Ezarian. 18. Korrika

Euskaraz, «edo ez da izanen»

Hamaika egunean zehar bildutako jendetza azken ekitaldian ere elkartu du 18. Korrikak; Amets Arzallusek irakurri du azken mezua«Herri hau euskaraz pentsatuko dugu, edo ez da izanen», esan du Arzallusek gutunean

Garikoitz Goikoetxea.
Baiona
2013ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Eta iritsi zen Baionara. Bete ziren udaletxeko plaza eta ingurukoak oro. Eta zabaldu zuten lekukoa. Eta irakurri zuten barruan zeukan mezua. Amets Arzallus. Ama hizkuntza. «Ez da lehenik ikasten den hura, ez da amaren magalean jaso genuen hura, ama hizkuntza da, enetzat, pentsatzeko baliatzen dugun hizkuntza». Pianoa. Eta malkoak. «Gure arrazoiak eta irudiak nola fabrikatzen ditugun han dago gure ama hizkuntza». Eta malko gehiago. Eta jendetza handia. «Herri hau euskaraz pentsatuko dugu, edo ez da izanen. Herri bat erditu nahi badugu, inork erditzekotan, ama hizkuntzak erdituko gaitu». 18. Korrika.

Andoaindik (Gipuzkoa) Baionara. 2.587 kilometro. Hamaika egun eta hamar gau. 236 ordu lasterka. Hasierako elur hotza; bukaerako eguzki beroa. Eman euskara elkarri leloa. Zaharrak eta gazteak. Gurasoak eta umeak. 18. Korrika bukatu da. Herenegun. Inoizko pluralena. Elkarri aurrez aurre begiratzeko gai ez direnak ere elkarren ondoan lasterka ipini dituena. Lekuko baten itzalean herriak oso-osorik bildu dituena. Amaitu da, baina ez du amaitu. «Oraindik ere Euskal Herriko biztanleriaren parte handi bat euskarara erakarri behar dugu». Jakes Bortairu AEK-ko kideak esana. Baionan, jendetzaren aurrean.

Euskarak erakarritakoak, ikasi dutenak, hartu dituzte gogoan aurtengo lasterraldian. Arzallusen mezuak ere bai. «Ikasten ari denak ematen dio irakasten ari denari zentzua. Irakasten ari denak ematen dio hiztun zaharrari norabide berri bat. Hiztun zaharrak eman behar dio ikasten ari denari eskua. Denok eman behar diogu elkarri euskara». Eskutik eskura igaro den lekukoaren irudia. Makila nola, hala euskara ere.

Herriz herri, auzoz auzo egin du lekua lekukoak. Bidezko tokia eskatzeko, bidea ireki dio euskarari. «Hizkuntzak egiten gaitu gu eta guk egiten dugu hizkuntza. Elkarren lekuko gara. Elkarri emanez bizi gara. Hizkuntzak guri eta guk hizkuntzari, arnasa eta izatea».

Eta posible da arnas horren hatsera batzea. Euskaldun bihurtzea. «Posible da, bizitzan zehar, euskara ama hizkuntza bilakatzea, euskaraz pentsatzen ikastea». Pauso hori eman dutenek aparteko tokia izan dute aurtengo lasterraldian. Euskara ikasita elkarbizitzari eman dioten bultzada eskertu nahi izan die Korrikak.

Eta ez dira gutxi: ehun bat mila bai, euskaldun berri esaten dietenetakoak. Euskarak azken urteetan irabazi dituen hiztunen herenak. Asko dira. Hala esan die Arzallusek: «Norbaitek esaten badizue zuek euskaldun berriak zaretela, edo euskara ez dela zuen ama hizkuntza, esaiozue zaharra izatea ez zaiola inori gustatzen, eta, bide batez, esaiozue, ama hizkuntza ez dela lehenik ikasten den hura, pentsamendua sortzen duen bakoitzaren hizkuntza baizik».

Karrika bete jende Korrikan

Karrika bete jende bildu du Korrikak egunez egun. Martin Ugalde Kultur Parketik abiatu zen hilaren 14an, euskalgintzan diharduten eragileen eskutik; azken kilometroak ere haiek egin zituzten Baionan — baita BERRIAk ere—. Tartean joan dira herritar ugari, eta agintariak. Haiei begira jarri zen Bortairu, Korrika adostasun gune dela gogora ekarrita. Lehen aldiz, bateko eta besteko, tradizio politiko guztietako alderdiak izan dira Korrikan, eta elkarren alboan jardun dute lasterka. «Euskal hiztunak sortzeko baldintzak jartzea eta indartzea tokatzen zaie: koadro legalak, baliabide ekonomikoak eta borondate irmoa».

Hautu kontua da, azkenean. Zerekin jo aurrera. Arzallus: «Herri hau ere euskaraz pentsatuko dugu, edo ez da izanen. Hautatzen diogun ama hizkuntzaren arabera dago gure herriaren geroa. Erdaraz mintzaraziko gaituztela? Badakigu hori. Herri honek pentsatu beharko du zerbait erdarari buruz, baina herri hau ezin da pentsatu erdaraz, herri hau euskaraz pentsatuko dugu, edo ez da izanen».

Korrikan bildutako irudirik onenak ikusteko, jo hona: www.berria.info
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.