garbine ubeda goikoetxea
EGUZKI EPELEAN

Administrazioaz eta kudeaketaz

2020ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Batere sanoa ez den giroan bizi garela bagenekien, izurritea iritsi aurretik ere. Izan ere, zer ustelago, zeure lurraldean atzerritar, hizkuntza naturalean bazterreko, emakume gorputzean ezeroso, habitatean espezie kutsatzaile eta lanean beti kolokan sentitzea baino. Handietan handiena bota beharra dirudi horrela esanda, baina horiek eta latzagoak eragiten dizkigu halabeharrez sustengatzen dugun gizarteak.

Gu bezain galduta ikusten ditut politikariak, eta batez ere agintariak, arre esan baina iso eginez beti, legaltasun tranpati eta betiere inposatuak kezkatuago dituelako, bestelako politika egiten saiatzeak edo arazoari muinetik heltzeak baino; edo kudeaketa botere-partzela itxitan banatuta daukatelako eta azkenerako osotasunari erreparatzeko gauza ez direlako. Kultura sailak apenas dakien Hezkuntzaz, Hezkuntzak Ingurumenaz, Ingurumenak Osasunaz, Osasunak Industriaz, IndustriakKulturaz...

Gaur egun, administrazioan atea jotzea medikuarenera joatea bezalatsu da. Zehatz-mehatz esan behar non duzun min —ondoeza orokorra izanagatik ere—, beren terminologiara errendituko den gaitza aurkitzeko, eta horren araberako departamentura bideratzeko. Funtsean, oftalmologoarekin begiez mintza zaitezen, eta ez, demagun, eskuin oineko behatz lodiak egun euritsuetan ematen dizkizun lanez. Efizientzia helburu, hortaz. Baina zure minak sailkapen zurrunetik harago baldin badoaz, ezinbestean zeharkakoak eta askotarikoak baldin badira edota interkonektatuago baldin badaude—gehienetan uste baino zailago da Kultura eta Hezkuntza bereiztea, edota Hezkuntza eta Industria, edota Industria eta Kultura...—, leihatilaz leihatila alderrai ibiltzera eta bidean galtzera kondenatuta zaude, garai batean postara edo gizarte segurantzako bulegoetara joaten zinenean bezala.

Egun gorriak datozkigula gauza jakina da. Lanpostuak galduko direla, ekonomia are makurtuko dela, abuztuko oporraldia amaitu orduko. Ikusteko dago Europatiko diru-laguntzaren letra txikiek zertara behartuko gaituzten, zer misterio gordetzen duten (geure motzean susmatzen dugun arren); baina batik bat, irizpideak irizpide eta arauak arau, Barne Produktu Gordinari soilik emango zaion garrantzia ala osotasunari zentzuz erreparatzeko gai izango garen.

Ez gaitzala izurriteak itsutu, eta are gutxiago antzutu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.