Kataluniako hauteskundeak (I). Pandemiaren eragina.

Behartuta egitearen ezina

Behin betiko data jakinda ere, osasun krisi betean bozak egitearen beldurra ez da uxatu. Herritar askok uste dute ez dela horretarako garaia, eta hala erakusten dute bozkalekuak osatzeko zailtasunek ere.

Posta bidezko botoa. Zenbait lagun ilara egiten posta bidezko botoa eskatzeko, Bartzelonan. MARTA PEREZ / EFE.
Julen Aperribai.
Bartzelona
2021eko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Hauteskunde kanpaina hasi eta berehala argitu zuen Kataluniako Auzitegi Nagusiak orduan bozen inguruko galdera nagusia zena: zein egunetan izango ziren. Berretsi egin zuen aurrez Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzitakoa, eta hauteskundeen behin betiko data finkatuta geratu zen: bihar zortzi egingo dituzte. Hala, kanpainaurreko eztabaidagai nagusia bigarren plano batera igaro da kanpainan.

Kanpainaurrean kezka iturri zena kanpainan ere bada, ordea, eta berriz azaleratzen ari dira bozak pandemia betean egitearen albo kalteak. Auzitegiek deliberatutakoa herritarrekin praktikan jartzerakoan sortu dira arazoak.

Hauteskunde mahaiak osatzearena da nagusiena, une honetan. Otsailaren 14an bozkalekuetan egotera deituta dauden ia lautik batek eskatu du lan hori egin beharrik ez izatea. Guztira, 82.000 pertsonari esleitu diete eginbehar hori, eta 20.579 lagunek ardura horretaz salbuetsi ditzaten eskatu dute; gehiengo handi batek, kutsatzeko arriskua egon daitekeela argudiatuta. Bartzelonakoa da adibide garbiena: 8.000 lagunek baino gehiagok jarri diote helegitea izendapenari astebetean; denbora tarte berean, 200 bat helegite jaso izan dituzte hauteskunde batzordeek aurreko hauteskundeetan. Helegitea jaso ostean, batzordeek zazpi egun dituzte kexa aztertu eta horri erantzuteko, baina edozein kasutan, mahaien osaketan dituzten zuloak estali beharrean izango dira. Udalen ardura izango da hori nola egin erabakitzea. Bartzelonako hauteskunde batzordeko presidente Santiago Garciak aitortu zuen herenegun arazoak izan ditzaketela mahaietan, eta aurreratu zuen boluntario sare bat osatzeko aukera aztertzen ari direla, hutsuneei erantzuteko. Atzo baztertu egin zuen batzordeak aukera hori, eta, aldiz, iragarri zuen ordezko moduan mahaian egoteko izendatu dituztenekin beteko dituztela plazak. Bozkatzera lehenengo joaten direnak mahaian geratzea ere ari dira aztertzen zenbait udal, baina irtenbidea arazo bilaka daiteke, lehen orduetan adinekoek eta zaurgarrienek bozkatzea gomendatu baitu Generalitateak.

Halaber, mahaiak osatzeko modurik ez izatea aukera errealtzat ikusten dute hauteskunde batzorde batzuek. Kasu horretan, hurrengo asteartera atzeratuko litzateke bozketa puntu horietan.

Izan ere, kezkaz bizi du kataluniarren zati batek otsailaren 14an bozkalekuetara joan beharra, eta erresuminez, auzitegiek behartuta egin beharra. Bartzelonako Diagonal etorbidearen bi aldeetako zutoin ia guztietan ageri dira hautagaien afixak, baina joan-etorrian dabiltzan herritarren artean sentsazio kontrajarriak eragin dituzte hauteskundeek. «Benetan iraingarria» da bozak egitea Ana Sanchezentzat, «politika herritarren osasunaren gainetik jartzea esan nahi baitu». Ez du ukatu pilaketei beldurra dienik, eta, are, bozkatzera joateko muga izan daitekeela ere aitortu du: «Joaten banaiz, eguerdian joango naiz. Kutsatuei ordu jakin batean joatea gomendatu diete, baina uste dut ez dagoela modurik hori kontrolatzeko, eta ez dugula jakingo itxialdian daudenak bozkatzera joan diren edo ez».

Hain justu, herenegun jakinarazi zuen Hauteskunde Batzorde Zentralak COVID-19arekin kutsatutakoei botoa presentzialki ematea baimenduko dietela hauteskunde egunean. Ordubeteko tartea izango dute, 19:00etatik 20:00etara. Horretarako baimenik izan ez zezaten eskatu zuen Oriol Mitja epidemiologoak, eta erabilitako argudioen artean zegoen AEBetako hauteskundeetan izan zirela kutsatzeak bozkatzeko momentuan. Hauteskunde Batzorde Zentralak ez du aintzat hartu haren eskaria, ordea, uste baitu ez dela bere eskumenekoa «berrogeialdian dauden herritarrei sufragio eskubidea kentzea», eta, gainera, eskubide hori inongo herritarri mugatu ezinekoa dela defendatu du.

Kutsatuak eta kutsatugabeak bereizteko hartutako neurriek funtzionatuko ote duten duda du Victor Boluñak, eta uste du «momentu jakin batzuetan» pilaketak izango direla. Generalitatea lehenbailehen egituratzearen beharraz mintzatu da, baina, hala ere, ez dator bat bozen eguna mantentzearekin: «Uste dut ez dela hauteskundeetarako momentua. Osasun egoerari nahiz ekonomikoari begiratuta, ikus daiteke jendea gaizki ari dela pasatzen, eta nik, aukera banu, atzeratu egingo nituzke». Bozkatuko du, hala ere, nahiz eta hasieran ez zuen asmorik; posta bidez egingo du, ordea.

Kutsu politikoa erabakiari

Hartutako erabakia bezain mingarria da batzuentzat hartzeko modua eta horren arrazoia. «Epaitegi batek hartu du erabakia, eta ez herritarrok ordezkatzen gaituzten politikariek», salatu du Montse Batllek. «Kataluniaren inguruan hartzen diren erabaki guztietan bezala», honetan ere atzean «arrazoi politiko garbi bat» dagoela uste du: «Sozialistak ondo daudela». Bozkalekuetako joan-etorriak ez du gehiegi larritzen; pilaketak saihesteko neurriak hartu direla adierazi du, eta herritarrek zentzuz jokatuko dutela. «Bozkaleku itxi batera deituta nengoen ni, adibidez, baina aldatu egin didate, eta aire zabalean dagoen bozkaleku handi batean emango dut botoa».

Utzikeriaren eta Generalitatearen kudeaketa okerraren adierazle da auzitegiek Kataluniako Gobernuaren lege dekretua atzera bota izana Carlos Españarentzat. «Oso modu baldarrean atzeratu zituzten, eta egin zutena ez zegoen egiterik», nabarmendu du, eta Eusko Legebiltzarrerako eta Galiziako Parlamenturako hauteskundeen kasuekin alderatu du egoera: «Kasu horietan, beste modu batera egin ziren gauzak; modu txukunagoan».

Auzitegien erabakiari beharrean, hauteskunde deialdiari erreparatu dio izenik eman nahi ez duen herritar batek El Pais egunkarian kazetari jarduten duela adierazi du. «Zaila da justifikatzen hauteskundeak egitea, baina uste dut oinarrian beste kontu bat dagoela: Junts-en eta ERCren gaitasun eza; ez dira gauza izan lehenago hauteskundeak egiteko edo Generalitateko presidente bat izendatzeko, eta gogora ekarri behar dugu legealdi hau ez dagoela amaituta», azaldu du.«Diskurtso ofizialak dioenaren kontra», uste du Generalitateak «presidente bat izendatzeko izan duen ezinetik» eratorri dela hauteskundeen data, eta hori legalki aztertu besterik ez dutela egin auzitegiek. Hala ere, kezkaz bizi du hauteskunde batzordeek jasotako helegite kopurua ikusita, eta antzeko arazoak izan daitezkeelakoan dago. Parte hartzeak aurreikusten dioten bezalako jaitsierarik ez duela izango dio, dena dela: «Uste dut %60koa izango dela, gutxienez».

Posta bidezkoak, gora

Bozkalekuetan izan daitezkeen pilaketek sortu duten ezinegonaren erakusle da posta bidezko botoa emateko eskaeretan izan den gorakada ere. Atzo amaitu zenhorretarako tramitazioa egiteko epea, eta Correos posta konpainiak jakinarazi zuen 270.392 eskari jaso zituztela, artean epea zabalik zegoenean. Horrek esan nahi du %307 hazi dela modu horretanbozkatzea erabaki dutenen kopurua.

Epea are gehiago luzatzeko eskatu zuen, bestalde, Kataluniako Medikuen Elkargoak, ohar batean. Koronabirusaz kutsatuta daudenei nahiz itxialdia betetzen ari direnei bozkatzeko eskubidea bermatzeko tresna bat da posta bidezko botoa elkargoarentzat, eta, horregatik «salbuespenezko epe baten» barruan eskaerak bideratzea galdegin zuen.

Bihar: Junts per Catalunyako Elsa Artadiri elkarrizketa (II).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.