nagusitzen ari direla adierazi du: «Indarra hartzen ari da pertsonengana hurbiltzeko hautua; osotasunetik, eta beren iritziak aintzat hartuta». Etxean zahartzeko hautua «erraztera» egin behar dela pentsatzen du.

Prebentzioa

«Prebentzioan» ere harago egin behar dela uste du. Horretan erakunderik gertukoenek —udalek— baliabide gehiago ipini behar dituztela uste du Zalakainek. «Izan ere, sarri beharrei ez zaie erantzuten premia oso handia den arte». Ezkutuan ere badira kasu larriak. Hurkoa fundazioak iragan otsailean hauskortasun egoeran dauden adinekoei buruzko ikerketa bat aurkeztu zuen, hainbat udalerritan galdezka ibili eta gero egindakoa.Fundazioko ordezkari Jose Luis Marañonek aurkeztu zuen. Azaldu zuenez, erroldak hartu, eta ate joka ibili ziren adinekoen etxeetan: zuzenean, erantzun zezaten. Eta isilik geratu ziren asko. «Susmatzen dut badaudela %5-edo erantzun ez duten arren, gaizki daudenak: beharrean daudenak». Horiengana heltzea ezinbestekoa dela ohartarazi dute: «Inork ez daki existitzen direnik ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.